Iragan asteartean Torturaren Aurkako Eguna izanik, egun horri lotutako ekitaldia behar zuen atzo Euskal Memoria Fundazioak Donostian eginikoak, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegian asteartean bertan Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren aurkako torturen inguruko epaia emanda, ebazpenak protagonismoa hartu zuen. Tortura: Egia, justizia, aitortza izenburupean mintzatu ziren Antton Etxebeste Euskal Memoriako kidea, Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea eta Jose Schulman Argentinako Giza Eskubideen Ligako idazkari nagusia.
1960tik 2014ra bitartean izandako tortura kasuei buruz Eusko Jaurlaritzak eginiko txostenaren koordinatzaileetako bat da Pego, eta hark xehatu zuen Estrasburgoren astearteko epaia. Azaldu zuenez, orain arteko epai guztiek elementu komunak dituzte: «Elementu nagusia da artikulu hori prozeduraren alorrean urratzeagatik zigortu izan dutela Espainia». Orain arte, Estrasburgok kritikatu izan du instrukzio epaileek ez dituztela behar bezainbeste ikertu tortura salaketak. Horrez gain, Estrasburgoren jurisprudentziak estatuen gain uzten du gertatutakoaren froga: «Irauli egiten da frogaren ardura: estatuari dagokio frogatzea atxilotu bat zergatik dagoen zaurituta».
Pegoren iritziz, «ukazioaren tesia» elikatu da: «Ez da ikertu, baina torturatu da?». Hari, ordea, «agian, larriagoa» iruditzen zaio torturak ez ikertzea: «Gauza bat da tortura debekatzea, baina egon behar dira mekanismoak ziurtatzeko horiez dela ». Pegoren arabera, Porturen eta Sarasolaren auzian emandako epaiaren berrikuntza nabarmenena da Espainia zigortu dutela 3. artikulua alor materialean urratzeagatik; hots, «tratu ankerrak» emateagatik, ez soilik ez ikertzeagatik. Zergatik eman du orain pauso hori auzitegiak? Argi du Pegok: «Lehenik, instrukzio epailearengatik. Ez zen mugatu auzitegi medikuen txostenak eskatzera. Ikerketa bat egin zuen». Auzitegi medikuek auzi horretan eginiko txostenei ere garrantzia eman die: «Aztertu zuten bateragarriak al ziren lesioak eta polizien nahiz atxilotuen testigantzak. Elementu inportantea izan da». Gainera, «aurrerapausotzat» jo zuen Estrasburgok kargu hartu izana Espainiako Auzitegi Gorenari: «Gipuzkoako Auzitegiaren tesia desegin besterik ez zuen egin, beste bat eskaini gabe».
Ez zuen bereizi tratu ankerren eta torturaren artean: «Dena da larria. Sailkapen hori modu interesatuan egitea delituari garrantzia kentzeko, giza eskubideekiko errespetuaren aurkako jarrera bat hartzea litzateke». Pegok ondorioztatu zuen «prebentzio mekanismoek» ez dutela funtzionatu: «Ahultasunak dituen sistema demokratiko batean gaude».
Tortura tabuaren adierazpide ugarirekin lotu zuen Etxebestek: haren ustez, torturen ukazioa da tabu forma nagusia, eta, bigarrenik, eufemismoen erabilera: «Hitz egiten da abusuez, gehiegikeriez, lesioez... Hitzokin, gizateriaren aurkako krimenak mozorrotzea dute helburu». Horrekin batera daude kasu bakantzat jotzea eta epai eskasia. Ukatze horretan, «ETAren ustezko eskuliburua» aipatu zuen: «Argudio eskasa da. Milaka lagunek izan dute eskura?». Halaber, gaiaren inguruan hainbat neurri hartzea proposatu zuen: esaterako, «tortura testigantzei sinesgarritasuna ematea, landa lana egiteko oztopo administratiboak kentzea, talde memorialistak sustatzea eta laguntzea, torturaren mapa bat osatzea torturatuen errolda bat egiteko, biktimak aitortzea, ardurak eskatzea eta mina konpontzea».
Schulmanek Argentinako esperientzia azaldu zuen, eta argudiatu tortura delituek ezin dutela preskribatu: «Torturatzen denean, ez zaio soilik pertsona horri kalte egiten, gizateriari baizik».
Torturari mozorroak erauzten
'Tortura: egia, justizia, aitortza' izeneko mahai ingurua egin dute Donostian. Antton Etxebestek eskatu du ikerketa errazteko; Laura Pegok, berriz, aurrerapausotzat jo du Estrasburgoren 'Portu-Sarasola auziko' epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu