Urteroko salbea abestuko dute gaur, zazpi ahotsetara, Azkoitiko Eliza Nagusian (Gipuzkoa). Herriko ohitura da, baina aurten berritasun bat izango du: salbearen aurreko eta ondorengo kale bueltarik ez dute egingo Azkoitiko Udaleko ordezkariek. Orain arte, udaleko kideek prozesio moduko kale buelta bat egin izan dute salbearen aurretik eta ondoren; korporazioarekin, txistulariekin eta herriko banderarekin. Salbeari dagokionez, urtero bezala, talde eta zinegotzi bakoitzak erabakiko du elizara joan edo ez. Pello Bastarrika Azkoitiko alkatearen hitzetan, aurten eliza atarian bilduko dira udaleko ordezkariak, eta denak batera sartuko dira elizara: «Urtero bezala, nahi duena joan daiteke».
Azkoitiko udal gobernuak erlijio ekitaldietan duen parte hartzea aldatzea erabaki du, eta, hemendik aurrera, ordezkariak gonbidatu bezala edo modu pertsonalean bakarrik joango dira gisa horretako ekitaldietara. Alkateak adierazi du udal gobernua «laikoa» eta «akonfesionala» dela eta, beraz, ez dutela uste erlijioarekin lotutako ekintzak antolatu behar dituztenik. «Urteetan egin izan da kale buelta, baina, denborarekin, egoera aldatu egin da», azaldu du Bastarrikak. Hark dioenez, parrokiak gonbidatu du udala salbera, eta zenbait ordezkari joango dira: Bilduko alkatea han izango da, eta gainontzeko zinegotziak ere gonbidatuta daude. «Gonbidatu gisa joango gara, eta, beste urteetan bezala, dagokigun lekuan egongo gara».
Mikel Zubizarreta Azkoitiko Udaleko EAJko zinegotziak jakinarazi du ez dutela kale buelta kentzearen «ez aldeko, ez kontrako» jarrerarik: «Berez, udaleko alkate eta zinegotziak prozesioan irtetea eta herritarrek ikustea ez dut gaizki ikusten, baina kentzea ere ez zait gaizki iruditzen». Kale buelta kendu duten arren, salbera joateko asmoa dute EAJko zinegotziek. Zubizarretaren hitzetan, «ahal duten guztiak» joango dira.
EAJko zinegotziaren hitzetan, urte askoan herritarrek garrantzi handia eman diote salbe aurreko eta ondorengo kale bueltara joateari, baina «garaiak aldatzen ari dira», eta eurak ez daude «inolaz ere» aldaketen kontra. «Azkoitian oraindik ere indarra du erlijioak, baina gaur egun erakunde guztiek laikoak izan behar dute, eta herriaren beharren arabera lan egin», arrazoitu du Zubizarretak. Oro har, udalen eta Elizaren harremanaz galdetzean, zinegotziak adierazi du bakoitza libre dela «bere bidea» egiteko, eta ulertzen dutela, talde gisa, udalek «izaera laikoa» mantendu behar dutela .
Udala eta Eliza, bereizita
Julen Garate Azkoitia Bai taldeko zinegotziak adierazi du eurek «lehenagotik ere» proposatu zutela kale buelta kentzea eta, beraz, erabakiarekin ados daudela. Azkoitia Baiko ordezkariak ez dira inoiz izan salbean, eta aurten ere ez dira elizkizunera joango. «Beti esan izan dugu udala eta Eliza bananduta doazela: erlijioa gauza bat da; udala, bestea», argudiatu du Garatek.
Azkoitia Baiko zinegotziari «errespetu falta» iruditzen zaio salbea miresten duten adineko pertsona asko elizan zutik egoteaeta haiek, berriz, «zinegotziak izateagatik soilik» elizaren aurrealdean esertzea eta txalotuak izatea. «Tradizioa ez da jarraitu behar derrigor: ona bada bai, baina bestela, ez», azaldu du. Hala ere, Azkoitiko salbea herriko kulturaren zati dela esan du, eta beste ekintza kulturalak bezala hori ospatzen jarraitzea ongi iruditzen zaiola: «Udalak denei eman behar die ekitaldiak antolatzeko eta horietara joateko aukera».
Miguel Pascual PSE-EEko udal ordezkaria ere udalak hartutako erabakiarekin bat dator, baina ez zaio ongi iruditu erabakia hartzeko modua. Haren hitzetan, erabakia «inorekin kontsultatu gabe» hartu du udal gobernuak: «Ez dugu ulertzen prozesioa inori ezer galdetu gabe kentzea; galdeketa bat egin beharko litzateke herritarren iritzia jakiteko».
Pascualek iritzi argia du: «Herritarrek markatu behar duteudalen eta erlijioen harremana». Hala ere, zinegotziak adierazi du iritzia eman beharko balukete kale buelta kentzeko eskatuko luketela. Beraz, ados daude udalak hartutako erabakiaren muinarekin, bederen: «Zalantzarik gabe, ekintza erlijiosoek eta zibilek banatuta egon behar dute, ekintza erlijiosoak ohitura zibilen zati ez badira, behintzat». Pascual PSE-EEko ordezkari bakarra da Azkoitiko Udalean, eta ez da elizkizunera joango, ez baita inoiz elizara joaten.
Erakundeen hautua da
Gaurko egunez, elizkizun asko egingo dira Euskal Herriko herri eta hirietan. Donostian ere abestuko dute Aste Nagusiko ohiko salbea, eta Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko bi sailburu joango dira: Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntzako, Hizkuntz Politikako eta Kulturako sailburua.
Beste bide bati jarraitu dioten erakundeak ere badira, ordea: Zumaiako Udaleko ordezkariak (Gipuzkoa) ez dira erakundearen izenean erlijio ekitaldietara joaten. Hain zuzen, joan den otsailean onartu zuen udalak ekitaldi zibilak, hala nola ezkontzak edo hiletak erlijiorik gabe ospatzea nahi dutenak babesteko araua. Herritarrei ekitaldi horiek ospatzeko aukera aitortu die udalak, eta horretarako lekua izango dutela zehazten du txostenean.
Bestalde, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) izan da saninazioetan; iaz ez zuen halakorik egin lehendakari zen Patxi Lopezek. Ez dute, beraz, irizpide bera jarraitu Jaurlaritzan EAJk eta PSE-EEk ekitaldi erlijiosoetara joan edo ez erabakitzeran.
Tradizioaren korapiloak askatzen
Azkoitian tradizio den andramarietako salbearen aurreko eta ondorengo kale buelta ez dute egingo aurten, lehen aldiz. Azkoitiko udal gobernuko talde guztiek onartu dute erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu