Transek Gurutzetan pairatzen duten patologizazioa salatu dute

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra da Gurutzetako Genero Identitatearen Unitatea. Ospitaleko zuzendaritzak adierazi du ez dagoela «bazterketarik», eta «protokoloa» betetzen duela.

 ESK sindikatuaren eta Lumagorri, Anitzak eta Loratuz Lotu plataformen elkarretaratzea, gaur, Gurutzetan. GORKA RUBIO / FOKU
ESK sindikatuaren, eta Lumagorri, Anitzak eta Loratuz Lotu plataformen elkarretaratzea, gaur, Gurutzetan. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko abuztuaren 19a
12:00
Entzun

«Pertsona transen identitatea patologizatzeari utz diezaiotela». Eskaera argia egin dute gaur hala ESK sindikatuak nola Lumagorri, Anitzak eta Loratuz Lotu LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko plataformek. Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitatean gertatutako kasu baten harira egin dute salaketa, baina argi utzi dute ez dela «kasu bakana».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra da Gurutzetakoa, eta eraikinaren aurrean egin dute elkarretaratzea, gaur goizean. Kolektiboko kide batek egin ditu adierazpenak lehenbiziko: «GIUtik pasatzen garen pertsona transen gaineko indarkeria etengabea da». Izan ere, unitate horietara joatean, barne protokoloak dio psikiatria kontsultara bideratu behar direla pazienteak, haien ongizateari lehentasuna eman behar zaiela argudiatuta. Ordea, adierazi dute psikiatriatik igarotzeak ez duela transen «despatologizazioan laguntzen»; kontrara, «zalantzan jartzen» duela «pertsona horiek beren gorputzen gainean erabakiak hartzeko duten eskubidea eta autonomia». Gehitu dute jarrera horren ondorioz transak «beldurrez» joaten direla kontsultetara.

Horregatik guztiagatik, EAEko trans legea bete dadila eskatu dute hiru plataformek, eta herritar horiek ez daitezela psikiatriatik pasatu. «Pertsona transak errespetatuko dituen osasun arreta eskatzen dugu: ebakuntza bat egiteko hiru urte itxaron behar ez izatea, kolektiboaren errealitate espezifikoak ezagutzen dituen zerbitzu bat izan dadila, eta tratamendu hormonalak jasotzeko baldintza gisa genero rol misoginorik ez ezartzea».

ESK sindikatuak ere bide beretik egin ditu adierazpenak: «Ez dugu ez ulertzen ezta ontzat jotzen ere laguntza eskatzen dutenei lehen harrera egiten dietenak psikiatriako profesionalak izatea». Izan ere, sindikatuari helarazi diote arlo horretan lan egiten duten zenbaitek «jokabide iraingarriak» izan dituztela transekin.

Horrez gain, salatu dutenez, transek edozein motatako tratamendu bat osatu nahi izanez gero, GIU arloko langileek baieztatu behar dute transak direla. «Zein eskubiderekin erabakitzen dute profesional horiek nor den transa eta nor ez? Pertsona transek ez al dute ibilbide afektibo, pertsonal eta soziala egin zer diren jakiteko bezainbeste?», adierazi dute. Gehitu dute sindikatuak  «arreta integrala» nahi duela transentzat, eta horretarako «ezinbestekoa» dela GIU gune horretan aldaketak egitea, «transen errealitatea despatologizatzeko bidean».

Alde horretatik,  neurri batzuk hartzeko eskatu dute «inplikatuta dauden hainbat kolektiborekin elkarlanean» aldaketa horiek egin bitartean: endokrinologiako profesionalak izan daitezela GIUetako lehenbiziko kontsultaz arduratzen direnak, tratamenduetan hasteko orduan kontuan izan ditzatela soilik pertsona horren osasun egoera eta tratamenduak izan ditzakeen albo ondorioak, eta laguntza psikologikoa edo psikiatrikoa ere pertsona horrek hala eskatzen duenean bakarrik ematea.

Zuzendaritzaren erantzuna

Argitara eman den salaketari azkar erantzun dio Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzak, eta adierazi GIU Genero Identitatearen Unitatean ez dagoela «bazterketarik». 4/2024 legearen «interpretazio zuzena» egin eta transen eskubideak onartuz lan egiten dute, ohar batean esan dutenez, «indarrean dagoen protokoloari jarraituz».

«Argitu nahi dugu endokrinologia espezialistak bidalita artatzen ditugula pertsona horiek, eta ez psikiatria zerbitzuak bidalita. Hala, pertsona bat GIUra bidaltzen dutenean, lehenbiziko kontsulta endokrinologian izaten da; 15 urte arte, pediatrian. Haiek aztertzen dute kasu bakoitza, eta probak eskatzen dituzte. Prozesu osoan laguntza psikologikoa eskaintzen da, eta, gero, tratamendua hasten da, hormonekin. Ebakuntza beharrezkoa denean, kirurgia plastikoko kontsultara bidaltzen dira pertsona horiek».

Zuzendaritzak erantsi du «zerbitzu osoa» eskaintzen dela GIU Genero Identitatearen Unitatean, eta prozesuaren «edozein fasetan» laguntza psikologikoa eskaintzen dietela bai arta jasotzen duenari eta bai haren familiari. Horrez gain, erietxeko zuzendaritzak ziurtatu du Gurutzetako unitate horretan ez dagoela itxarote tarte «nabarmenik» lehen kontsultan. Ebakuntza errazenetan ere arta «azkar samarra» jasotzen dela uste du ospitaleak; bakuntza konplexuenetan denbora gehiago behar izaten dela azaldu dute, «talde espazializatu bat behar delako».

Lodifobia

Batera edo bestera, Bizkaiko E28 plataformak berriki salatu zuen transek, patologizazioa ez ezik, lodifobia ere jasan behar dutela GIUetan. Zehazki, koordinakundeko kide bat GIUra joan zen, eta psikiatriara bideratu zuten. Bertan indarkeria pairatu zuela salatu zuen: «Esan arren ez zela emakumea, esan zioten emakumearen espektroaren barruan emakume maskulinoak ere badaudela. Horrez gain, 'gizentasun morbidoa' duen pertsona gisa izendatu zuen psikiatrak, eta esan zion argi dagoela ispilura begiratzean islan ikusten den gorputza ezin zaiola gustatu, loditasuna dela eta», adierazi zuen plataformak.

Horrez gain, medikuak erran zion lodia den norbait ez zela gai zer genero duen jakiteko, eta argaldu ezean testosterona ematea ukatu zion. «Horrek guztiak eragin kaltegarriak izan ditu gure kidearen osasun mentalean, eta, beraz, hainbeste aipatzen duten ongizate horretan».

Egoera ikusita, koordinakundeak eskatu du pertsona horien trantsizioa lehen mailako arretara bideratzeko: «GIUa desagertzea exijitzen dugu, ez baitu pertsona transen benetako ongizatearen alde egiten. Kontrara, pertsona transak baztertzen eta patologizatzen ditu».

Iazko azaroan, berriz, Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen Elkarteak antzeko salaketak egin zituen. Zehazki, transei eta ez-binarioei «tratamendu bortitza» ematea egotzi zion LGTBI taldeak Gurutzetako GIUari, eta eskatu pertsona horiek ez daitezela bideratu psikiatria sailera. Unitate horretan erabiltzen dituzten irizpideak ere auzitan jarri zituzten. Bertatik igaro diren hemezortzi laguni inkesta bat egin zien Gehituk, eta hortik ondorioztatu zuten unitatera iristen diren «guztiak derrigortuta» daudela psikiatria sailetik igarotzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.