Tres Cantosen [Madril] egon nintzenean, lehen galdeketa izan zen gogorrena, zalantzarik gabe». 2004ko urriaren 3a zen, eta Guardia Zibilak Burgosen (Espainia) atzeman zuen Pello Alcantarilla (Donostia, 1960), autobidean zihoala, kamioiarekin, lanean. ETArekin lotura zuelakoan atxilotu zuten. Kontatu du tortura mehatxuak egin zizkiotela Madrilera bidean, musika oso ozen jarrita eta etengabe oihuka. Tres Cantosen jarraitu zutela torturek. Eta Diego Perez De los Cobos Guardia Zibilaren koronela han ikusi zuela. BERRIArekin jarri da harremanetan orain, ikusia kontatzeko. Perez De los Cobos kargugabetu berri du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, «konfiantza faltagatik». Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Martxoaren 8ko mobilizazioek koronabirusa zabaltzen izandako eraginari buruzko txosten faltsu bat egin izana dago oinarrian. Telebistan ezagutu du Alcantarillak: «Bera da».
Alcantarillaren testigantzak erreakzio ugari eragin ditu, Katalunian batez ere.
Ongi gogoan du Burgostik Madrilerako bidea: «Itolarriak eta izuak harrapatu egin ninduten; ezin nion eutsi hanken dardarari». Tres Cantosko komandantziara eraman zuten segidan. «Forentsearekin egon ondoren, kalabozotik bortizki atera, eta begiak itxita eraman ninduten plastikozko zoru marroia zuen gela txiki batera». Hor hasi zitzaizkion joka eta irainka, haren hitzetan: «Kolpe oso bortitzak eta azkarrak ematen zizkidaten zilar koloreko bi marra zituen borra beltz handi batekin. Bereziki buruan, lepoan eta besoetan jotzen ninduten. Atzerantz erortzen nintzenean, atzean nituenek aurrera egiten zidaten bultza. Guztia oihu eta irain atmosfera sinestezin batean. Uste nuen amesgaizto batean nengoela». Barrabiletatik heldu, eta oihu egiten ziotela kontatu du. Eta berriro kolpeak eta irainak etengabeak izan zirela.
Pello Alcantarilla. / Maddi Ane Txoperena Iribarren
«Ikusi nuenean poltsa jarriko zidatela eta ez nuela jasango, esan nien aski zela, hitz egin egingo nuela». Orduan ikusi zuela dio. «Besteek jotzen eta torturatzen ninduten bitartean, momentu batean, amore eman nuenean, mugitu, eta atzean eta ondoan, hor zegoen De los Cobos, niri begira, zain: noiz etsiko nuen. Ikusi egin nuen». Dioenez, haren ahotsa ere entzun ahal izan zuen, torturatu zutenetako bati mintzo: «Hala esan zion ondoan zuenari: 'Gracias, comisario'. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen».
Azken urteotan Guardia Zibilaren barnean ardura postuak izan ditu De los Cobosek. Kataluniako 2017ko erreferendumaren aurkako polizia operazioa hark gidatu zuen, eta 2019ko martxoan harengatik deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Madrilgo komandantziako buru izan da azken urteotan. Azken egunotan, Alcantarillak behin eta berriro ikusi du telebistan: «Duela bi hilabete ikusi nuen, eta esan nuen: hau da». Ez zion garrantzi berezirik eman. «Baina orain etengabe ikusten ari naiz, eta... gaizkitu egiten naiz». Haren irudia etengabe ikusteak «samina eta gorrotoa» eragin dizkio, eta bizi izandakoa azaleratzeko beharra.
Uste du «komisario» hitza nahasteko erabili izan dutela torturatzaileek, Guardia Zibilean ez baitago komisario posturik: «Kideekin hitz eginda, beste batzuei ere gauza bera gertatu izan zaie. Despistatzeko egiten dute».
Torturaren ondorioak
2004ko atxiloketa hartan De los Cobos ikusi eta hitz egin ondoren ere ez zuten etenik izan Alcantarillaren aurkako torturek. «Konturatu ziren engainatu egin nituela, eta ero moduan etorri ziren niregana. Ni ez nengoen prest horretarako, eta hor egin nuen aparatuarena». Bere buruaz bertze egiten saiatu zela kontatu du, hortzetako aparatua irentsita. «Hiltzen ari nintzela sentitzen nuen, luze joko zuela, eta belauniko erori nintzen». Oihuka hasi zen; zintzurretik odoletan gero. «Horrek salbatu ninduen. Ospitalera eraman ninduten, eta horren ondoren kontu handiagoz ibili ziren. Le Vertek [Frantziako epaileak] estradizioa eskatu zuenean, ja erabat aldatu zuten jarrera». 2004ko abenduan jarri zuen torturengatiko salaketa Alcantarillak, baina denbora batera artxibatu egin zuten. 2005ean, Frantziaratu egin zuten, eta, 2010ean, hamar urteko espetxe zigorra jarri zion Parisko Auzitegiak. 2012an utzi zuten aske.
Ondorio larriak izan ditu torturak Alcantarillaren bizitzan. «Izututa sartu nintzen kartzelara: ezin nintzen bakarrik egon». Bere buruaz bertze egiteko gogoa izan zuen, klaustrofobia atakeak. «Kartzelatik atera nintzen, pasatu dira ia zortzi urte, eta botikak hartzen ari naiz». Antsietatea eta depresioa pairatu dituela jasotzen du Paco Etxeberriak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostenak. «Irtetean, psoriasi larri bat izan nuen hankan. Sei urtez egon naiz horrela, ia ezin ibiliz». Amorrua sentitu du egunotan: «Inpunitate osoa dute; lotsagarria da».
Ez da De los Cobos torturarekin lotzen duten lehen aldia. Kepa Urrak ere 1992an jasaniko torturagatik salatu zuen, eta kasu horregatik epaitu egin zuten. 1997ko azaroan absolbitu zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegiak; bertze hiru guardia zibil zigortu zituen.