Beste atzerapen bat. 2018ko urriaren 31n, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak konpromisoa hartu eta promes egin zion Uxue Barkos orduko lehendakariari trafiko eskumena itzuliko ziola Nafarroari. Hiru urte iragan dira, eta oraindik ez dute akordioa izenpetu bi gobernuek. Iragan irailaren hasieran, Nafarroako Gobernuak ziurtatu zuen Transferentzien Batzordeak abenduaren 1ean sinatuko zuela, baina, beste behin, kale egin du.
Gaur, Javier Remirez presidenteordeak eman du atzerapen horren berri gobernu kontseiluan, eta, hura justifikatu nahirik, esan du «aurrerapen esanguratsua» izan dela negoziazioetan, eskumen horren transferentziaren kontu teknikoen inguruan; hau da, Remirezen arabera, Nafarroak bere gain hartu behar duen eskumenaren nondik norakoetan, zein hura ezartzeko epeetan. Izan ere, eskumena apurka bere gain hartuko du, eta espero du prozesua «2024ko abenduaren 31 eta 2025eko abenduaren 31 artean» egitea.
Remirezen esanetan, politikoki hitzartuta baitago jada eskumen osoa bere gain hartzeak zenbateko inbertsioa eskatuko duen, eta ekarpen bidez zenbat aurreztu behar den. Kostu horren kalkuluaren zehaztapena «amaitzen» ari dira.
Hitzartzeko falta diren arloetako bat isunen kudeaketa da. Remirezen arabera, Trafikoko Zuzendaritzarekin akordioa negoziatzen ari dira, Nafarroako Gobernuak isun horien kudeaketa sistema «balia dezan».
Guardia Zibilaren «pasabidea»
Beste auzi polemiko bat da zer egin gaur egun trafikoaz arduratzen diren guardia zibilekin. Egun, 1.500 guardia zibil daude Nafarroan, eta horietatik 189 inguru arduratzen dira trafikoaz. Remirezen arabera, «pasabide bat» sortu nahi dute, hala nahi duten guardia zibilak Foruzaingora pasatu daitezen. Gobernuak 149 foruzain gehiago behar dituela uste du.
Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuaren lege proiektuan, kreditu berezi bat ezarri da hemezortzigarren xedapen gehigarri batean, eskumen hori bere gain hartuko duten langileen soldatak ordaintzeko. Nahiz eta zehazki eurei erreferentzia ez egin, xedapen horrek ezartzen du Foruzaingora pasatzen diren guardia zibilei osagarri bat pagatuko zaiela, egun kobratzen duten diruarekin alderatuta, diferentzia konpentsatzeko.
Foruzaingoaren barruan, sindikatu guztiak ez datoz bat erabaki horiekin. ELAren ustez, «ez lirateke lehenetsi behar Guardia Zibilaren moduko izaera militarreko polizia bateko partaideak». Salatu du 2022ko aurrekontuek horretarako bidea eman dutela, eta irmo salatu du osagarri bat jasoko dutela. ELAk «izaera zibileko Foruzaingo profesional» baten alde egin du apustu.