Trafikoa eskualdatzeko eguna iragarri du Txibitek: uztailaren 1a

Espainiak Nafarroaren esku utziko du errepide zaintza, EH Bildurekin egindako itunari jarraikiz. Gradualki ezarriko dute aldaketa. UPN eta PP ez beste talde guztiak pozik agertu dira

Foruzaingoaren kontrol bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Isabel Jaurena - Ion Orzaiz
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Sei hamarkadaren ostean, trafiko eskumena berreskuratzeko lehen urratsak eginen ditu Nafarroak aurten. Atzo, egun zehatza eman zuen Maria Txibitek: uztailaren 1a. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren esanetan, egun horretan hartuko ditu Nafarroak trafikoko eskuduntzak. «Erkidegoaren aldarrikapen historiko bat» lortuko dela gaineratu zuen, baina ez zuen askoz gehiago zehaztu, heldu den asteartean jakinaraziko baitituzte eskumenari buruzko xehetasunak.

«Miguel Sanz eta Uxue Barkosekin hasi, eta presidente guztiok aldarrikatu dugu gure erkidegoarentzako transferentzia hau», azaldu zuen Txibitek atzo. Egiazki, hori baino lehenagokoa da auzia: 1959an, frankismo betean, trafikoaren gaineko lege batek ezarri zuen Araban eta Nafarroan trafikoaren zaintza Gobernazio Ministerioaren eskuetan geratuko zela, eta 1961eko beste dekretu batek zehatzago utzi zuen Guardia Zibila arduratuko zela ordutik aurrera trafikoaz.

62 urteren ostean eskumen hori berreskuratuta, Foruzaingoa izanen da Nafarroako errepideetan gertatzen denaz arduratuko den zerbitzu bakarra, eta, beraz, haiek jarri eta kobratuko dituzte trafikoko isunak. Ardura horiek, baina, gradualki hartuko ditu Foruzaingoak, eta, bitartean, Guardia Zibilaren trafikoko arloarekin batera eginen du lan.

Bizpahiru urte iraungo duentrantsizio aldi horretan, 150 agente hasiko dira Foruzaingoan lanean, eskumenak sortuko dituen beharrei erantzun ahal izateko. Hala ere, Txibitek eta Espainiako Gobernuak argi utzi nahi izan dute Guardia Zibila ez dela Nafarroatik desagertuko: bidea emanen diete trafiko arloan lan egiten duten guardia zibilei Foruzaingora pasatzeko. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 180 inguru dira zerbitzuz aldatzeko aukera izanen duten poliziak. Nafarroan gelditzeko bertze aukera bat ere badute: Guardia Zibilaren bertze atalen batean lan egitea.

Neurria indarrean jartzen denean, erkidegoak ardura berriak hartu beharko ditu bere gain. Isunak ezartzeko gaitasuna da lehenbizikoa: jartzen diren isun guztiak kudeatu beharko dituzte, eta horiei lotutako neurri guztiak hartu: ordainketak eta zigorrak bertan behera uztea, adibidez.

Autoeskolen eta gidabaimenen kudeaketa ere Nafarroako Gobernuaren esku egonen da uztailetik aurrera. Horrekin lotuta, bideko segurtasunari buruzko formakuntzak eta kanpainak ere kudeatu beharko ditu. Trafiko istripuen inguruko informazioa zabaltzea eta horiek kudeatzea ere haien esku egonen da.

Gobernua eta EH Bildu, pozik

Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordioak askotariko erreakzioak eragin ditu herrialdeko talde politikoen artean. Oro har, Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek begi onez hartu dute berria. Geroa Baik eta EH Bilduk, ordea, «itunaren letra txikia» ikusi nahi dute balorazio xeheagoak egin aurretik.

UPN eta PP, ordea, uzkurrago agertu ziren. UPNk urteetan eginiko aldarrikapena izanagatik, alderdiko buru Javier Esparzak akordioa kritikatu du, «PSOEren eta Bilduren arteko hartu-eman merkea» delakoan. PPk, berriz, are gordinago hitz egin du: «Albiste txarra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.