Fragaren heriotza

«Tranpa jarri zigun, eta erori egin ginen»

Manuel Fraga Informazio eta Turismo ministroak aginduta itxi zuten 1969ko abuztuan 'Yakin' aldizkaria, abertzalea eta aurrerakoia zela argudiatuz. Debekua bertan behera uzteko ahaleginak egin zituen Joan Mari Torrealdai zuzendariak. 1977an zabaldu zuten berriz.

ainara arratibel gascon
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Alcala de Henaresen (Madril) zentsurari buruz tesia egiten ari zela —1980ko hamarkadan—topatutako paper bati esker ezagutu zuen Joan Mari Torrealdai zuzendariak, Yakin aldizkaria ixteko Francoren gobernuak erabilitako estrategia zein zen. Paper hark zera zioen: eman soka beren buruaz beste egin dezaten. «Erregimena aurrerakoiagoa zela pentsatu genuen, baina argi geratu zen ez zela horrela. Tranpa jarri zigun eta erori egin ginen», dio Torrealdaik.

Frankismoan, argitalpen bat kaleratzeko, aurretik sustatzaileek enpresa bat sortu behar zuten, eta hura erregistratzeko baimena Gobernuak eman behar zion. Gerora, argitalpenek gobernuaren baimena behar zuten. Manuel Fraga zen Turismo eta Informazio ministroa.

Yakin-ek 1966an lortu zuen argitaratze enpresa erregistratzeko baimena. «Aldizkaria ikasleei zuzenduta zegoela eta kulturari nahiz erlijioari buruzko gaiak lantzen zituela esan genuen. Hasieran hala izan zen».

1967an, Arantzazuko santutegia utzi, eta Donostian jarri zuten erredakzioa. Carlos Santamaria, Rikardo Arregi, Ibon Sarasola eta Andoni Lekuona gisako pentsalari nahiz idazleak bildu ziren orduan Yakin-en. Gai ideologikoagoak eta kulturalagoak hasi ziren lantzen. «Debekurik ez zegoenez, horretan jarraitu genuen».

1969eko abuztu amaieran Yakin ixteko agindua jaso zuten, Fragak sinatuta. Argudioa: aldizkari abertzale eta aurrerakoia zela.1977ra arte aldizkaria ez zen berriro argitaratu. Artean, ugariak izan ziren Torrealdaikdebekua bertan behera uzteko egindako ahaleginak. Besteak beste, Francoren gobernuarentzat lan egiten zuen Antonio Albisu debarrarekin hitz egin zuen. «Esan zidan zaila izango zela zerbait egitea. Gerora jakin nuen berak egin zituela Yakin debekatzeko zentsore lanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.