Ingurumena

Toxico Watchen «azterlanaren faltsukeriak» gezurtatu ditu GHK-k

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ziurtatu du Biodonostiaren txostenek erakusten dutela Zubietako erraustegiak ez duela inolako eraginik.

Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidentea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2023ko azaroaren 7a
14:48
Entzun

GHK-k gogor egin du Toxico Watchek Zubietako erraustegiaren kutsaduraren inguruan egin duen azken txostenaren aurka. BERRIAk jasotako txosten horren arabera, nabarmen handitzen ari da inguruko dioxinen eta metal astunen kutsadura. GHK-k guztiz gezurtatu du hori: «Egindako baieztapenak gezurrezkoak dira, eta helburu bakarra dute: herritarrak ikaratzea eta Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ereduzko instalazioari aurka egitea».

GHK-k gogorarazi du 2019tik Biodonostiak egindako ikerketa zientifikoek erakusten dutela erraustegiaren instalazioak ez duela eraginik ingurumenean. Biodonostia da, GHK-ren arabera, jarraipen epidemiologikorako erreferentziazko erakundea. «Erabateko babes zientifikoa dauka».GHKren arabera, erakutsi du erraustegiak ez duela kutsadurarik sortu inguruko lurzoruan, esnean eta arrautzetan. Oso larritzat eta «onartezintzat» jo du «langileen aurka eta instalazioaren beraren aurka etengabe» egiten ari diren «jazarpen eta mespretxu kanpaina».

GHKren arabera, Toxico Watchen ikerketen helburu bakarra da Zubietako erraustegia geldiaraztea: «GHK-k gogorarazi nahi du Zubietako balorizazio energetikoko instalazioak teknologia modernoenak dituela, eta egiaztatu duela dioxinei dagokienez Europako araudiak ezarritako mugaren %90en azpitik daudela isurketak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.