Tortura

Torturaren gainean erantzukizuna hartzeko eskatu diote Grande-Marlaskari Madrilen

2011ko urtarrilaren 18an atxilotutakoek, 'Aztnugal' kanpainaren bultzatzaileek, Barne Ministerioan Estrasburgoko hiru epaiak utzi eta gutun bat igorri diote Grande-Marlaskari, galdetzeko ea zergatik ez zituen ikertu euren tortura salaketak.

Gaur Madrilen, Xabi Beortegi, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Jon Patxi Arratibel eta Iker Moreno. RODRIGO JIMENEZ / EFE
2021eko urtarrilaren 20a
13:09
Entzun

Fernando Grande-Marlaskaren atean jo dute. Iñigo Gonzalez, Xabier Beortegi, Jon Patxi Arratibel, Iker Moreno eta Gorka Mayo Iruñetik Madrileraino joan dira gaur goizean, eta Espainiako Barne Ministerioan agiri sorta bat utzi dute ministroarentzat: alde batetik, tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiako erreinua zigortzen duten Estrasburgoko hiru epaiak —Arratibelena, 2015eko maiatzekoa; Beortegirena, 2016ko azarokoa eta Gonzalezena, atzokoa— eta euren testigantza sinesgarritzat jo zuen txosten bat, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak 2011n plazaratua; bestetik, gutun bat utzi dute Grande-Marlaska Barne ministroarentzat, bere erantzukizuna har dezala eskatzen duena.

Garai hartan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile zen Grande-Marlaska, eta hark agindu zuen operazioa. Gutunean, gogora ekarri dute horregatik berak zuela atxilotuen segurtasun fisikoa eta psikologikoa bermatzeko ardura. «Aurkeztu ditugun epaiekin eta txostenarekin, argi geratzen da ez zenuela zeregin hori bete», dio gutunak. Hala, galdera hau egin diote egungo Barne ministroari: «Poliziaren egoitzan jasaten ari ginen tratu krudel, gizagabe eta umiliagarriaren berri ba al zenuen? Zergatik entzungor egin zenien gure salaketei?».

Dokumentuak eta gutuna Barne Ministerioan utzi aurretik eta ondotik, adierazpen publikoak egin dituzte. Behin giza eskubideen arloko Europako erakunde gorenek euren tortura testigantza aintzat hartuta, galdera horrek bi aukera baino ez dituela uste du Gorka Mayok. «Lehenik eta behin, jakitea, eta orduan Grande-Marlaska gutxienez torturaren konplize litzateke. Bigarren aukera da ez jakitea, eta, ondorioz, edozein instrukzio epaileren betebeharren artean atxilotuen segurtasun fisiko eta psikologikoa bermatzea den heinean, ezgai hutsa litzateke».

Bietako edozein delarik erantzuna, Mayok argi dauka ez duela toki onean uzten Grande-Marlaska. Izan ere, Grande-Marlaskari dagozkio Estrasburgoko Auzitegiak torturaren inguruan Espainiaren kontra egin dituen 11 ebazpenetatik sei, eta epaiok egiaztatu dute ez zituela aintzat hartu bere ardurapeko zazpi lagunen salaketak: Beortegi, Arratibel eta Gonzalezenak ez, eta Martin Sarasola eta Igor Porturena, Beatriz Etxeberriarena eta Oihan Ataunena ere ez.

Halaber, «harrigarria» egin zaio Mayori Espainiako komunikabideak eta alderdiak isilik geratu izana atzoko epaiaren inguruan. «Zer kasu gutxi egin zaion! Harrigarria egiten zaigu ikuspegi estatalista duten eragileek bat egitea epaia ezkutatzeko ahalegin horrekin. Ez dugu entzun Podemos hitz egiten estatu mailan, ez dugu entzun PSOE, ez dugu entzun PP, ez dugu entzun Vox, ez dugu entzun Ciudadanos».

Atzo Nafarroako Gobernuari «berehala» tortura kasuak ikertzeko eskatu ondotik, azaldu dute prest daudela datozen egunetan hori bultzatzeko urratsak egiteko.

Marlaskaren agerraldia Kongresuan

Haiekin batera izan da EH Bilduko Nafarroako diputatua, Bel Pozueta, ministerioaren kanpoaldean. «Epai honekin, argi ikusten ditugu Espainiako justiziaren gabeziak eta demokrazia falta. Torturaren erabilera sistematikoa ere salatu dugu». Pozuetaren arabera, agerian geratu da epaitegiek entzungor egiten dietela tortura salaketei, beste aldera begiratuz.

Era berean, koalizio abertzaleak uste du torturaren biktimek ere eskubidea dutela egia, justizia eta erreparazioa izateko. «Orain arte ez dute jaso, eta ikusten dugu ezinbestekoa dela benetako bakea lortzeko. Esaten denean bortizkeria guztiek erreparazioa izan behar dutela, torturaren biktimek ere merezi dute aitortza eta erreparazioa».

EH Bilduk eskatu du Fernando Grande-Marlaskaren presazko agerraldia egin dezala Kongresuan. «Alde batetik, azal dezala zer duen esateko ebazpenaren gainean. Ez bakarrik nola eragiten dion pertsonalki eta politikoki, baizik eta Espainiako Gobernuak ere erantzukizuna hartu behar du, kontrako 11 epai jaso baititu dagoeneko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.