Duela bost urte Igandea gehigarrirako egindako elkarrizketa batean, Martin Orbe apaizak (Errigoiti, Bizkaia, 1934) esan zion BERRIAri bera atxilotu zutenean «lehenengo ikasketak» baino ez zituela egin tortura kontuetan, eta Euskal Herrian bazeudela beste herritar asko ikasgai makur horretan «doktoretza» egina zutenak. Apaltasuna suma daiteke adierazpen horien atzean, edo inoren minaren aurrean norberarena goratu nahi ez izatea: ondorioei erreparatuta, egia da badaudela beste batzuek baino emaitza larriagoak ekarri dituzten tortura kasuak —polizia etxeetan hildakoak gogoratzea baino ez dago horretaz jabetzeko—, baina tortura kasu guztiak dira lazgarriak.
Orain, Intxorta 1937 kultur elkarteak Apaizak ere torturatuak izeneko liburua argitaratu du. Torturak jasan dituzten hogei apaiz, fraide eta elizgizonen testigantzak bildu dituzte aipatutako liburuan. Asmoa ez da testigantza horiei beste batzuei baino garrantzi handiagoa ematea, ezpada beste askoren moduan torturak pairatu dituen giza multzo zehatz baten lekukotasuna agerian uztea, eta nabarmentzea azken hamarkadetan tortura erabili, sustatu eta ezkutatu dutenek ez dutela salbuespenik egin sufrikarioa hedatzerakoan.
Orbe bera izan da liburuko testigantzak koordinatzen ibili direnetako bat. «Torturatuok izan garenok, eta gure herriko kontzientziadun jende askok ere, argi ikusten dugu torturarena gai potoloa izan dela, ez dela noizbehinkako gehiegikeria bat edo polizia sadiko baten kontua, baizik eta, gutxienez 1990era arte, zerbait sistematikoa», azaldu du. «Eta handik aurrera ere, gaur egunera arte, behar baino ohikoagoa izan da».
Dioenez, torturak jasandako apaiz asko lehenagotik ezagutzen zituen, eta Sebastian Gartzia Trujillok idazle eta euskaltzain urgazleak —hura ere koordinatzaile lanetan ibili da— proposatu zion lekukotasun horiek guztiak batu eta liburu gisa argitaratzea: «Ni horretan beti izan naiz apur bat lotsor edo beldurtia, baina Sebasen [Gartzia Trujillo] bultzadari esker ekin genion lanari».
Hogei testigantza
Orotara, hogei testigantza agertzen dira liburuan. Gehienak, nork bere eskutik idatzitakoak dira. Salbuespen batzuk badaude: Txomin Artetxeren lekukotasuna harekin izandako elkarrizketa batzuetatik atondu dute. Dagoeneko zendua den Luis Arsuaga fraide eskolapioarena, berriz, Francisco Etxeberriak prestatu du, fraidearen adiskide zen Mikel Munduaterekin izandako elkarrizketan oinarritua.
1968koa da lehenengo lekukotasuna, Juan Mari Zulaika fraide frantziskotar ohiarena, eta 2003koa azkenengoa, Egunkaria auzian atxilotutako Txema Auzmendirena. Testigantza gehienak, hamabost, Francoren diktaduraren garaikoak dira, baina badaude beste bost 1978ko Konstituzioa indarrean jarri ondorengoak: lehen aipatutako Auzmendirena, Juan Jose Camarerorena (1981, lehenago ere torturatua izan zen arren), Jose Maria Alemanena (1982), Iñaki Urtaranena (1982) eta Jose Ramon Trebiñorena (1992).
Bildutako testigantzen artean badaude batzuk oso latz eta mingarriak, «doktoretzakoak», Orberen garai bateko hitzak erabilita: «Ulertu behar da tortura edozein kasutan ere oso gogorra dela. Egiaren faboretan esan behar dugu kasuak desberdinak direla, baina pairatu duenarentzat, kualitatiboki denak dira larriak. Tortura inoiz ez dago justifikatuta. Hitzaurrean Jon Mirena Landak dioen moduan, hilketa bera justifikatuta egon daiteke oso muturreko egoeretan, norberaren defentsa bidezkoaren kasuan, baina inor torturatzea erabat galarazita dago. Torturarik txikiena ere oso larria da».
Jon Mirena Landa (Bilbo, 1968) aipatu du Orbek. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria da Landa, eta hark idatzi du liburuaren hitzaurrea: «Oraindik gure gizartean badago jende eta eragile asko zinez pentsatzen dutenak tortura ez dela egon. Badirudi sinesten dutenen eta sinesten ez dutenen arteko talka dagoela. Liburu honek ez du ideologiarik egiten, ez ditu argudioak ematen; pertsona batzuek eurek bizi izandakoa kontatzen dute, besterik gabe».
Landaren ustez, bizi izandakoa kontatzen dutenak apaizak edo apaiz ohiak izateak «ekarpen gehitua» egiten du: «Bakoitzak izango du bere iritzia apaizei buruz, baina ez du ematen elizgizonak prest egongo liratekeenik gezurretan aritzeko. Testigantza guztiek balio berbera daukate; agian testigantza hauek estrategikoak izan litezke, oraindik ere egon daitezkeelako torturarik ez dela egon sinesten duten kristauak».
Ileak lazteko modukoak dira zenbait testigantza, Tasio Erkiziarena —torturatu zutenean fraidea zen- eta Jon Etxaberena, esaterako. Orbek dioenez, «gogorra» da horrelakoak kontatu behar izatea. Batzuek hala aitortzen dute euren idatzietan: urte asko igaro arren, oraindik ere zail egiten zaiela ordukoak gogora ekartzea. Hortaz, nondik atera dute ariketa mingarri hori egiteko indarra? «Gu torturatu gintuzten,herriarengandik hurbil egoteagatik», azaldu du Orbek. «Hori izan zen gure delitua. Eta uste dut liburu honekin zerbitzu bat egiten diogula herriari».
Hogei kasu gutxi dira milaka torturaturen multzo batean. Baina hain talde berezia izanik, hogei horiek kontatutakoak balioa duelakoan dago Orbe: «Oso lagin ona da, [Hego Euskal Herriko] lau herrialdeetakoak daudelako, Poliziak zein Guardia Zibilak torturatuak, Francoren garaikoak eta geroagokoak. Gustatuko litzaidake beste kolektibo batzuek ere pausoa emango balute; adibidez, uste dut emakumeek pairatutako torturak bilduko lituzkeen liburu bat oso baliagarria izango litzatekeela».
Egia ezkutatu nahian
Gertaera mingarri batzuk agerian uzten ditu Apaizak ere torturatuak izeneko liburuak. Baina, aldi berean, gertaera horien gainean batzuek ezarri nahi izan zuten isiltasun geruza, gertaeroi garrantzia kendu edo isilarazi nahi izan zutenen konplizitatea, beste aldera begiratu zutenen erantzukizuna jartzen du agerian. «Tortura sistematikoa izan zen moduan, ezkutatzea ere sistematikoa izan da», esan du Orbek. «Eta ez soilik Madrilen, Euskal Herrian ere bai. Gure asmoa izan da hori argitara ateratzea».
Apaiz eta apaiz ohien kasuan, bereziki mingarria da Eliza Katolikoaren isiltasuna. Horretaz, Orbek berak badu pasarte jakingarri bat: ospitalean zegoela, Jose Maria Zirarda gotzainaren bisita izan zuen. Torturak utzitako markak erakusten saiatu zen, baina hark esan zion ez zela beharrezkoa: «Nola ez diot sinetsiko bada nire apaiz bati?», esan zion. Baina urte hartan Jacinto Argaia apezpikuarekin batera idatzi zuen artzain gutunean «torturen inguruko zurrumurruak» zeudela adierazi zuen. «Koldarra ala zuhurra izan nintzen? Neuk ere ez dakit. Jainkoak argituko dit Azken Judizioaren egunean», esan zuen 1996an.
Ez da liburuan agertzen den kasu bakarra. Juan Mari Zulaikak kontatzen du haren torturak frogatzen zituzten argazkiak helarazi zizkiotela Argaiari, eta hark galduegin zituela: «Frogak galtzea izan zen abade kolpatuekiko bere laguntza bakarra».
Botereen arteko «kolisioaz» eta «estalkeriaz» berba egiten du Jon Mirena Landak. Dioenez, torturak fisikoki ezarri zituztenez gain, egon ziren haiek ikertu nahi ez zituzten epaileak eta beste aldera begiratu zuten politikariak. Eta multzo horretan sartzen du «Elizaren hierarkia» ere: «Liburuan argi agertzen da iritsi zitzaizkiela torturaren inguruko testigantzak eta beste alde batera begiratzea nahiago izan zutela. Nik uste dut ariketa osasungarria izango litzatekeela, eta ez besteok eskatzen dugulako, norbaitek erantzukizunen bat izan badu gertatutakoan, horren inguruan autokritika egitea. Espainiako Eliza katolikoaren hierarkiak ere berea egin beharko luke, eta azaldu bere jendea torturatua izan zenean zergatik ez zuen jokatu jokatu behar zuen moduan».
«Gure asmoa ez da izan gorrotoa sustatzea edo erabilera politikoa egitea, ezpada egia argitara ateratzea», esan du Orbek. «Nik ezin diet barkamenik eman torturatu nindutenei, ez nituelako ezagutzen eta oraindik ere ez dakidalako nortzuk izan ziren, baina saiatzen naiz horiengana gorrotorik ez sentitzen. Baina beti izango naiz kritiko hori egin zutenekin, eta, batez ere, torturak ikertzen ez dituzten epaileekin eta ezkutatzen saiatzen diren politikariekin. Uste dut gainerakoen jarrera ere badela: barkatu bai, baina ahaztu ez; gorrotorik gabe, baina kritiko izanda».
Torturaren ikasgai makurra
'Apaizak ere torturatuak' izeneko liburua plazaratu berri du Intxorta 1937 kultur elkarteak; han, hogei apaiz eta apaiz ohik pairaturiko torturen testigantza ematen dute. Lekukotasun horien bidez, askotan ezkutatu nahi izan duten torturaren errealitatea argitara ekarri nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu