Ez dute hemen geratu nahi. Urtarrilaren 9an, Kriminologiaren Euskal Institutuak torturari buruz egindako txostena aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari; atzo, berriz, Laura Pego eta Jeanette Ruiz ikerlariek haren emaitza nagusiak azaldu zituzten parlamentuan. 1979tik gaurdaino, Nafarroan 825 kasu identifikatu dituzte, eta, horri 1960tik 1978ra arteko garaikoak gehituz gero, 1.068 kasu bildu dituzte guztira. Pegok nabarmendu zuen salatutako kasuen kopurua «garrantzitsua» dela: «Terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan eta nagusiki inkomunikazio erregimeneko atxiloketan erabilia izan da tortura, eta hala iraun du ia gaurdaino, nahiz eta egia den azken urteetan kasu gutxiago daudela». Pegok azaldu zuen euren azterlana «amaitu gabea» dela. «Oraindik asko dago egiteko».
Ikusi gehiago: PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena
Agerraldian hainbat aldiz errepikatu zutenez, «oso denbora gutxi» izan dute. Sei hilabete besterik ez, «ekainetik azarora bitartean». Dena den, ez zuten hutsetik abiatu behar izan: batetik, iragan legealdian 1960tik 1978ra arteko kasuak ikertzerakoan 1979tik aurrerako batzuk atera zirelako; bestetik, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako lehen txostenean hainbat nafarren kasuak ere azaleratu ziren.
Helburua izan da bildutako tortura kasuak «zientifikoki» aztertzea. Hainbat ezagutza arlotako hamabost aditu aritu dira aztertzeko zeregin horretan. Sei hilabete horietan, 676 pertsonaren kasuak heldu zaizkio institutuari, eta pertsona bakoitzeko karpeta bat ireki dute. Espediente bakoitzean, kasuekin erlazionatutako agiriak, adituen txostenak eta lekukotzak sartu dituzte.
Hainbat pertsonak kasu bat baino gehiago salatu zutenez, institutuak kalkulatu du aztertutako garaian 825 tortura kasu izan zirela. Dena den, Pegok zehaztu du datu hori «estimazio bat» dela, denbora mugatu horretan 434 pertsonak salatutako 532 kasu egiaztatu dituztelako. Nabarmentzekoa da sei hilabete horietan audioan hamahiru elkarrizketa grabatu dituztela eta bideoz beste 93. Idatziz, berriz, 113 lekukotza bildu dituzte. Horietako batzuk giza eskubideen arloko elkarte batzuek pasatu dizkiete, baina gehienak eurek egin dituzte: «Esfortzu handia egin dugu».
Datu nagusiak urtarrilaren 9an ezagutarazi zituzten, baina Pegok aurreratu du kasu gehienen atzean Espainiako Polizia (%50) eta Guardia Zibila (%45) izan zirela; Ertzaintzaren erantzukizuna izan ziren kasuen %2 gainerako %3 beste polizia batzuk lirateke, edo biktimek identifikatu gabeko poliziak. Pegoren arabera, datuok EAEko datuen «nahiko antzekoak» dira.
Nafarroan aztertutako kasuen artean, hamahiruri aplikatu diete Istanbulgo Protokoloa. Jeanette Ruiz psikologoaren esanetan, torturatuen sinesgarritasuna neurtzeko dagoen «erremintarik baliagarriena» da. Ruizen arabera, hiru eta bost orduko elkarrizketak grabatu dituzte, eta, bertan, biktimei eskatzen zaie beren esperientzia eta orduan sentitu zutena azaltzeko. Kontatu ahala, ahaztutako pasarteak etortzen zaizkie batzuei gogora. Ruizen arabera, zenbaitek aipatu diete «inori inoiz kontatu gabekoa» esan dietela. Lekukotza horietan, erreakzio emozionalak, ahozko eta keinu bidezko komunikazioa, kontatzen denaren eta sentitzen denaren arteko koherentzia, eta tortura jasanez geroztik izaniko izaera aldaketak baloratzen dituzte adituek. Ruizek azaldu zuenez, Nafarroan protokoloa aplikatu zaien hamahiru lekukotzei «sinesgarritasun eta sendotasun handia» eman diete.
Ruizek espero du etorkizunean kasu gehiagori aplikatzea protokoloa. Emaitzari dagokionez, haren ustez ulergarria izan liteke herritar batzuei ulertezina egitea segurtasun indarrek halako praktikak erabili izana: «Zaila egiten zitzaigun, orobat, pentsatzea Elizako kideak abusuen atzean egon zitezkeela. Babesteko daudela pentsatzen dugu, baina ez da beti horrela. 30 urte daramatzat jardun honetan, eta deitzen nautenean artatzea da nire zeregina. Tortura jasan duten gehienek esaten didate aitortza soziala eta publikoa nahi dutela».
Pegok gogora ekarri zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat aldiz zigortu duela Espainiako Estatua, eta horien artean hainbat nafar izan zirela. Navarra Sumako Iñaki Iriartek galdetu zion ea balioa ematen dioten Estrasburgoko Auzitegiak aintzat hartu gabeko kasuen kopuruari ere. Pegok erantzun zion epai kopurua «handia» dela, eta ebazpen horiek salaketa ez ikertzea egozten diotela estatuari: «Ez ikertzea larriagoa da, zigorgabetasunaren zikloa ixten baitu».
Sareak, «begi onez»
Agerraldia amaituta, institutuko ikerlariak Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta hainbat gizarte eragilerekin bildu ziren. Amaieran, Jorge Txokarro sareko eledunak «begi onez» hartu du parlamentuak adituei ateak ireki eta torturaren errealitatea hizpide izatea. «Begi bistan geratzen da tortura ez dela izan errealitate bakan bat, baizik eta sistematikoa. Ez da izan Guardia Zibilaren edo Poliziaren erantzukizuna, baizik sistema oso batena».