Torturen Aurkako Egunean biktimak aitortzeko eskatu du Foro Sozialak

Jaurlaritzari galdegin dio ekitaldi bat antolatu dezala ekainaren 26ari begira. Horretarako «baldintza guztiak» daudela uste du foroak

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko kideak. BERRIA.
jon olano
Donostia
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
2019ko ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Elkarrekin Podemos-IUren legez besteko proposamen bat, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatuzion ekitaldi bat antolatu dezala torturaren biktimei aitortza emateko. Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, gaur egun «baldintza guztiak» daude datorren ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, 2019ko agindu hori gauzatzeko eta «torturaren biktimak aitortzeko maila goreneko ekitaldi forman». Foro Sozial Iraunkorra modu diskretuan hasiko da lanean eragile politiko eta sindikalekin nahiz biktimekin, 2019ko adostasun horrek «fruituak» eman ditzan.

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek agerraldi bat egin zuten atzo goizean Donostian, torturaren aitortzaren beharra azpimarratzeko. Eskaera zehatzak egin zituzten: Jaurlaritzari galdegin diote, «ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuz», biktimak «modu sinbolikoan» aitortzeko ekitaldi bat antolatzeko, osasun arauak errespetatuz. Altzelaik eta Hernanek garrantzitsutzat jo zuten ekitaldi horretara gonbidatzea Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaz eginiko txostenean jasotzen diren Poliziaren biktimak; Guardia Zibilarenak, Espainiako Poliziarenak nahiz Ertzaintzarenak.

Era berean, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten torturaren biktimei laguntzen jarrai dezatela, «eskura dituzten baliabide guztiak haien esku jarriz, dagozkien eskubideak lortzeko bidean; egia, aitorpen ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak». Foro Sozialaren esanetan, «pausoak ematen jarraitzeko unea» da, «hainbeste urtetako diskriminazioari aurre egiteko garaia», uste baitute torturen errealitatea «agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean» dagoela.

Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eginiko txostena 2017ko abenduan aurkeztu zuten, eta 4.113 tortura kasu jaso zituzten 1960 eta 2014 artean Euskal Herrian. Zehazki Espainiako Polizia izan zen EHUk jaso zituen tortura kasuen artean salaketa gehien biltzen zituena, 1.792 guztira, eta antzeko kopurua du Guardia Zibilak ere: 1.785. Ertzaintzaren kasuan 336 tortura kasu jaso zituzten txostenean.

Foro Sozialak gogorarazi du dokumentu horretan aipatzen diren zifrak «errealitatearen azpitik» zeudela, Nafarroako kasuak ez daudelako bertan jasota. Kriminologiaren Euskal Institutuak berak Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako lehen txostenean 169 kasu zenbatu zituzten, 1960tik 1978ra bitartekoak.

«Paradigma aldaketa»

Izan ere, «paradigma aldaketa bat» gertatu dela uste du Foro Sozialak, eta azken hilabeteetako gertakari ugari zerrendatu zituzten atzo. Esaterako, Hernanek eta Altzelaik gogoan izan zituzten Nafarroako Parlamentuak eta Jaurlaritzak Mikel Zabalza zenaren senideei eginiko aitortza, Zabalzaren hilketaren kasuan Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketak eragindako «lurrikara» eta Non dago Mikel? dokumentalaren Madrilgo aurkezpenera Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko orduko presidenteordea joan izana.

Felipe Gonzalez gobernuburu ohiak GALen sorreran izandako zereginaz, CIAk eginiko txostena zabaldu izana eta tortura kasuak behar bezala ez ikertzeagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu izana ere oroitarazi zuten. Era berean, aurrerapausoen artean aipatu zuten ordezkari politiko ugarik —tartean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak— azken hilabeteetan eginiko adierazpenak.

Biktimen aitortzaz harago, foroak nahi du «biktimagileek, erantzukizun politikoa zutenekin eta torturaren praktika babestu zutenekin batera, eragindako kaltea aitortzea», eta gobernuek «erreparazio ekintzak» gauzatu behar dituztela. Izan ere, foroaren iritziz, «biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruzko adostasun instituzionala eta politikoa dago, torturak bereziki aipatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.