Garraioak sortzen ditu berotegi gas emisioen herenak baino gehiago EAEn, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren arabera. Datuak adierazten du mugikortasun ereduan esku hartzea funtsezkoa dela klima larrialdiari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak datozen hamar urteetarako oinarriak proposatu ditu arlo horretan, eta plan bat aurkeztu berri du: Mugikortasun Jasangarriaren Plana. Joan den astean argitaratu zuen, eta alegazioak jasotzeko epea izango da martxoaren 15era arte.
Planaren helburua da pertsonen joan-etorriak eta salgaien logistikarako garraiobideak modu jasangarriago batean antolatzea. Egitasmoak jasotzen du bateragarri egin nahi dituela desplazamendu beharrak «garapen eta hazkunde ekonomikoarekin, gizartearen kohesioarekin eta babesarekin, eta ingurumenaren defentsarekin eta kontserbazioarekin». Helburu nagusi horiek lortze aldera, xede zehatzago batzuk ezarri ditu. Besteak beste, garraio sistemen intermodalitatea sustatzea, emisioak gutxitzea, ingurumen eragina murriztea eta mugikortasuna lurralde osoan hobetzea.
Onartuz gero, planak hamar urteko indarraldia izango du, eta bost urteren ondoren berrikusiko dute. Planak dozenaka neurri jasotzen ditu, arloz arlo sailkatuta. Besteak beste, 25.000 biztanletik gorako herrietan emisio gutxiko eremuak sustatzea, tren geltokien ondoko aparkalekuetan eta gasolindegi berrietan auto elektrikoentzako kargalekuak jartzea eta trafikorik gabeko etxadi handiak sustatzea. Neurri horien laburpen bat da ondorengo hau.
1
Garraio publikoa
Garraio publikoari dagokionez, planak proposatzen du deskontu progresiboak hedatzea, erabilera saritzeko; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tarifen bateratze osoa bultzatzea. Horrez gain, Bat, Barik eta Mugi garraio txartelak EAEko garraio publiko guztietan erabili ahal izateko prozesua amaitzea jasotzen du. Azken puntu horrekin lotuta, Espainiako Estatuak asteartean iragarri zuen lanean ari dela garraio txartel bakar bat indarrean jartzeko 2026an, bere titulupekoak diren garraio zerbitzuetan. Adierazi duenez, autonomia erkidegoetako gobernuekin elkarlanean aritzen ahaleginduko da, garraio txartel bakarra abian jartzeko.
Bestalde, hirietako sarbideetan garraio publikoari bidea errazteko proposamenak jasotzen ditu Jaurlaritzaren planak. Haren arabera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko sarbideetan autobusentzako eta okupazio handiko ibilgailuentzako bideak sortzeko aukera aztertuko da, baita noranzkoa aldatzeko modukoak diren lerroak sortzeko aukera ere.
Autobus zerbitzua berrituz joateko helburu batzuk ere zehazten ditu. Gaur egun, flotaren %2 dira autobus elektrikoak, eta ehuneko hori %40ra handitzea eskatzen du planak, hamar urteko epean.
Errepidean bidaiatu ohi duten herritarren zati batek trenaren aldeko hautua egin dezan, berriz, pizgarri sistema bat ezartzea aurreikusten du, zein pizgarri mota izan behar duten zehaztu gabe.
Gainontzean, azpiegituren ingurukoak dira proposamen gehienak. Besteak beste, AHTaren euskal Y-a eta Nafarroako linea lotzea, Euskotreneko linea Adifen sistemarekin lotzeko Loiolako Erriberako trukatze gunea amaitzea, tren geltokiak eraberritzea, Bilboko eta Gasteizko tranbiak hedatzea, Bilboko metroaren 4. eta 5. lineak handitzea eta Donostiako metroaren lanekin jarraitzea.
2
Errepideko trafikoa
Hego Euskal Herrian emisio gutxiko eremu bat indarrean jartzera behartuta daude 50.000 biztanletik gorako hiriak, Espainiako legediaren eraginez, baina Jaurlaritzak 25.000 biztanletik gorako udal guztietan sustatu nahi ditu halakoak. Horrez gain, disuasioko aparkalekuak egitea proposatzen du herri eta hiri horietako tren eta autobus geltokietatik gertu, eta gune horiek ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuekin hornituta egon beharko luketela dio. Bestetik, errepide sare funtzionalak zeharkatzen dituen herri guztietan «zeharbide jasangarriak» eraikitzea jasotzen du.
Ibilgailu elektrikoak sustatze aldera, besteak beste, aurreikusten du 100.000 auto elektriko erosteko diru laguntzak ematea hamar urtean, 700 milioi euroren kostuarekin; ibilgailu elektrikoentzako 40 karga postu jartzea; gasolindegi berri guztiak kargalekuak jartzera derrigortzea eta ibilgailu elektrikoak partekatzeko sistemak sortzea.
Elektrifikazioaz gain, errepidean bestelako «energia iturri alternatiboak» sustatzea ere aurreikusten du planak, ikerketara bideratutako inbertsioen bitartez. Hidrogenoa nabarmentzen du iturri horien artean.
3
Bizikleta
Bizikletaren erabilera sustatu asmo du planak, eta, horretarako, tren eta autobus geltoki intermodaletan bizikletentzako aparkaleku seguruak eraikiko direla jasotzen du. Gainera, 15.000 biztanletik gorako herri eta hirietan «trafikorik gabeko elkarbizitzarako hiriguneak» sustatuko dira —etxadi handiak—, bizikletentzako ingurune aproposak. Hiriburuetako bizikleta publikoen sistemak hiri horietako metropolietara hedatzea ere aurreikusten du, eta Bat, Barik eta Mugi txartelarekin bizikleta zerbitzu publiko guztiak erabili ahal izatea. Bestalde, eskolek mugikortasun planak egin beharko dituzte, eta horietan funtsezko tokia izan beharko du bizikleta bidezko garraioak.
4
Aireportuak
Aireportuetarako proposatzen diren neurrien artean dago, besteak beste, azpiegitura horiek garraio publikoko sistemaren bidez lotzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuekin. Loiuko aireportua Bilborekin tren bidez lotzea ere aurreikusten du.
5
Portuak
Mugikortasun planak Bilboko eta Pasaiako portuetarako «eredu bateratu bat» bultzatu nahi du, eta bi portuen arteko tren bidezko lotura hobetzea proposatzen du. Bilbokoari dagokionez, harentzako gune logistiko bat eta plataforma intermodal bat egitearen bideragarritasuna aztertzea aurreikusten du.
6
Logistika eta salgaiak
Merkantzien garraiorako erabiltzen diren ibilgailuak berritzea da helburuetako bat, eta, horretarako, laguntza ekonomikoak onartzea jasotzen du planak. Salgaien garraioan trenak duen pisua handitzea ere badu xede, eta kargak modu eraginkorragoan kudeatzeko teknologia berrikuntzak sustatzea.