Trans guztiek legearen babesa izateko eskubidea dutela adierazi dute Nafarroako LGTBI kolektiboek

Hogei eskubidez osatutako adierazpena landu dute. Besteak beste, argi utzi dute transek eskubidea dutela «tratu zuzena eta errespetuzkoa» izateko eta hormona tratamendua osasun sistema publikoan jasotzeko.

Adierazpenaren aurkezpena, gaur arratsaldean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Adierazpenaren aurkezpena, gaur arratsaldean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urriaren 17a
18:20
Entzun

«Pertsona trans bakoitza, ororen gainetik, pertsona da; hortaz, zis guztiei dagozkien eskubide guztiak dagozkio». Nafarroako LGTBI kolektiboek irmo eman diote hasiera Transen eskubideak – Giza eskubideak adierazpenari. Hogei eskubidez osatutako dokumentua landu dute, eta Iruñean aurkeztu dute gaur arratsaldean. Argi utzi dute «erakunde soziala, herrialdea nahiz estatua» edozein izanda ere, transak ez direla «gabetu behar eskubide bakar batez ere». Era berean, nabarmendu dute trans guztiek legearen babesa izateko eskubidea dutela, «diskriminazio ororen» gainetik.

Transen eskubideei buruzko adierazpenak «ez-binario autodeterminatu» direnak ere biltzen ditu. Eta hala adierazi dute dokumentuaren amaieran: «Adierazpen honetako eskubide bakar bat ere ezin da gutxitu».

LGTBI kolektiboek argi utzi dute transek ez dutela «torturarik, zigorrik edo tratu krudelik» jasan behar, ezta «esku-hartze arbitrariorik» ere. «Pertsona trans guztiek legearen babesa izateko eskubidea dute», esku-hartze nahiz eraso horien, transfobiaren edo beste era batzuetako intolerantziaren gainetik. Emakume transei dagokienez, gogoratu dute «emakume trans guztiak» emakume direla, eta, hortaz, legeak emakume guztiak babestu behar dituela, eta euren kontrako indarkeria arbuiatu.

Genero «autodeterminaziorako» eskubidea ere aldarrikatu dute. Hau da: «Pertsona orok du eskubidea adierazteko eta erabakitzeko bere generoa edo genero falta, bere identitatearen arabera, bere sentimendu intimoen arabera». Inork ezin du presiorik egin «genero autodeterminazioaren» kontra egiteko.

Adierazpena lantzeko, esparru diferenteak izan dituzte hizpide. Lan eremuari dagokionez, kolektiboek uste dute erakundeek kuotak ezarri behar dituztela, «pertsona transen langabezia pertsona zisena halako lau baita». Haien iritziz, transak kontratatzen dituzten enpresentzat onura fiskalak ezarri beharko lituzkete gobernuek.

Bestalde, lan eremuan LGTBI errealitateak kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, eskatu dute hori txertatzeko prestakuntza ikastaroetan: «Enplegu guztietan aurki ditzakegu LGTBI kolektiboko kideak. Horregatik, ikasi behar dugu nola tratatu, hots, eskubide hauen eta legeen arabera tratatzen ikasi behar dugu». Prestakuntza hori «zabalagoa» izan beharko litzateke «zaintzarekin» lotutako sektoreetan, hala nola arreta soziosanitarioan, erizaintzan eta medikuntzan.

Edozein arlotan, transek eskubidea dute «tratu zuzena eta errespetuzkoa» jasotzeko, arreta eskaintzen dien edozein profesionalengandik, «hezkuntzaren, osasunaren zein zaintzaren arloan».

Ez da patologia bat

Osasungintzaren sektorea ere jarri dute mahai gainean. Adierazi dute trans izatea ez dela «patologia» bat. Hortaz, gainerako herritarrei ematen zaien osasun arreta berdina exijitu dute. Are gehiago: «Pertsona trans bakar batek ere ez ditu jasan behar bere izaera aldatzeko terapiak».

Pertsona transek arreta eta hormona tratamendua osasun sistema publikoan jasotzeko eskubidea dute, baita «edozein ebakuntza kirurgiko egiteko» ere. Gizarte Segurantzak edo osasun sistema publikoak ezin baditu ebakuntzak bere gain hartu, zuzendaritzak erraztasunak eman beharko ditu beste osasun zentro batzuetan egiteko. Era berean, herritarren batek ez baldin badu «arreta medikorik edo ebakuntzarik» nahi,  ezingo da behartu «eskatu gabeko eta nahi gabeko» tratamenduren bat egitera. «Protokolo orok errespetatu behar du norberaren autonomia», erantsi dute.

Tokiko eskubideez gain, kolektiboek adierazi dute pertsona transei «beti eta nonahi» aitortu behar zaizkiela «pertsona zisen nazioarteko eskubideak». Besteak beste, laguntza soziala eskatzeko eskubidea izango dute, baita migratzaileen gainerako eskubideak ere. Asiloa ere eska dezakete: «Pertsona trans guztiek trans izateagatik asiloa eskatzeko eskubidea dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.