Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Espainiako Gobernuak kontuan hartu beharko luke Estrasburgoren zigorra, eta neurriak hartu, «gisa honetako egoerak errepika ez daitezen». Epaia «argia eta sendoa» dela azpimarratu du. Erkorekak gogoratu du Europak bederatzi aldiz zigortu duela Espainia, salaketak ez ikertzeagatik. Orain, ordea, «urrats bat gehiago» egin duela, frogatutzat eman duelako tratu txarrak gertatu zirela.
Antzera mintzatu da Sortu, eta «historikotzat» jo du ebazpena. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiaren iritziz, horrek erakusten du «gatazka politiko bat» badela, eta «biolentzia asko» izan direla. Salatu du Espainian tortura «sistemikoa» dela, «estamentu askoren konplizitatea» duelako: «Epaileek, auzitegi medikuek, komunikabide askok... beste aldera begiratudute». «Ezkutaketa» hori indarrean dagoela esan du, eta gogora ekarri du berriki Nafarroako Gobernuak torturari buruzko txosten bat egitearen erabakia auzitara eraman duela Espainiakoak.
Sortukoak salatu du estatuak ez duela «bide demokratikoekiko transitorik» egin, eta indarkeria erabiltzen duela oraindik ere «herri honen aspirazioen aurka». Hortaz, eskatu dio «estrategia biolentoa» bazter uzteko, eta torturaren existentziaren «aitortza politiko eta instituzionala» egiteko.
Espainiako Kongresuko korridoreetan ere izan dute mintzagai ebazpena. Aitor Esteban EAJren eledunak gobernuari eskatu dio zigorra aintzat hartzeko, eta jakinarazi du horri buruz galdetuko diola Mariano Rajoyri gaur.
Madrilen jarrera kritikatzeaz gain, EAJk ohar batean salatu du Gasteiz, Bilbo, Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga eta Mungiako batzokietan pintaketak agertu direla, EAJ «torturaren konplize» eginez. Ezker abertzaleari eskatu dio egileak jendaurrean gaitzesteko.
EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak, berriz, gogoratu du Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna izan den egun berean —atzo— eman duela ebazpena Estrasburgok. Epaiak dioena gogoratu du, eta gobernuari eskatu dio tortura «salbuespena» izan dela esateari uzteko.
Unidos Podemoseko Irene Monterok esan du «lotsatuta» dagoela epaiarekin. «Gobernuak serio hartu beharko lituzke demokrazia eta giza eskubideak», adierazi du. «Estatu demokratikoetan gobernuek pertsona guztien giza eskubideak bermatu behar dituzte».
Lesioak bai, tortura ez
Rafael Catala Justizia ministroak, atzo, azpimarratu zuen auzitegiak ez dituela «torturatzat» jo Portu eta Sarasolaren «lesioak», eta jakinarazi du bi presoek jasoko duten kalte-ordaina erabili beharko dutela haiek eragindako kalteak eta biktimen mina konpontzeko.
Tortura. Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia
Torturaren aitortza egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari
Etorkizunean berriro halakorik gerta ez dadin neurriak galdegin dizkio Eusko Jaurlaritzak. Sorturentzat, «historikoa» da ebazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu