Euskal Herriko Torturatuen Sarea sortzear dira, eta talde sustatzaileak bi gogoeta helarazi ditu otsailaren 15eko hitzorduari begira. Donostiako Kursaalean elkartu nahi dituzte polizien torturak pairatu izan dituzten euskal herritarrak, «jasandako torturen kontzientzia hartzeko» garaia dela iritzita.
Lehenik eta behin, prozesuari berari eman nahi izan diote balioa: «Behetik gorako eratze prozesu iraunkorra izan da». Iazko urtearen hasieran Euskal Herri mailako sare bat eratzeko asmoa zutela jakinarazi zutenetik, dozenaka batzar egin dituzte hainbat herritan, lurralde osoan. Ehunka torturaturekin izan dituzte batzar horiek, modu diskretuan, soilik haien artean eta haientzat osatutako batzarrak baitziren. «Ariketa sakon bezain osasungarria izan da, kontziente baikara tortura pairatu dugunok barruan dugun minaz, baina baita min hori askatu eta horrekin zerbait egiteko dugun beharraz ere», diote oharrean.
Azken urtean egindako ariketa hori emankorra izan delakoan daude, elkar entzun eta zainduaz egin dutelako bidea, eta torturatuek modu «berezian» ulertu dutelako elkar. Sareak hori eskaintzen duelakoan daude, hain zuzen: elkar ulertzeko eta zaintzeko leku batean egotea beste torturatu batzuekin batera.
Sarean parte hartzeko deia
Horregatik dei egiten diete torturatuak izan direnei sarearen parte izan daitezen: «Izan ere, herri honetan oraindik ere argia ikusi gabeko sufrimendu handia dugu; milaka eta milaka izan gara torturaren amesgaiztoa pairatu izan dugun euskal herritarrak. Egin ziguten horrek gure bihotzeko txoko ilun eta ezkutuenean gordeta jarraitzen du». Sareak eskaini nahi diena da aitortzarako bidea elkarrekin egitea: «Badakigu zer sufritu zenuen, eta bakarrik ez zaudela transmititu nahi dizugu».
Bestalde, jasandako tortura horien kontzientzia hartzeko garaia dela uste dute, urtebetean izan dituzten batzarretan entzun baitute «horrenbeste» torturatu ez zituztenen testigantzak ere: «Niri elektrodoak edo poltsa ez» modukoak. Hamar egunez kalabozoko argia piztua edukitzeak, biluzik jarrarazteak edo begiak estalita galdekatzeak ere torturak direla azpimarratu dute. «Asko kostatzen da geure burua torturatutzat errekonozitzea, errealitate horri aurre egitea. Jasaten ari zinen hori gelditzen saiatzeko eraiki behar izan zenituen defentsa mekanismoak ez dira zure ardura. Kendu zama hori ere gainetik», diote oharrean. Horren atzean dagoena da eraikitako sistema bat, sarearen ustez, «haien eskuetan erortzen ziren pertsonak suntsitzeko, baina garaia heldu zaigu erakusteko ez zutela lortu. Aitortzaren bidea urratzeko garaia da, guztiok elkarrekin».
Horrenbestez, sareko parte izan nahi duten guztiak deitu dituzte datorren larunbatean hilaren 15ean Donostiako Kursaalean elkartzera. 10:30ean hasiko da batzarra.
Nafarroako Gobernuak aginduta Euskal Kriminologia Institutuak egindako ikerketaren arabera, 1960tik 1.068 tortura kasu baieztatu zituzten, ofizialki. Eusko Jaurlaritzak aginduta egindako ikerketan, 4.311; guztira, 5.379. Egiari Zor plataformak esan izan du badakitela hor ez direla ageri torturatu guztiak.