Nafarroako Torturatuen Sareak ekitaldia berezia egin du gaur arratsaldean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan.
Mikel Sotok aurkeztu du ekitaldia, eta, esan duenez, hamarkadotan guztiotan poliziek «mila lagun inguru» torturatu dituzte Nafarroan.
Antonio Goñiren kasua
Kasu horien artean, torturaren ondorioz hildako bi nafarren kasua gogoratu dituzte. Mikel Zabalzaren eta Antonio Goñi etxarriarraren irudiak erakutsi dituzte ekitaldian aurki. Goñik bere buruaz beste egin zuen, Burgosko prozesu garaian tortura latzak jasan ostean.
Bere kasua ez da ezaguna, Hori irudikatzeko, hasieran bere argazkia estalita zegoen, eta Gloria Bosquek Goñiren istorioaren berri eman duenean, agertu da bere irudia.
1970eko abenduan, Burgosko epaiketaren aurkako manifestazio batean hartu zuen Donostiako Alde Zaharrean, eta bere lagunekin batera geratu egin zuen polizia armatuak, identifikatu asmoz. Ez zeraman berekin nortasun agiririk, atera berri ziren tabernan ahaztu zuelako. Atxilotu eta 18 egunez ez zuten bere berririk izan lagunek. Gupida gabe torturatu zuten. Eskuetan azazkal guztiak atera egin zizkioten. «Denetarik egin ziotela esan zuen». Bizitakoa jasan ezinik, santomasen bezperan desagertu egin zen eta, bere buruz beste egin zuen. Istorio hori gogoratu du Gloria Bosquek —bera ere frankismo garaian bitan torturatu zuten—.
Haatik, ekitaldian gogoratu dutenez, tortura sistematikoa izan da diktadura ostean ere bai, hala trantsizioan nola ondoren. Mikel Zabalzaren arreba Idoiak gogora ekarri du pasarte ezagun bat ekitaldian: Mikel anaia desagertuta zela, ama Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen koartelera joan zela semeaz galdezka, eta han semea «objektu galduen bulegoan» bilatzeko esan ziotela.«Bertsio ofiziala ihes egiten saiatu zela zen. Eskuburdinekin ibaira salto egin zuela».
Marilo Gorostiaga 1994ean atxilotu eta torturatu zuten. «Burua estali zidaten. behin eta berriz esaten nien ez nuela ezer egin. Soto hartako ziegatan oihu lazgarriak entzun nituen. Behin eta berriz jo ninduten eta poltsa jarri. Biluztu ninduten. Inoiz ez dut hainbeste beldur pasa, hil egin nahi nuen». Testigantza lazgarri hori kontatu du eta gogorarazi du halako istorio lazgarri ugari daudela. «Guztiek kontatzen duten zerbait torturaren izurrigarrikeriaz»-
Jon Patxi Arratibelen kasuarekin jarraitu dute: 2011n atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak. Aztnugal sinatu zuen poliziek aurrean jarritako deklarazioa; hau da, laguntza, alderantziz. Operazio hartan atxilotutakoei arrazoia eman zien Estrasburgoko auzitegiak, eta hirutan zigortu du Espainia tortura salaketa ez ikertzeagatik.
Sareak biktimak aitortzeko eta erreparazioa emateko eskatu du. Kasuak argitara ateratzeko, eta halakoak berriro gertatuko ez direla bermatzeko galdegin dio Nafarroako Gobernuari. «-Tortura jasan dugunok aitortza behar dugu. Instituzioei dagokie gertatutakoa onartzea», aipatu du Jorge Txokorra sareko kideak.
Iragan legealdian Nafarroako Gobernuak tortura ikertzeko deialdi bat ireki zuen, baina Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen. Dena den, sareak aldarrikatu du garrantzitsua dela Nafarroako Gobernuak ikerketa ofizial bat egitea «giza eskubideen urraketa larri horrek lurraldean izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzeko».
#TorturaArgitu@Torturatuak ikerketa ofizial bat eskatu du Nafarroan izan diren tortura kasuak argitzeko pic.twitter.com/YP3lxiHBNA
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) June 25, 2021