Tramiterako onartu dute Covitek Joineten kontra jarritako salaketa

Erredakzioa
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu du Covite biktimen elkarteak Louis Joinet juristaren kontra jarritako salaketa. Gara egunkariari emandako elkarrizketa batean, ihes egindako ETAko kideen atxiloketak «oztopatu» izana aitortzen zuelakoan dago Covite, eta horregatik jarri zuen salaketa. Elkarteak berak jakinarazi duenez, auzitegiak ondorioztatu du «arau hauste bat» egon litekeela Joinetek elkarrizketa hartan onartutako jardueretan. Epaitegiak, horrenbestez, fiskaltzari eman dio elkarrizketaren edukiaren berri, eta ikerketa abiatu du hark.

Gara egunkariak urriaren 20an argitaratutako elkarrizketan zera zioen Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko aditu independente izandakoak: «Nik ez nekien zer esaten zioten elkarri. Ateratzen nituen batzuk kartzelatik, eta moldatzen nintzen klandestinitatean zeudenak atxilotu ez zitzaten. Lortu nuen etxean mikrofonorik ez egotea, baina, konfiantzarik ez zutenez, telefono kabinetara joaten ziren deitzera, nik jakin gabe etxea ez zirela zelatatzen ari, baina kabinetatik egindako deiak bai». Bitartekari gisa egindako bere lana defendatu zuen Joinetek elkarrizketa horretan. «Negoziatzaile» gisa definitu zuen bere burua, eta gogoratu zituen Txilen eta beste zenbait herrialdeetan egindako bitartekaritza lanak: «Bake prozesu zintzo batean zaudenean, legea intrepretatu behar da prozesuak arrakasta izan dezan, eta ez errepresioa aplikatu dadin».

Covitek bere salaketan eskatzen du Joinet deklaratzera deitzeko, «azaldu dezan nola eragozten zuen ihesi zebiltzan kriminalak atxilotzea, azaldu dezan zenbat terroristaren atxiloketak ekidin dituen, eta eman ditzan lan horren onurak jaso dituzten ETAko kideen izenak». Joinetek elkarrizketa hartan hori guztia aitortu zuela dio Covitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.