Zornotzatik (Bizkaia) abiatu eta Baionara arte 195 kilometro inguruko ibilbidea osatu zuten atzo Frantziako Tourreko txirrindulariek. Lasterketaren aurretik, ordea, Tourrean beste tropel bat joan ohi da. Dozenaka ibilgailuk, zein baino zein deigarriagok, osatzen dute publizitate karabana. Atzo, tropel horren barnean joan ziren BERRIAko bi auto.
Musika errepikakorra jarrita, bozina zalapartatsuak joz eta opariak banatuz joan dira enpresa handien irudiak dituzten ibilgailuak; tropeleko oilarrak, talde handietako txirrindulariak. Zaleek, ordea, txirrindulari apalak maite dituzte. Atzo, BERRIAko bi autoek jaso zuten bide bazterrekoen babesa. «Aupa, BERRIA!» egiten zuten oihu, eta txaloka hartzen zituzten hedabidearen bi ibilgailuak.
Astelehena izanagatik ere, jendetza batu zen errepide ertzetan. Zornotzatik Bizkaiko kostaldera abiatu zen lasterketa. Irudi ederrak utzi zituzten Lekeitiok eta Ondarroak (Bizkaia). Eguraldia lagun, kostaldeko herri dotoreak jendez lepo zeuden. Gipuzkoan sartuta ere giroa aparta izan zen: Itziarko gaina eta kostaldeko herri guztiak zalez beteta. Zer esanik ez Oriotik Igeldorako igoeran (Gipuzkoa). Zaleek olatu baten gisara egin zuten errepiderantz, karabanako ibilgailuak igarotzean. Autoak ia ezin ziren pasatu, eta zenbaitek eskuak ere sartu zituzten ibilgailuen leihoetatik. Donostiara heltzearekin batera, errazagoa izan zen gidarien lana. Hesitu egin zituzten hiriko kaleak, eta ikusleak ezin ziren errepidera bildu. Proportzioan, gainontzeko herrietan baino ikurrin gutxiago zeuden hiriburuan, eta turista asko errepide alboetan.
Gure Esku-rekin elkarlanean
Hesituta zegoen Irungo (Gipuzkoa) erdigunea ere; ez, ordea, Santiago zubia. Irun eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen zubia ikurrinez eta Nafarroako banderaz bete zuten. Gure Esku-k bertan antolatu zuen Tourrari lotutako ekitaldi nagusia. Behin Lapurdin sartuta, gune gutxi ageri ziren zalerik gabe. Kolore guztietako banderaz eta kartelez betetako autokarabanek apaindu zituzten bide bazterrak. Tartean, Tourrean oso ezaguna den deabrua ere agertu zen, eta BERRIAko autoetako batek ikurrina oparitu zion. «Aupa, BERRIA!» oihuek ez zuten etenik izan Lapurdin. Zale ugarik oihuka animatu zituzten BERRIAkoen ibilgailuak igarotzean.
Autoen barruan joan direnak pertsona ospetsuen pare sentitu ziren egun batez, klaxona joz eta bide bazterretako zaleak agurtuz. Ibilbideko azken kilometroetan, gainera, ikusleek txaloka eta olatuarena eginez ere hartu dituzte euskarazko kazetaren ibilgailuak; hedabidearen lana eskertzeko batzuek, opariren bat jasotzeko esperantzarekin beste zenbaitek. «Bota zerbait!», eskatu dute zenbaitek. Izan ere, ibilgailuetatik Gure Esku-k Tourrerako egindako 2.500 ikurrinak banatu dituzte; baita beste horrenbeste BERRIAren produktu ere: haizemaileak eta plastikozko ur botila berrerabilgarriak.
Hedabideari maiatzean iritsi zitzaion aukera Frantziako Tourrean presentzia izateko. Erronka handia izan da marketin sailarentzat. «Hilabete gogorrak izan dira», esan du marketin saileko langile Irati Azkuek. Burokrazia tramiteek eta Tourraren antolakuntzaren eskakizunek, uneren batean, «gainditu» egin dutela ere adierazi du. Hala ere, atzoko egunaren ostean, gustura eta lasaitua hartuta agertu da. BERRIAk «munduko» ekintza batean presentzia izatea lortu baitute.
Bilbon egon dira hiru egunez, Tourreko zaleentzat jarritako gunean zozketak egiten eta opariak partitzen. Atzo, enpresa erraldoien artean, publizitate karabanan bi ibilgailu ateratzeaz gain, irteeran zein helmugan Tourrerako egindako gehigarria banatu zuten.
Ainara Lasa Marketin saileko arduradunarentzat, bete dituzte Tourrerako zituzten helburuak: «BERRIArentzat interesgarria zen hogeigarren urteurrenari ikusgarritasuna emateko. Gainera, Zornotza eta Baiona arteko etapak BERRIAren nazio ikuspegia islatzen du». Karabanan egindako ibilbidea «luzea» egin bazaio ere, «ederra ere» izan dela esan du: «Jendea gertu sentitu dugu herriz herri».