«Sarri askotan, galdeketetan, gure atzean jartzen zen, eta kolpe handiak ematen zizkigun garondoan. Edozein unetan, ihes egiten bazion, hantxe lepo hezurra hautsita gera gintezkeen sentipena izaten genuen, eta horrek eragiten zuen zinez larritasun handia». Jose Luis Uriz PSNko parlamentari ohiak duela zenbait urte BERRIAri emandako testigantza da, Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankistaren torturei buruz kontaturikoa. 1969 eta 1970 artean torturatu zuen Gonzalez Pachecok Uriz, bertze hainbat poliziarekin batera. «Etenik gabeko galdeketak egiten zizkiguten, eta kolpeka eta ostikoka ibiltzen zitzaizkigun ia beti. Erotzekoa izaten zen hura».Urizenak dira hitzak, baina Billy el Niño-ren eskuetatik pasaturiko edozeinenak ere izan zitezkeen. Frankismoan eta trantsizio garaian atxiloturikoak tartean euskal herritar ugari torturatzeagatik baitzen ezaguna Gonzalez Pacheco Billy el Niño (Aldea del Cano, Espainia, 1946 - Madril, 2020). Atzo goizean zendu zen, 73 urte zituela, koronabirusaren ondorioz, Madrilgo ospitale batean. Ohean hil da torturaren ikurra, epaiketarik izan gabe, eta frankismoko dominak soinean.
Francisco Francoren diktadura garaian sartu zen Gonzalez Pacheco Espainiako Poliziara, eta Brigada Politiko-Sozialeko Roberto Conesa komisarioaren bigarrena izatera heldu zen. Atxilotuei eginiko torturengatik egin zen ezaguna, baina horrek ez zuen bere ibilbidea eten: 1977. urtean Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministroak poliziaren merituaren domina eman zion. Ohiko prozedura izan zen torturekin lotutako poliziak saritzea, ohorez eta diruz: haren ibilbide profesionalean lau domina eman zizkioten Billy el Niño-ri, eta horiek %50 handitu zioten pentsioa.
Trantsizio garaian gisa berean ekiten jarraitu zuen, haren eskutik torturak jasandako Mikel Kortak BERRIAri adierazi dionez. «Gu atxilotu gintuzten 1978ko azaro bukaeran, konstituzioaren erreferenduma egin baino lehen, eta askatu gintuzten abenduaren hasieran, erreferenduma eta gero». Bederatzi egunez jasan zituen torturak Kortak, eta uste du data esanguratsua dela: «Adierazten du nola torturatu egiten zen demokrazia baino lehen, eta gero». Ez da bereziki poztu haren heriotzaz, uste baitu «ikur» bat baino ez dela Gonzalez Pacheco. Hainbertze urtetan tortura erabili duen Espainiako sistemaren bertze katebegietako bat: «Askoz gehiago gustatuko litzaidake jakitea behingoz hil dena tortura eta inpunitatea bermatzen duen egitura legal, juridiko, mediatiko eta politikoa dela».
1981ean, Espainiako Polizia Judizialera pasatu zen Billy el Niño, eta urtebete geroago polizia izateari utzi zion. Harrezkero, hainbat enpresa pribatutan aritu izan da segurtasun arduradun gisara, tartean Espainiako Renaultentzat. Urte hauetan guztietan egindako torturengatik ez du erantzun behar izan, eta barkamen eskerik ere ez diote eskatu.
Frankismo garaiko biktimek amorruz eta etsipenez hartu dute Billy el Niño-ren heriotzaren berri, epaiketarik jaso gabe joan baita. Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaile eta krimen frankisten aurkako plataformako kideari justiziarik egin ez izana dolutu zitzaion atzo. «Heriotza honek berriz ere erakusten digu inpunitatea dela nagusi Espainiako Estatuan. Jende hau guztia ohean hiltzen ari da, lasai-lasai, epaitua izan gabe, inpunitate osoan. Senideek izan dezaketen mina errespetatuta, baina guri gogoeta hori baino ez zaigu etortzen burura: kriminal horiek guztiak eta egindako ekintza kriminalak ez direla epaitegietatik igaro».
Espainiako Gobernuko presidenteorde Pablo Iglesiasek ere «demokraziarentzako lotsagarri» iritzi zion Gonzalez Pacheco sarituta hil izanari, emandako dominak zendu aurretik kendu gabe, «epaitua izan gabe, bere domina eta pribilegio guztiak ukitu gabe». «Barkamena eskatzen diet bere biktimei, demokraziaren eta justiziaren aldeko borrokalariei. Izan zinetelako gara», adierazi zuen atzo Twitter bidez.
Madril, ikertzearen kontra
Gonzalez Pacheco epailearen aurrera eramateko borroka nekeza izan da. Hogeita hamar kereilatik gora aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik», haren eta bertze lau polizia frankistaren aurka. Halere, epaiketarik egin gabe zendu da; besteak beste, Espainiako botere exekutiboak eta judizialak oztopatu egin dituztelako haren aurkako ikerketak.
Nazioartean, krimen horiek ikertzen ari den Maria Servini Argentinako epaileak 2013an eman zuen Billy el Niño atxilotzeko nazioarteko agindua, Jesus Muñecas polizia ohiarenarekin batera. 1971. eta 1975. urteen artean hamahiru pertsona torturatzea leporatzen dio epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen Gonzalez Pachecok, Muñecasekin batera, baina auzitegiak estradizio eskaera atzera bota zuen, argudiatuz tortura delitu horiek iraungita daudela.
Dominak ere ez dizkiote kendu urteotan guztietan. PSOEk eta Unidas Podemosek 2018ko aurrekontu akordioan jaso zuten polizia ohiari dominak kentzeko konpromisoa, baina, bi urte igarota, Espainiako Gobernuak ez du pauso hori eman. Areago, Unidas Podemosek eta PSOEk Billy el Niño-ren zerbitzu orria ezagutaraztearen aurka egin zuten Espainiako Kongresuan aurtengo otsailean, EH Bilduren eskaera bat ezetsita. Haatik, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak zehaztu zuen «zalantza juridikoak» zituztelako eman zutela kontrako botoa, eta, horiek argituta, gaia berriro aztertzearen aldeko botoa emango zutela.
Poliziatik ez da erabat aparte egon urteotan ere: besteak beste, Espainiako Poliziaren Eguneko ospakizunetan izan zen 2018ko urrian, Ciudad Linealeko polizia etxean. Jose Manuel Mariscal de Gante komisarioak gonbidatuta joan zen, eta, Mariscal de Ganteri diziplina espedientea zabaldu zioten. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuaren orduko bozeramaileak esan zuen Gonzalez Pacheco «herritar librea» zela eta eskubidea duela gonbidatzen duten tokietara joateko.
Biktimei «irain»
Jose Luis Uriz torturatu eta PSNko politikari ohiak salatu du Espainiako Gobernuak «irain» egin diela Gonzalez Pachecoren biktimei: «Sozialista izanik, pena da, orban bat herri honen ezkerrean, medailak jarrita hil izana. Biktimei egindako irain bat da, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek kontuan hartu beharko luketena: zor digute. Ez dakit nola konpentsa dezaketen hori, jada hila baitago, baina modu batera edo bestera eman beharko lukete erreakzioren bat gobernu gisa».
Argentinako kereilaren babeserako Ceaqua plataformak ere Espainiako Gobernuak polizia ohiari urteetan emandako sostengua salatu du: «Espainiako Estatuak une oro eskaini dion babesaren pean zendu da Billy el Niño». Elkarteak gaitzetsi duenez, «kriminal frankista baten konplize aktibo» den Madrilgo gobernuak «babestu, bultzatu eta saritu» egin zuen Gonzalez Pacheco: «Estatuak berrogei urtez artikulatu eta indarturiko inpunitate politikek galarazi egin dute Espainiako auzitegiek Billy el Niño-ren ekintza kriminalak ikertzea eta epaitzea». Argentinako kereila babesten duen taldeak gogoratu du «diktadura odoltsu haren aurka ekiteagatik Brigada Politiko-Sozialak atxiloturiko pertsona oro bortizki eta krudelki» torturatzen zuela Billy el Niño-k, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak hura estraditatzea ukatu zuela 2014an: «Torturengatiko haren aurkako hemezortzi kereila kriminal ere bota dituzte atzera Espainiako auzitegiek». Hilda dagoenez gero, Billy el Niño-ri ezingo diote ardura kriminalik egotzi jada, baina gogoratu dute kereilen prozesuak aurrera jarraituko duela bertze torturatzaile batzuen aurka: «Lanean jarraituko dugu kriminal frankista guztiak ikertuak izan arte, babes judizial eraginkorrerako eskubidea ukatzen duten Espainiako Estatuko politika zikin eta maltzurrei bukaera emateko». Euskal Herriko Foro Sozialeko Agus Hernanek ere erantzunkizunez jokatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Egindako minaren aitortza ofiziala egin beharko luke estatuak, luzamendurik gabe».
Torturaren ikurra
Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' torturatzaile frankista hil da. Koronabirusak jota zendu da, 73 urte zituela, eta domina guztiak soinean. Euskal herritar ugari torturatu zituen frankismoan eta trantsizioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu