Osakidetzak martxan jarriko ditu transendako lehen mailako arreta zerbitzuak

Zentroak abian jarri aintzinetik, transei arreta emateko osasun gida bat argitaratuko dute.

LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 31
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Transei «ospitalez kanpoko ingurune atsegin batean» harrera egiteko, eta trantsizioan diren bitartean laguntza emateko, Osakidetzak zerbitzu berri bat jarriko du martxan: tLMAZ pertsona transen lehen mailako arretako zerbitzuak. Osasun zentroetan egonen dira, baina transei arreta emateko gida sanitario bat argitaratuko dute haiek martxan jarri aintzinetik, 4/2024 legeari jarraituta.

Finean, gidaren helburua da «Euskadiko pertsona transei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea», hiru arlotako profesionalen arteko sare lanaren bidez: lehen mailako arreta taldeak, tLMAZ zerbitzu berrietako profesionalak, eta Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitateko langileak. Gaur egun, Gurutzetakoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra, eta hainbat kolektibok salatu izan dute transek bertan jasaten duten patologizazioa.

Gida osasun zerbitzuetako profesionalek eta transen familien elkarteek egin dutela azaldu du Maite Martinez Zabaleta doktoreak, Asistentzia Sanitarioko zuzendariak: «Azken batean, dokumentu honek erraztu egingo du trantsizio medikoko prozesuetan jardunbide egokiak ezartzea, eta arreta eskatzen dutenek aukera izango dute ibilbide seguru eta eraginkorrez baliatzeko, beren sexu edo genero identitatearekin denbora luzez eroso sentitzea lortzeko». Are, bertzeak bertze, alderdi hauek jasotzen ditu dokumentuak: trantsizioetan jarduteko gomendioak eta transen eskubideak.

Hain zuzen ere, arlo desberdinetako profesionalen sarea gauzatzeko gidak proposatzen du lehen mailako arreta taldeen zeregina indartzea, eta tLMAZ zerbitzuak sortzea. Zerbitzu horiek aurten jarriko dituzte martxan, lurralde bakoitzean bana. Haietan, bertzeak bertze, laguntza psikologiko eta emozionala emanen diete erabiltzaileei eta beren senideei.

Patologizazioa

Gurutzetako GIUan 2009tik 1.308 pertsona artatu dituzte; martxan jarri zuten lehenbiziko urtean artatutakoen batez bertzeko adina 27 urte zen, eta azken urteotan 18 urtetik beherakoa izan da. Zehazki, azken urtean 140 eskaera berri erregistratu dira, haietatik 70 adingabeenak izan dira.

Ordea, zerbitzu horrek kritika andana jaso du LGTBI kolektiboen aldetik. Iazko abuztuan, erraterako, transek Gurutzetan pairatzen duten patologizazioa salatu zuten ESK sindikatuak, Lumagorri, Anitzak eta Loratuz Lotu LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko plataformek. Izan ere, unitate horietara joatean, barne protokoloak dio psikiatria kontsultara bideratu behar direla pazienteak, haien ongizateari lehentasuna eman behar zaiela argudiatuta. Kolektiboek adierazi zuten psikiatriatik igarotzeak ez duela «laguntzen» transen despatologizazioan; kontrara, «zalantzan» jartzen duela «pertsona horiek beren gorputzen gainean erabakiak hartzeko duten eskubidea eta autonomia». Gehitu zuten transak «beldurrez» joaten direla kontsultetara jarrera horren ondorioz.

Ospitaleko zuzendaritzak, baina, adierazi zuen ez dagoela «bazterketarik», eta «protokoloa» betetzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.