Torturaren Aurkako Egunean, estatuaren biktimei aitortza egingo diete Iruñean

Nafarroako Gobernuak aitortutako 41 biktimak omenduko dituzte. Askek uste du aitortza eskuratzeko beharrezkoa dela tortura eragin duten «erreminta errepresiboak» deuseztea.

Askeko kideak, gaur egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Askeko kideak, gaur egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 13a
09:45
Entzun

Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian. Tantaka-tantaka, torturak pairatu dituzten euskal herritar batzuk ari dira jasotzen Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aitortza. Hain zuzen, gaur arratsaldean, Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat egingo du, Iruñeko Baluarten, eskuin muturreko taldeek eta estatuko segurtasun indarrek eragindako motibazio politikoko biktimei aitortza egiteko, eta aitortza jasoko dutenen artean badira torturaren biktimak. Goizean, berriz, agerraldia egin du Aske antolakundeak, eta hark uste du torturaren biktimek «inoiz baino urrunago» dutela aitortza, zeren «tortura berriz ere gertatzeko baldintzak desagertu ezean ez baitago aitortzarik».

Baluarteko ekitaldia gisa horretako lehena izango da Nafarroan, eta, gobernuaren arabera, asmoa da urtero halako bat egitea. Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak ontzat jo dituzte hura eta orain arte egindako urratsak; besteak beste, iaz itun bana sinatu zuten biktimei arta emateko helburuz. Halere, adierazi izan dute garrantzitsua litzatekeela ekitaldi horietan Maria Txibite presidenteak parte hartzea; eskaera bera egin izan zaio Eusko Jaurlaritzari azken urteetan. Aurten, baina, ez da hala izango, eta Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria izango da gobernuaren ordezkari nagusia.

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak estatuaren 238 biktimari egin die aitortza, eta Nafarroako Gobernuak beste 41i; horien artean, ehundik gora dira torturaren biktimak. Onartutako horiek baino dezente gehiago dira, ordea, aztertzeko geratzen direnak; besteak beste, Nafarroako Torturatuen Sareak azaldu du 300 torturatu inguruk aurkeztu dituztela aitortza eskaerak.

Kopuru horiek, gainera, urrun daude Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketek azalarazten duten errealitatetik. Erakunde hark 4.119 torturatu eta 4.998 tortura kasu erregistratu zituen 2023ko udarako, nagusiki hiru ikerketatan oinarrituta: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuen gaineko ikerketa —2017an argitaratua—; Nafarroan 1960tik 1978ra bitarte gertatutako kasuen ingurukoa —2019an argitaratua—; eta Nafarroakoaren bigarren zatia, 1979tik aurrerakoa —2023an argitaratua—. Gainera, institutuko kideek azaldu izan dute kopuru hori ez dela osoa, eta espedienteak aztertzen jarraitzen dutela. Plazaratu den azken kopurua: 5.379 kasu.

Era berean, torturaren biktimak antolatzen ari dira, eta asteburu hau funtsezkoa izango da bide horretan. Nafarroako Torturatuen Sareak egindako bideari jarraituz, iazko otsailean Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea aurkeztu zuten, eta ekainaren 26an, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, talde horrek iragarri zuen Euskal Herriko torturatuak saretzeko «auzolan erraldoi bati» ekingo ziotela. Zenbait hilabeteko bidearen ostean, asteburuan egingo dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen nazio batzar eratzailea, Donostiako Kursaalean.

Hain zuzen, gaurko eguna baliatuta, Euskal Herriko Torturatuen Sareak larunbateko ekitaldian parte hartzeko deia egin du berriz ere: «Fase berri horri ekiteko nahikoa indar bildu dugu azken hilabeteetan, baina askoz ere indar handiagoa beharko dugu hemendik aurrera». Hala, oraindik sarearekin harremanetan jarri ez direnei erreparatu diete, esanez han badutela «lekua eta babesa», eta gogoratu euren helburua dela pairatutakoa «ahanzturaren zakuan» ez erortzea: «Gure helburua ez da sufritu genuen horrekin atzera begiratzea, baizik berdintasunean eta askatasunean etorkizuna ehuntzea».

Torturak pairatutakoen artean da EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi ere, eta haien berri eman du sare sozialetan. Donostiako Intxaurrondoko Guardia Zibilaren komandantzian eta Madrilgo zuzendaritzan torturatu zuten. «Alkandora hertsigarria jarri, eta behin eta berriz urperatu ninduten bainuontzian. Behin eta berriz egiten zidaten, konortea galdu arte», azaldu du, besteak beste. Era berean, deskarga elektrikoak, kolpeak eta mehatxuak ere gogoratu ditu.

«Erreminta errepresiborik» ez

Bilboko Justizia jauregiaren aurrean egin du agerraldia Askek. Bertan, salatu dute «klase zapaltzaileak militante iraultzaileak deuseztatu eta suntsitzeko baliatzen duen arma politikoa» dela tortura, eta oraindik ere hura erabiltzeko baldintzak daudela. Besteak beste, «lege antiterroristari» eta inkomunikazioei egin diete aipamena, baita «inpunitateari» ere.

Estatu egituren inpunitatearen adibide gisa, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren kasua aipatu dute agerraldian; Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sei aldiz zigortu zuen Espainiako Estatua hura epaile zen auzietan torturak ez ikertzeagatik. «Horrenbestez, indarrean jarraitzen duten erreminta errepresibo horiek salatu beharra dago, eta haien desagerpena aldarrikatu».

Antolakundeak euskal presoentzako amnistia ere eskatu du, «Euskal Herri langileak pairatzen duen zapalkuntza» gainditzea eragingo lukeelakoan. Halakorik ezean borrokan jarraitzeko deia egin du. 

Saez de Egilaz Gogora-ra

Memoria hizpide izan da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran ere, tramite hutsa izan bada ere. Julen Arzuagak legebiltzarra utzi ostean, EH Bilduk Eraitz Saez de Egilaz proposatu zuen Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluan hura ordezkatzeko, eta izendapen horri bide eman diote gaurko osoko bilkuran.

Hain zuzen, zuzendaritzaren osaerak eztabaida eragin zuen irailean. Batetik, Eusko Legebiltzarrari dagokio parlamentuaren beraren ordezkariak izendatzea: Xabier Barandiaran (EAJ), Saez de Egilaz (EH Bildu), Miren Gallastegi (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP). Era berean, baina, zuzendaritzan izango diren kide independenteak hautatzea ere haren eskumenekoa da. Kide horiek izendatzeko, EAJk eta PSE-EEk akordio bat egin zuten, eta alderdi horietako bakoitzak proposatutako bi hautagaien alde egin zuten: Maria Jauregi ETAren biktima, Eider Landaberea historialaria (EAJ), Josu Elespe ETAren biktima eta Jose Antonio Perez historialaria (PSE-EE).

Hala, EH Bilduren bi proposamenetako bati eman zioten bide, Paco Etxeberria auzi medikuaren izendapenari. Zuzendaritzatik kanpo geratu zen, berriz, Pilar Garaialde estatu indarkeriaren biktima. Horiek horrela, koalizio subiranistak eta Egiari Zor-ek EAJri eta PSEri egotzi zioten estatuaren biktimak bazterrean uztea. «Umiliagarria da estatuaren biktimek Gogora-n ordezkaritzarik ez izatea», adierazi zio Garaialdek BERRIAri, Maria Jauregirekin batera egindako elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.