Trans legea

Trans legea aurrera atera da

Adingabeen genero autodeterminazioa aitortzen du, eta diskriminazioaren kontrako neurriak biltzen ditu. PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztiek egin dute alde, eta Carmen Calvo abstenitu egin da

Onarpena. Legea bozkatu ostean, LGTBI kolektiboko hainbat kidek txalo zaparradekin jaso zuten emaitza. C. MOYA / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Transen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege proiektua onartu zuten atzo Espainiako Kongresuan. Aldeko 188 boto, kontrako 150 eta zazpi abstentzio izan zituen. Genero autodeterminazioa aitortzen du testuak, baita adingabeena ere: 12 eta 14 urte arteko gazteek epailearen baimena beharko dute erregistroan aldaketa egiteko; 14 eta 16 urte artekoek gurasoena nahikoa izango dute, eta, 16tik aurrera, ez dute inoren baimenik beharko. Horrez gain, despatologizazioan urratsak egiten ditu, eta eskubideen aitortza zabaltzen du.

PSOE eta Unidas Podemosen babesa ez ezik, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Mas Pais, Compromis eta CUPena ere jaso du legeak. Kongresuan onartu ostean, Senatuko tramitea gainditzea falta du indarrean jartzeko.

Ikusi gehiago:Trans legearen gakoak

Irene Montero Berdintasun ministroak ospatu egin zuen legea aurrera ateratzea: «Transen eskubideak giza eskubideak direla aitortu da». Monterok ekainean aurkeztu zuen proposamena, baina hautsak harrotu ziren, batez ere Carmen Calvo orduko gobernuko presidenteorde eta Kongresuko Berdintasun Batzordeko buruarekin, ez baitzetorren bat adingabeen genero autodeterminazioaz Monterok egindako proposamenarekin. PSOEk zuzenketa jarri zion, baina atzera egin du azken astean, eta koalizio gobernua osatzen duten alderdien babesarekin onartu da legea, nahiz eta Calvo abstenitu egin den. «Ados nago trans lege baten beharrarekin, baina ez lege honekin», esan zuen atzo, Kongresutik irtetean.

EAJk eta EH Bilduk esan zuten legea babestuko dutela, nahiz eta Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak hutsune batzuk ikusi lege proiektuari. Hala nola pertsona ez-bitarren egoera eta diskriminazioarengatik euren herrialdeetatik ihes egin behar dutenena aipatu zituen, eta bide burokratikoa arindu behar dela iradoki.

Eskubide bilduma

Genero autodeterminazioaren gaiaz gain, hainbat eskubide biltzen ditu legeak, LGTBI kolektiboko kideak babesteko. Esparru guztietan aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea aitortu die testuak, eta botere publikoek hori bermatzeko betebeharra dutela jaso. Horretarako, erakundeek babestu egin beharko dituzte, eta kanpainak sustatu, bereziki LGTBIfobiaren aurka, eta tratu berdintasunaren alde. Hezkuntzan bide beretik jotzea jasotzen du, material didaktikoak jorratuz, besteak beste.

Ikusi gehiago:«Prozesu guztian egon den indarkeria giroak kezkatu gaitu»

Horrez gain, Espainiako Kode Zibila erreformatuko dute, sexu bereko bikoteei seme-alaben gurasotasuna aitortzeko ezkontzeko beharrik gabe. Estatutik kanpokoak diren LGTBI pertsonei ere eskubide berak aitortu dizkie legeak, bere egoera administratiboa edozein dela ere; enbaxada eta kontsuletxeetan ere babesa emango zaie.

Era berean, legez debekatuko dira pertsonen genero adierazpena, identitate sexuala edo orientazioa aldatzea helburu duten metodo, programa eta terapiak, eta zigor ekonomikoa jasoko dute horiek egiten dituztenek. Legeak isunak aurreikusi ditu, halaber, sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatzen dutenentzat ere: 200 eta 150.000 euro artekoak izango dira, hain zuzen. Arau hauste larritzat joko da ikasliburuetan bazterketa sustatzea sexu identitateagatik edo genero adierazpenagatik, besteak beste.

Intersexualen aitortza

Horretaz gain, pertsona intersexualen eskubideak lege batean jaso dituzte lehendabiziko aldiz. Jaiotzean —kromosometan, genitaletan edo hormonetan—, sexu ezaugarri zehatzik edo argirik ez duten pertsonak dira intersexualak. Autonomia eta erabakimena izateko eta osasun arreta osoa eta ez-patologizatzailea jasotzeko eskubidea aitortu dizkie legeak, hain zuzen.

Ikusi gehiago:«Intersexualak lehen aldiz lege batean sartu izana oso positiboa da»

Orain arte, praktika orokortua izan da jaiotzean genero bat ezartzea haur intersexualei. Testua indarrean sartzen denean, berriz, ez dute inskribatu beharko definitua ez duten sexu batean lehen hilabeteetan, urtebete izan arte. Gainera, 12 urtetik beherakoetan, debekatu egingo dira genitalak aldatzeko praktikak, medikuek, osasun arazoak tarteko, kontrakoa esaten ez badute behintzat; 12 eta 16 urte artean baimenduko dute hori, adingabeak hala eskatu badu. Gainera, administrazio publikoek formakuntza eman beharko diete osasun langileei, intersexualen behar espezifikoak aintzat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.