Trans legea onartu dute Espainiako Kongresuan. PSOEren eta Podemosen babesa ez ezik, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Mas Pais, Compromis eta CUPena ere jaso du legeak. Senatura bidaliko dute, eta han berretsiz gero sartuko da indarrean.
Adingabeen genero autodeterminazioaren inguruan egon da eztabaidarik sutsuena Espainiako koalizio gobernuan. Erregistroan aldaketa egiteko, 16 urtera arte epailearen baimena behar izatearen aldekoa zen PSOE, eta Podemos, aldiz, ez. Lege proposamena gobernutik Kongresura eraman ostean, PSOEk zuzenketa bat aurkeztu zuen 14 eta 16 urte artekoek ere epailearen baimena behar izan zezaten. Horrek eragin du haserrerik handiena azken asteotan gobernuko kideen artean. Irene Montero Berdintasun ministroak atzo Kongresuan aurreratu zuen lortu zutela korapilo hori askatzea, eta bi alderdien arteko iritzi aldeak agerian geratu baziren ere, matazarik estuena askatu dute. Genero autodeterminazioaren gaia bideratu dute, nahiz eta PSOEko kideek onartu duten «lege hobe bat irudikatu nahi izan zutela»; hala, koaliziokideen arteko aldea azaleratu da.
EAJk eta EH Bilduk aurreratu zuten legea babestuko zutela, nahiz eta Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak hutsune batzuk ikusi dizkion. Besteak beste, pertsona ez-binarioen egoerari buruzkoa eta diskriminazioarengatik euren herrialdetatik ihes egin behar izaten dutenen egoera aipatu zituen, eta iradoki haiei erraztasunak ematea eta bide burokratikoan laguntzea ere jaso beharko litzatekeela, besteak beste.