Gironda departamenduko sutea eragina izaten ari da Euskal Herrian ere: 10:00 aldera, trafikoa eten dute A-63 errepidean, bi noranzkoetan. Errepide horrek Bordele eta Hego Euskal Herria lotzen ditu.
Trafikoaren arduradunek adierazi dutenez, Paueraino A-64 errepidea hartzeko eskatu diete gidariei, ondoren A-65aren bidez iristeko Bordelera.
Larhun, itxita
Sute arriskuagatik, Larhun mendia ixteko agindu du Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak. Gaurtik hasi eta ostiral arratsera arte, debekatua izanen da han ibiltzea. Azaldu du tenperatura beroengatik eta idortearengatik suteak izateko arriskua handia dela, eta, beraz, prebentzio neurri bat dela.
Izan ere, idorteengatik, ura baliatzeko murrizketak ezarri dituzte Ipar Euskal Herrian; besteak beste, Larhun inguruko herrietan. Hala, prefetak zehaztu du ura balizko sute bat itzaltzeko baliatzea «saihestu behar» dela.