«Totalitarioen aurrean tinko» aritzeko beharra azaldu du Lopezek

«Su-etenekin edo gabe, jarrera politiko bat edo bestearekin, ETA amaitu arte ez gara geldituko», esan du Zapaterok

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Londresen, ISIS enpresari egindako bisitan. IREKIA.
Erredakzioa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Indarkeria zerbaitetarako irtenbidea dela uste dutenen aurrean eta bere planteamenduak totalitarismoarekin inposatu nahi dituztenen aurrean» tinko aritu beharra aldarrikatu du Patxi Lopez lehendakariak, ETAk iaz bere aurka atentatua egiteko asmoa zuela zabaldu ondoren. Erresuma Batuan egin eta Eusko Jaurlaritzaren web orrian jarri dituen adierazpenetan esan ditu horiek Lopezek, Oxfordeko neutroi espalazioen iturrira bisita egin aurretik.

ETAkoak izatea egotzita aurreko astean Guardia Zibilak atxilotu ditueneta torturak jaso izana salatu duten lagunek iaz Patxi Lopez lehendakariaren edo Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren aurkako atentatua egiteko asmoa izan zutela zabaldu dute polizia iturriek. Atentatu hori, gainera, ETAk hil zuen Eduardo Puelles polizia inspektorearen heriotzaren lehen urteurreneko omenaldian egiteko asmoa zutela zabaldu dute. Erreakzioak, berehala hasi dira.

Lopezek berak, «mehatxatu guztiak» gogoan izan ditu, eta ETAren eta «bere ideiak inposatu nahi dituztenen» aurka irmo aritzeko deia egin du. «Tinko mantentzen gara haien aurka borrokatzeko, eta determinazioarekin Euskadin aro berri bat zabaltzeko, hori baita guztiok espero duguna», esan du.

Tinko mintzatu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua ere: «Su-etenekin edo gabe, komunikatuekin edo ez, eta jarrera politiko bat edo bestearekin, ETA herritarren bizitzetatik desagertu arte ez gara geldituko». Filtrazioen aurrean «zuhurtziaz» aritzeko eskatu du Zapaterok. Poliziak ikertzen ari direla azaldu du, eta denborak argituko dituela gauzak. Hala ere, «komando honen atxiloketarekin edo ez», Barne Ministerioaren «ondorioa» zein den esan du: «ETAk etorkizun bakarra duela, lehenbailehen eta betirako amaitu eta desagertzea». Areago, hori lortuko duen «konfiantza gero eta sendoagoa» dela adierazi du.

Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren «lan handia» txalotu eta «lortu duena» goratu du: «Agerian utzi duela Zuzenbide Estatua gailentzen zaiola ETAri; iritzi publikoarentzat lasaigarria den nagusitasuna duela ETAren gainean».

«ETAren mehatxua izan arren, Jaurlaritzak ez du terrorismoaren aurkako politika pittin bat ere aldatuko», ohartarazi du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, filtrazioaren berri izan ondoren.

Atxilotuen deklarazioetatik

Mendiak azaldu duenez, Estatuko Segurtasun Indarrek adierazi diote Barne Ministerioari ETAk Lopez edo Ares hiltzeko asmoa zuela. Ministerioak Aresi eman dio horren berri, eta Aresek esan dio Lopezi. Poliziak eta guardia zibilak ondorio horretara nola iritsi diren ere azaldu du Mendiak: atxilotuen deklarazioetatik eta polizien txostenetatik.

Horiek esan, eta Maiorga Ramirez Eusko Alkartasunako buruzagiak gaiari buruz egindako irakurketa txarretsi du Mendiak. Hain zuzen, filtrazioek beste helburu bat izango ez ote duten kezka azaldu du EAkoak publikoki: «Atxilotuek egindako tortura salaketak neutralizatzeko intentzioarekin lotura izan dezake filtrazioak».

Ramirezek ohartarazi du azkenaldian Guardia Zibilak eta Estatuko aparatuek hainbat informazio «prozesu historiko oso garrantzitsua zikindu nahian» zabaldu dituela, eta beraz, halakoekin tentuz ibiltzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.