«Bi lege feminista onartu ditugu gaur», laburbildu du Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro Irene Monterok, txalo artean, abortuaren lege organikoa eta trans legea onartzeko eztabaidaren bukaeran. Tramitazio luze baten ostean eta soilik baietz da baietz legearen erreformak gobernukideen artean sortutako ika-mikaren erdian helduko da bi arau horien onespena. Goizean egin dute eztabaida Espainiako Kongresuan, eta 14:00etan, berriz, bozketa. Gobernua osatzen duten taldeen babesaz gain, inbestidurako taldeen sostengua ere espero dute legeen sustatzaileek.
Trans legea
Transen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege proiektua onartu dute Espainiako Kongresuan, behin betiko. Genero autodeterminazioa aitortzen du testuak, baita adingabeena ere: 12 eta 14 urte arteko gazteek epailearen baimena beharko dute erregistroan aldaketa egiteko; 14 eta 16 urte artekoek gurasoena nahikoa izango dute, eta, 16tik aurrera, ez dute inoren baimenik beharko. Horrez gain, despatologizazioan urratsak egiten ditu, eta eskubideen aitortza zabaltzen du. PSOE eta Unidas Podemosen babesa ez ezik, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Mas Pais, Compromis eta CUPena ere jaso du legeak orain arte.
Monterok ekainean aurkeztu zuen proposamena, baina hautsak harrotu ziren, batez ere Carmen Calvo orduko gobernuko presidenteorde eta Kongresuko Berdintasun Batzordeko buruarekin, ez baitzetorren bat adingabeen genero autodeterminazioaz Monterok egindako proposamenarekin. PSOEk zuzenketa jarri zion, baina atzera egin zuen gero, eta koalizio gobernua osatzen duten alderdien babesarekin onartu da legea.
Genero autodeterminazioaren gaiaz gain, hainbat eskubide biltzen ditu legeak, LGTBI kolektiboko kideak babesteko. Esparru guztietan aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea aitortu die testuak, eta botere publikoek hori bermatzeko betebeharra dutela jaso. Horretarako, erakundeek babestu egin beharko dituzte, eta kanpainak sustatu, bereziki LGTBIfobiaren aurka, eta tratu berdintasunaren alde. Hezkuntzan bide beretik jotzea jasotzen du, material didaktikoak jorratuz, besteak beste.
Horrez gain, Espainiako Kode Zibila erreformatuko dute, sexu bereko bikoteei seme-alaben gurasotasuna aitortzeko ezkontzeko beharrik gabe. Estatutik kanpokoak diren LGTBI pertsonei ere eskubide berak aitortu dizkie legeak, bere egoera administratiboa edozein dela ere; enbaxada eta kontsuletxeetan ere babesa emango zaie.
Era berean, legez debekatuko dira genero adierazpena, identitate sexuala edo orientazioa aldatzea helburu duten metodo, programa eta terapiak, eta zigor ekonomikoa jarriko diete halakoak egiten dituztenei. Legeak isunak aurreikusi ditu, halaber, sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatzen dutenentzat ere: 200 eta 150.000 euro artekoak izango dira, hain zuzen. Arau hauste larritzat joko da ikasliburuetan bazterketa sustatzea sexu identitateagatik edo genero adierazpenagatik, besteak beste.
Horrez gain, intersexualen eskubideak lege batean jaso dituzte lehendabiziko aldiz. Jaiotzean —kromosometan, genitaletan edo hormonetan— sexu ezaugarri zehatzik edo argirik ez duten pertsonak dira intersexualak. Autonomia eta erabakimena izateko eta osasun arreta osoa eta ez-patologizatzailea jasotzeko eskubidea aitortu die legeak, hain zuzen.
Abortuaren legea
Zehazki, 2/2010 Legearen moldaketa da Espainiako Ministro Kontseiluak gaur onartu duena. Monteroren esanetan, «oinarri oso sendoa» eskaini zuen lege hark, eta horren gainean eraiki dute arau berria. Horregatik, «eskerrik beroenak» eman dizkie lege hori sustatu zuten Bibiana Aido Berdintasun ministro ohiari eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izandakoari, «aitzindari izateagatik». Mugimendu feministaren ekarpena ere goraipatu du Monterok: «Feministen borrokari esker lortu baitira emakumeen eskubideen esparruan izandako aurrerapauso guztiak».
Legea onartzen denetik, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen, haurdunaldia eteteko. Arauak kendu eginen du orain arte indarrean egon den beste baldintza bat: abortatu ahal izateko hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra. Haurdunaldia eteten dutenei, gainera, gaixo agiria emanen zaie, eta arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Abortuak osasun sare publikoan eginen dituzte nagusiki: «Hori izanen da erreferentziazko sarea, eta emakumeek aukera izanen dute haurdunaldia eteteko gertuen duten osasun zentroan», azaldu du Monterok.
Aborturik egin nahi ez duten medikuen kontzientzia eragozpena bermatu eta, era berean, abortatzeko eskubidearen bidean traba izan ez dadin, kontzientzia eragozleen zerrenda bat onduko dute. Nafarroan, bide bera hartu zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren gobernuak, 2015eko Sexu eta Ugalketa Osasunari Buruzko Foru Dekretuan.
Abortuaren Legeak atal berezia eskainiko dio emakumeen osasun menstrualari, «bizitzaren fase guztietan». Neurri ezagunena da hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortzea. Horrez gain, ordea, beste zenbait neurri ere jasoko ditu arauak: higiene menstrualerako produktuak —tanpoiak, konpresak eta kopa menstrualak, besteak beste— doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, zentro zibikoetan eta bestelako guneetan, «pobrezia menstruala bukatzeko».
Arau berrian, berebiziko pisua izanen du sexu heziketaren auziak. Zehazki, «sexu heziketa integrala» eskaini nahi dute hezkuntzako fase nagusietan, «adostasunean eta tratu onetan oinarritutako sexu harremanak» sustatze aldera. Sexu heziketari buruzko kanpaina bereziak ere sustatuko dituzte ikastetxeetan, eta, horien barruan, antisorgailuak banatuko dituzte. Horrez gain, sexu osasunerako zentro espezializatuak sortu nahi ditu Berdintasun Ministerioak, eta telefono bidezko arta ere indartuko dute. Azkenik, sexu heziketari eta osasun menstrualari buruzko prestakuntza berezia eskainiko diete irakasleei, langile publikoei eta espetxeetako funtzionarioei.