Jose Ricardo de Prada (Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratua)

"Torturen auzian jende guztiak nahiago du beste aldera begiratu"

De Pradak dio 90ko hamarkadatik gaur egunera arte Auzitegi Nazionalak egindako bidea desegin behar dela. Uste du oinarrizko eskubide eta berme juridikoak errespetatu gabe hainbat pertsona zigortu dituztela.

jokin sagarzazu
2013ko ekainaren 23a
15:40
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko egoitza nagusia zaharberritzen ari dira. Baina epaileen bulegoak ez dituzte oso urruti eraman. Poliziaren kontrola pasa, eta Jose Ricardo de Prada magistratuaren bulegora igo dira argazkilaria eta kazetaria, bakarrik. Bulego txikia dauka magistratuak. Musika klasikoa entzuten ari da irrati txiki batetik, suabe, arratsaldeko lehen orduetan. Lan mahaia eta armairuak paperez eta liburuz beteta dauzka, eta denak ez dira bere ofizioarekin loturikoak. Poesia liburuak ere baditu. Espainiako 27.eneko belaunaldiko idazleen antologia bat. De Prada Zigor Salako magistratua da. 1990etik dago Auzitegi Nazionalean. Aurretik Euskal Herrian izan zen, Bilbon, epaile instruktore gisa.

Zeintzuk dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren erronkak?

Asko kritikatu daiteke Auzitegi Nazionala. Adibidez, ez dela neutroa izan terrorismoaren aurkako borrokan. Eta ez da izan. Nire iritziz, horrek eragin okerra izan du maila demokratikoan eta zuzenbide estatuaren kalitatean. Orain garrantzitsua da horretaz konturatzea eta onartzea, oker horiek zuzendu ahal izateko eta egindako bidean atzera egiteko.

Nondik hasi beharko litzateke?

Zigor zuzenbidearen arloan badira zigor tipo batzuk zeinak ez dauden egoki eginda edo ez diren oso zehatzak eta epaitegiek oso modu zabalean interpretatu dituzten; bereziki, terrorismoa ez diren egoeretan. Interpretazio hori aldatu behar da aurrena.

Eta noraino egin behar da atzera?

1990ean hasi nintzen Auzitegi Nazionalean lanean, eta orduan bazegoen halako bat egite orokor bat, legeari buruz eta jurisprudentziari buruz, terrorismoa definitzeko orduan. Baina une jakin batean, 1998tik aurrera, neurrigabe hasi zen zabaltzen definizio hori, eta terrorismoarekin zerikusirik ez duten hainbat egoeratara hedatu zen; kale borrokara, adibidez. Hori desordena publikoa izan daiteke, baina ez terrorismoa. Urte hauetan, beraz, terrorismoaren definizioa zabaltzen joan da, eta ia dena konstituzioaren 55.2 artikuluaren pean geratu da, eskubide oinarrizkoenak indargabetzeko aukera eskainiz: atxiloaldiak luzatzea, inkomunikazioa...

Zergatik egin zen aldaketa hori?

Barne Ministerioaren politikengatik, Aznarren garaian bereziki, eta auzitegi honetako epaile batzuen babes juridikoarekin.

Eta zein izan da eragina?

Ezker abertzalearen inguru ideologikoa kriminalizatu egin da, terroristatzat joz. Sektore horrek babes ideologikoa eman diezaioke ETAri, baina ez materiala. Eta ezberdintasun hori ez egiteak oso ondorio larriak ekarri ditu. Izan ere, nekez har daiteke terroristatzat ETAren helburu ideologikoekin bat egitea, ez bada babes materialik ematen edo ez bada borroka armatuan parte hartzen. Hori gehiago da askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna... Horregatik diot oso garrantzitsua dela legea ongi eta zorrotz definitzea eta epaileek bereizten jakitea zer den kolaboratzea edo terrorismoa sustatzea eta zer ez.

Inkomunikazioa aipatu duzu. Zer iritzi duzu neurri horri buruz?

Oso okerra dela. Inkomunikazioak kontrolik gabeko guneak sortzen ditu, eta horrek ahalbidetu ditu oso gaitzesgarriak diren tortura eta tratu txarren kasuak. Horren harira, eta era berean, deitoratu behar da epaile batzuen jarrera, gertaera hauek ez dituztelako ikertu eta ez dutelako aplikatu inkomunikazioari buruzko protokolorik. Auzitegi Nazionalean egon naizen urteetan oso gauza gogorrak ikusi ditut. Eta esan beharra dago ETArekin lotutako atxilotuen abokatuek alor honetan lan handia egin dutela. Hainbat gertaera galarazi dituzte.

Beste aldera begiratu al da?

Bai, askotan. Tortura kasu larriak egon dira, hala frogatu izan delako. Eta hori ez diot nik, hori esaten dute nazioarteko erakundeek. Utzikeria handia egon da auzi hauek ikertu behar zituzten epaileen aldetik.

Soilik epaileen aldetik?

Ez. Auzi honetan jende guztiak nahiago du beste alde batera begiratzea. Tortura kasuak modu eraginkorrean saihesteko, ikertzeko eta zigortzeko baliabideak ez jartzea ezin da inola ere onartu zuzenbide estatu batean.

Eta nola zuzendu daiteke hori?

Epaiketak egiteko orduan, hori baita nire alorra, epaileok argi aldatu behar dugu gure jarrera, eta askoz ere kritikoagoak izan deklarazioak hartu diren moduarekin, bai polizia aurrean egin diren deklarazioekin bai epaile instruktorearen aurrean eginikoekin. Ongi aztertu behar dugu froga gisa kontuan hartzekoak diren edo ez.

Zer iruditzen zaizu Garzon protokoloa deiturikoa?

Aurrerapen garrantzitsu bat da, baina hutsune nabarmenak ditu. Ez daukat konfiantza osorik protokolo horrekin. Hobetu daiteke. Ezin da espazio hutsik utzi.

Gorenak atzera bota zuen Portu eta Sarasolaren auziko epaia. Zergatik da ohikoa Euskal Herrian epaitutako kasuak Madrilen atzera botatzea?

Egia da Euskal Herrian kontzientziazio handiagoa dagoela eta beste era batera ikertu direla. Kasu honetan zehazki Gipuzkoako Auzitegiak oso ikerketa zehatza eta sakona egin zuen, baina Gorenak zatitu egin zuen epaia, horrela desaktibatu ahal izateko sententzian zeuden argudio indartsuak eta apurtu ahal izateko osotasunaren koherentzia. Eta sententzia bati buelta eman nahi badiozu, buelta ematen diozu, baina arazoa da auziei nola aurre egiten zaien: alegia, posizio etiko jakin batean oinarrituta egin behar dela, neutraltasunean, eta giza eskubideekiko sentsibilitatea erakutsiz.

Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratua bere bulegoan.
De Pradak dio 90eko hamarkadatik gaur egunera arte Auzitegi Nazionalak egindako bidea desegin behar dela. Uste du oinarrizko eskubide eta berme juridikoak errespetatu gabe hainbat pertsona zigortu dituztela. Marta Jara / Argazki Press

Une honetan, espetxe politikak izan behar du lehentasuna?

Uste dut aurrera egin behar dela baliabide guztiak eta bide guztiak erabiliz. Berebiziko garrantzia dauka gai honek, eta lan handia dago egiteko. Hasi baino ez gara egin, baina ekinbide asko daude martxan. Dena den, arazo bat da ETArekin loturiko presoen artean gehiengo batek ez dituela onartzen zenbait egoera; irtenbide kolektiboak nahi dituzte. Hor badagoela konfrontazio gogor bat Barne Ministerioarekin.

Aldatu beharko lirateke espetxe onurak jasotzeko baldintzak?

Bai. Zigor Kodean aldaketa batzuk egin dira, eta horietako batzuk duela gutxi, zeinak espetxe  arloaren garapena galarazten duten. Oso garrantzitsua izango litzateke alor honetan legea aldatzea. Ez dago arrazoirik preso batzuk eta besteak bereizteko.

Baldintza horien oinarrian mendekurako gosea dagoela diote presoen gertukoek. Zer uste duzu zuk?

Bai, esan daiteke modu batean badagoela. Eta hori eta gisa horretako jarrerak onartezinak dira beti, eta are gehiago gaur egungo egoeran. Uste dut badagoela aukera bestelako ekinbide batzuk bultzatzeko, presoen egoera konpontzeko, eta, bide batez, presoak has daitezen biktimen mina aitortzeko bidea egiten. Horretarako, beharrezkoa da biktimak eta gizartea aukera berrietara irekita egotea ere, eta onartzea zigortuen gizarteratzea eskubide bat dela.

Zein baldintza bete behar dituzte presoek zure ustez?

Arrazoi ideologiko eta politiko sakonengatik jardun duen talde armatu bati eskatzea bere konbikzioak alde batera uztea eta erratu egin zela onartzea, agian, oso gauza konplikatua da. Urte asko pasa beharko lirateke hori gertatu ahal izateko, eta egun ez dauden baldintza batzuk egon. Baina uste dut zentzuzko bide bat izan daitekeela hori banaka egitea. Formula ezberdinak egongo lirateke horretarako, kasuan kasu aplika daitezkeenak. Baina ezin gara hitzarekin trabatu. Kasu honetan garrantzitsuena da jarrera horren edukia eta ondorioak, eta ez formak. Forma zehatz bat exijitzeak ez dauka zentzurik. Aztertu beharko litzateke zer-nolako ekinbideak abiatu daitezkeen. Ezin dena inolaz ere onartu da impasse egoera hau. Kezkagarria da.

Eta biktimek zein egiteko bete behar dute prozesu honetan?

Berriz idatzi behar da terrorismoaren biktimaren kontzeptua, ETAk bakarrik ez dituelako eragin biktimak. ETAk eragindako biktimei buruz, elkartasun handia sentitzen dut haiekin, baina aktore politiko bihurtzen diren arte. Momentu horretatik aurrera, tranpak egiten dituzte. Gure errespetu eta elkartasuna aprobetxatzen dute euren intereserako. Aktore politiko indartsuak dira. Baina biktimek ezin dute etorkizuna baldintzatu, adiskidetze prozesu bat frustratu edo baldintzatu egoera jakin bati eman nahi zaion zentzuzko irtenbidea.

Inpunitateaz hitz egiten dutenean, epaile moduan, zer sentitzen duzu?

Une honetan inpunitateaz hitz egitea ez da serioa eta ez da zuzena. ETAko presoei ezartzen zaien legeria ikusita, esango nuke kontrakoaz hitz egin daitekeela. Egia da zenbait egoera gera daitezkeela erantzun judizialik gabe, delitua preskribatuta dagoelako-eta, baina auzi horiek ez dute zertan egiarik eta erreparaziorik gabe geratu. Kasu horientzat, eta ez soilik ETAren biktimentzat, justiziarekin paraleloak diren mekanismoak abia daitezke: ikerketa batzordeak, adibidez.

Zergatik ari da atzeratzen horrenbeste preso gaixoen kaleratzea?

Biktimen elkarteek eragin handia dute horretan. Eta fiskaltza izuti bat daukagu. Ez da independentea: gobernuari eta presio mediatikoari begira dabil une oro. Ausardia falta horregatik, Espetxe Zaintzako epaileak bere gain eta bakarrik hartu behar ditu zailtasun handiko erabakiak eta jasan behar ditu presioak. Dena den, uste dut Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailea, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren babesarekin, lan bikaina egiten ari dela eta aurrera egin daitekeela, zigorrak modu zentzuzko eta humanitario batean ezarriz eta mendekurako asmoei ateak itxiz.

Hainbat epairen aurka boto partikularra eman duzu. Zergatik? Bakarrik sentitu zara inoiz?

Bai eta ez. Auzitegi Nazionalean oso epaile ausartak egon dira. Juan Jose Lopez Ortega, adibidez. Hark gauza asko esan zituen terrorismoaren aplikazioaren zabaltzearen aurka. Eta inguru politiko guztia kriminalizatu zen garaian esan zituen, gainera. Une horietan ez zara bakarrik sentitzen. Beti daude bidelagunak. Epaile hauek joan zirenean, baina, sentitu nuen bakardadea. Orain ezberdina da egoera, kalitate handiko epaile batzuk daudelako, ikuspuntu argiak dituztelako eta giza eskubideak merezi duten tokian kokatzen dituztelako. Dena den, nik ere sinatzen ditut ebazpen asko ados egon ez arren. Baina beste une batzuetan beharra sentitzen dut nire iritzia agertzeko, oinarrizko zerbait delako niretzat, betebehar moral baten modukoa.

Eta une honetan erantzukizun handiagoa duzula uste duzu?

Bai. Eta egun askoz ere gehiago kezkatzen naute zenbait egoerak, eta pentsatzen dut boto partikularrek balio dezaketela askoz ere gehiago, eraikitzaileagoak izan daitezkeelako. Aurreko urteetan egon dira uneak non korronteak dena eramaten zuen eta boto partikularrek ez zuten ezertarako balio. Dena den, oso ohituta nago oso kohesionatuta ez dauden saletan egotera; bakoitzak egiten du behar duena, eta kito.

Esan nahi duzu batzuek posizio politikoak defendatzen dituztela?

Bai. Argi daukat hala dela. Parot doktrinarekin oso argi ikusi da hori. Niri gustatuko litzaidake argudio juridiko serioak topatzea. Argudio bat entzuten ari naizenean ez pentsatzea hori argudio sasijuridiko bat dela eta jarrera politiko bat dagoela atzean. Uste dut epaileok zintzoak izan behar dugula eta argudio juridikoen gainean soilik eztabaidatu behar dugula. Eta horrela egiten badugu, ondorio juridikoetara iritsiko gara. Baina, oro har, konturatzen naiz alor juridikotik haratago doazela epaile batzuk. Eta une horretan sentitzen duzu argi eta ozen hitz egiteko beharra.

Nola ikusten duzu epaile instruktoreen lana. Botere gehiegi dute?

Baliteke botere gehiegi izatea. Eta Auzitegi Nazionalean are eta gehiago, gai oso garrantzitsuak ezagutzen dituztelako. Auzitegi honetan epaile instruktore bat izan daiteke pieza giltzarri bat Barne Ministerioaren politikan. Epaileek botere handia dute, eta Ministerioak badaki hori. Askotan sintonia moduko bat bilatzen da bi aldeen aldetik.

Eta zer iruditzen zaizu epaile instruktorearen esku uztea oinarrizko eskubide batzuen gaineko kontrola? Jarraipenak, debekuak, inkomunikazioa... ezin ditzake erabili, adibidez, akusazio bat sortzeko?

Agian ez da egokiena epaile instruktoreen esku uztea eskubide horien gaineko kontrola. Epailea, instrukzioa hasten duen unetik, inkisidore bat da. Eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu delitua ikertzeko eta jarraitzeko, eta baliabide horietako batzuk zalantzazkoak izan daitezke, edo muga-mugan egon daitezke, oinarrizko eskubideak daudelako tartean. Horregatik, baliteke ez izatea egokiena epaile horrek berak bermeak kontrolatzea. Epaile instruktorearen eskuetan funtzio ugari uzten dira, eta horrek ezbaian jartzen du oinarrizko eskubideen bermatzaile gisa.

Polizien txostenen gehiegizko erabilera al dago bai instrukzioak bai epaiketak egiteko orduan?

Bai. Zenbait kasutan, epaitegiek txosten horiek bere egiten dituzte inolako jarrera kiritikorik agertu gabe. Eta epai edo ebazpen judizialetan ia bere horretan sartzen dituzte inolako analisirik gabe. Epaileok konturatu behar dugu poliziak adituak direla, bai, baina baita iritziak sortzen dituztela ere datu objektiboetatik haratagoko argudioak erabilita. Horregatik, epaileok txosten horien inguruko balorazio egokia egin behar dugu, eta horietatik soilik kontuan hartu behar ditugu babesa duten datu eta ondorioak. Baina ezin dena onartu da poliziek duten iritzia gailentzea. Askotan sententzia oso kezkagarriak ikusten dira.

Bateragune auzian horrela izan da?

Bai. Bai Auzitegi Nazionalaren epaian eta bai Goreneko epaian epaileek bere egin dute, ezertxo ere zalantzan jarri gabe, Poliziak esaten duena.

ESANAK

Zigorrak. "Nekez har daiteke terroristatzat ETAren helburu ideologikoekin bat egitea, ez bada babes materialik ematen edo ez bada borroka armatuan parte hartzen. Hori gehiago da askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna".

Tortura. "Oso gauza gogorrak ikusi ditut. Eta esan beharra dago ETArekin lotutako atxilotuen abokatuek lan handia egin dutela. Hainbat gertaera galarazi dituztela".

Espetxe politika. "Esan daiteke modu batean badagoela [mendeku gosea]. Eta hori eta gisa horretako jarrerak onartezinak dira beti, eta are gehiago gaur egungo egoeran".

Epaileak. "Gustatuko litzaidake argudio juridiko serioak topatzea. Argudio bat entzuten dudanean ez pentsatzea argudio hori sasijuridikoa dela eta jarrera politiko bat dagoela atzean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.