Torturaren aurka deitutako kontzentrazio bat debekatu du gobernu ordezkaritzak

Etzi, 20:15ean, PSNren egoitza aurrera deitua zegoen; Elma Saizek arrazoitu du deialdiak ez duela legea bete

PSNren egoitzaren aurrean Torturaren Aurkako Gurasoek egindako elkarretaratze bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Azken polizia operazioetan atxilotu eta torturak salatu dituzten Nafarroako gazteen gurasoek eta senideek deituta, otsailaren 8az geroztik elkarretaratzeak egiten dira astelehenero PSNren egoitza aurrean. Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionalean guardian egon ohi da astelehen gauetan, eta gau horretan iragan ohi duten ezinegona eta tortura salaketekin PSNk duen erantzukizuna salatu nahi dute ekimen horren bidez. Etzi, beste elkarretaratze bat deitua zegoen, baina Torturaren Aurkako Gurasoak taldeak jakinarazi duenez Elma Saiz Espainiako Gobernuaren ordezkariak debekatu egin du deialdia, haren arabera eskaera ez delako premiazkoa eta ez dutelako jakinarazi hamar egun baino lehenago.

Deitzaileek gogor salatu dituzte argudio horiek. Azpimarratu dute giza eskubideen urraketa eta torturaren praktika salatzea premiazkoa dela. Gogora ekarri dute, azken polizia operazioan Bilbon atxilotutako Beatriz Etxebarriak salatutako bortxaketa. «Gobernu ordezkariarentzat, ordea, ematen du giza eskubideen urraketa salatzea ez dela premiazkoa. Bere alderdiaren aurka gizartea mobilizatzea eragozteko aitzakiak baino ez dira».

Horregatik, Nafarroako gizarteak tortura gaitzestea premiazkotzat jotzen dutelako, guraso talde horrek herritarrei, etzi ordu berean, PSNren egoitza aurrean eta Sarasate pasealeku osoan gehienez hogei kidez osatutako taldetan biltzera dei egin diete.

Larunbatean, manifestazioa

Ez da Iruñean hurrengo astean torturaren aurka egingo den ekimen bakarra inondik ere. Ostiral eta larunbatean Torturaren aurkako hiritar topaketa izango da Golem zinema aretoetan. Larunbatean, berriz, manifestazio bat egingo da Iruñeko autobus geltokitik abiatuta, 12:00etan. Deitzaileek ohar bidez azpimarratu dute torturak «errealitate ankerra» izaten jarraitzen duela Euskal Herrian. Beharrezkotzat jotzen dute egoera hori salatzeko mobilizazioekin jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.