Torturen Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna baliatuta, Eusko Jaurlaritzak praktika «iraingarri» hori arbuiatzeko aitorpen bat adostu du Gobernu Kontseiluan, eta «biktimei laguntzeko eta aitortzeko borondatea» adierazi du, eta aitortu «egia, justizia, konponketa eta ez errepikatzeko bermea jasotzeko eskubidea» dutela.
Jaurlaritzak salatu du torturaren erabilera gizateriaren aurkako krimen bat dela «sistematizatu eta orokortua», eta gogoratu du nazioarteko komunitateak hitzarmen eta akordio ugaritan gaitzetsi duela praktika hori.
Gobernuak Euskal Herrian pairatutako torturen inguruko azken ikerketei eta EAEko legediak aferaren inguruan jasotakoei ere egin die aipamena, torturaren aurka egiteko eta biktimak aitortzeko «jarrera proaktiboaren» erakusgarri direlakoan.
2019an Eusko Legebiltzarrak euskal erakundeei egindako eskaeraren bidetik egin du adierazpen hori Jaurlaritzak. Hark deitu zuen gobernua ekainaren 21ean bat egitera Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin.