Torturaren aurkako II. Foroa egingo dute larunbatean

Esteban Muruetagoiena duela 30 urte hil zen, torturatuta, eta haren omenez izango dira jardunaldiak, Oiartzunen

Erredakzioa
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gaur zortzi, Torturaren Aurkako Herritarren II. Foroa egingo dute hainbat adituk Oiartzungo udaletxean. 30 urte dira Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua torturatuta hil zutela, eta antolatzaileek horregatik erabaki dute jardunaldiak Gipuzkoako herri horretan egitea. Hamar egun inkomunikazio egoeran atxilotuta egon ondoren zendu zen sendagilea, eta foroa haren memoria berreskuratzeko ere baliatu nahi dute antolatzaileek.

Auzia, aztergai

Muruetagoienaren kasua espresuki aztertuko dute torturari buruzko bigarren jardunaldietan. Datorren larunbatean hasiko dira, 11:00etan , eta torturatuta hil zuten haren ingurukoen berri emango dute, jardunaldiak hasi bezain laster, kasua ondo ezagutzen dutenek. Han izango dira hildakoaren autopsian parte hartu zuen medikua, torturatuaren senideak, abokatuak, harekin atxilotu zuten lagun bat eta Euskal Memoria taldeko ordezkariak. Azterketaren ondoren, atsedenaldia egin, eta The Doctor dokumentala emango dute, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian.

17:00etan, mahai ingurua egingo dute, torturaren egoerari buruz. 30 urte ondoren... lelopean arituko dira Euskal Memoria, Lokarri, Torturaren Aurkako Taldea, Amnesty International, Argituz eta Jaiki Hadi taldeetako ordezkari bana, baita torturak beren larruan pairatu dituzten bi herritar ere. 19:00etan, antzerki emanaldi batekin amaituko dute ekimena.

Oraindik konpondu gabekoa

Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiak, Iruñean, lehen foroa egin zen herrian. Antolatzaileek azpimarratu zuten egun ere «aldarrikapen berak» egin beharra dagoela: «Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen txostenez gain, nazioarteko epai eta gomendioez gain, ez da prebentziorako baliabiderik jarri». Are gehiago, salatu zuten oraindik inkomunikazioa ezartzen dela, eta horrek tortura ahalbidetzen duela. Ohartarazi zutenez, tortura badagoela onartu eta kaltea konpondu eta ez errepikatzera begirako proposamenik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.