Eusko Jaurlaritzaren segurtasun dispositiboak Frantziako Tourraren irteerari «arrakastaz» aurre egin diola azaldu du Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariorde eta segurtasun sailburuak. «Aurrekaririk gabeko erronka» bati «hutsik gabe» erantzun dioten profesional guztiei eskerrak eman dizkie eta aipamen berezia egin dio Ertzaintzari. Hala ere, azaldu du urteko garai honetan ohikoa dena baino ertzain gehiago ez zirela lanera agertu, eta zergatia ikertzen ari direla.
Tourraren harira protestarako deia eginda zuten ertzainen sindikatuek, bestalde, ohar batean kritikatu dute jazotakoaren gainean Jaurlaritzak eginiko balorazioa. Orain beste egun bati begira jarri direla esan dute: uztailaren 23ko bozetan zer egin aztertzen ari dira. Jaurlaritzari egotzi diote «bizkarra» ematea ertzainei.
Erkorekak nabarmendu du, orokorrean, ezbehar «aipagarririk» ez dela gertatu, eta Eusko Jaurlaritzak herritarren jarrera eskertu du. Portaera «eredugarria» izan dutela uste du: «Mugikortasunean eragozpenak izan dituzte, baina herritarrek ulertu dute». Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ere eskertu du euskaldunen jokabidea. 1992an Tourra Donostiatik irten zeneko egoera oraingoarekin alderatuta, elkarbizitzan egin den bidea goraipatu du: «Ikusitakoa erreferentziazkoa da gure gizartearen eboluzioa erakusteko».
Halere, grand depart-ak izan ditu zenbait gorabehera ere; tartean, bigarren eta hirugarren etapetan txirrindulariek izan zituzten zulatuak ikertzen ari direla adierazi du Erkorekak. Bestetik, Morgan (Bizkaia) lasterketari «boikot» egiteko saiakera bat egon zela ere baieztatu du. Horren harira, «Jarki antolakundeari lotutako» hemeretzi gazte identifikatu zituztela adierazi du, eta horietatik 11 inputatu.
Gure Esku, «hunkituta»
Tourreko lehen hiru etapetan antolatutako ekintzen aurreneko balorazioa egin du Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ere. Euskal herritarrek «harrotasuna eta euskal izaera» erakutsi dutela nabarmendu du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak. Bizi izandakoa «hunkigarria» izan dela adierazi du, eta nabarmendu «herri izaera hori» islatu behar dela burujabetza osoa lortzeko bidean. Bide horretan lanean jarraitzera deitu du.
Gaur Frantziako Tourra Euskal Herritik igaroko da berriro ere; sartu-irten bat egingo du Zuberoatik. Gure Esku bertan izango dela azaldu du Etxaburuk: «Gure herria zazpi lurraldez osaturiko herria dela erakusteko». Hara ere joateko deia egin diote jendeari.
Tourraren balorazio positiboa egin dute Gure Esku-k eta Jaurlaritzak
Erkorekak esan du lasterketari «hutsik gabe» erantzun diotela. Etxaburuk uste du «harrotasuna eta euskal izaera» erakutsi dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu