«Bi lege feminista onartu ditugu gaur», laburbildu zuen atzo Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro Irene Monterok, txalo artean, abortuaren lege organikoa eta trans legea onartzeko eztabaidaren bukaeran. Tramitazio luze baten ostean eta soilik baietz da baietz legearen erreformak gobernukideen artean sortutako ika-mikaren erdian heldu zen bi arau horien onespena. Gobernuko taldeen babesaz gain, inbestiduran baiezkoa eman zutenen aldeko botoa izan zuten bi legeek, aurreko bozketetan bezala.
Sexu eta ugalketa eskubideen eta haurdunaldia borondatez eteteko lege organikoak aldeko 185 boto jaso zituen, kontrako 154 eta hiru abstentzio. Egiazki, 2/2010 legearen moldaketa da atzo bozkatu zutena. Monteroren esanetan, «oinarri oso sendoa» eskaini zuen lege hark, eta horren gainean eraiki dute arau berria. Horregatik, «eskerrik beroenak» eman zizkien lege hori sustatu zuten mugimendu eta eragile sozialei. Aipamen berezia egin zion Bibiana Aido Berdintasun ministro ohiari, «aitzindari izateagatik». Mugimendu feministaren ekarpena ere goraipatu du Monterok: «Feministen borrokari esker lortu baitira emakumeen eskubideen esparruan izandako aurrerapausoak».
Arau berriari esker, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen haurdunaldia eteteko. Arauak kendu eginen du orain arte indarrean egon den beste baldintza bat: abortatu ahal izateko hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra. Haurdunaldia eteten dutenei, gainera, gaixo agiria emanen zaie, eta arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Mugimendu feministaren esaldi batekin laburbildu zuen Monterok legearen funtsa: «Abortu segurua eta sare publikoan, ez hiltzeko; antisorgailuak, ez abortatzeko; eta sexu heziketa integrala, erabakitzeko, aske izateko eta zoriontsu izateko».
Naizen: «Gazi-gozoa da»
Abortuaren legea bezala, transen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege proiektua ere onartu zuten atzo Espainiako Kongresuan. Genero autodeterminazioa aitortzen du testuak, baita adingabeena ere: 12 eta 14 urte arteko gazteek epailearen baimena beharko dute erregistroan aldaketa egiteko; 14 eta 16 urte artekoek gurasoena nahikoa izango dute, eta, 16tik aurrera, ez dute inoren baimenik beharko. Horrez gain, despatologizazioan urratsak egiten ditu, eta eskubideen aitortza zabaltzen du. PSOE eta Unidas Podemosen babesa ez ezik, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Mas Pais, Compromis eta CUPena ere jaso zuen legeak.
Espainian, hainbat trans elkartek txalotu egin zuten legea onartu izana. Euskal Herrian, baina, ñabardurak azaleratu dituzte zenbait eragilek. Naizen elkarteari, adibidez, «aho zapore gazi-gozoa» utzi dio arauak: «Arau propioak dituzten erkidegoetan, lege honek ekarriko duen aldaketa bakarra izanen da erregistroarena, paperei dagokiena», esan du Bea Sever bozeramaileak. «Aukera galdutzat» jo dute legea «ausartagoa» ez izatea.
Trans legea eta abortuarena onartu dituzte Madrilen
'Soilik baietz da baietz' legearen ika-mikaren erdian onartu dituzte bi arauak PSOEk eta UPk. Naizen: «Legeak ez du berritasun handirik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu