13/13 AUZIA

Torturapeko deklarazioetan oinarrituriko epaiketarik ez egiteko eskatu dute Zornotzan

1967 eta 2010 artean torturak pairaturiko hainbat zornotzarrek agerraldia egin dute 13/13 auzian epaitzen ari diren Saioa Agirre herrikideari elkartasunez: «13/13 sumarioaren epaiketa bertan behera uzteko aldarrikatzen dugu».

Torturak pairatuta herritarrek gaur Zornotzan egindako agerraldia. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 4a
14:47
Entzun

Iraganean torturak eta tratu txarrak jasan zituzten zornotzarrek agerraldia egin dute gaur eguerdian Zornotzan (Bizkaia), 13/13 auzian epaitzen ari diren Saioa Agirre Arauko herrikideari elkartasuna adierazteko. Ohartarazi dutenez, 1967 eta 2010 artean ehundik gora zornotzar torturatu zituzten, eta, beraz, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituriko epaiketa politikorik ez egiteko eskatu dute; tartean, Espainiako Auzitegi Nazionalean iragaten ari den 13/13 auzia. Agirrek 2010ean atxilotu zutenean pairatu zituen torturak eta eraso sexualak salatu zituen 13/13 epaiketako bigarren auzi saioan. Honela kontatu zuen, bertzeak bertze: «Galdetu zidaten ama izan nahi al nuen; prestatzeko, ez nintzela izango».

Uztailean abiatu zen zazpi euskal herritarren aurkako epaiketa —hasiera batean zortzi ziren auzipetuak, baina horietako bat, Juan Mari Jauregi, atzo zendu zen—; eta, abuztuan etena eginda, heldu den asteartean joan beharko dute berriro zazpi auzipetuek Madrilera.

Gaur Zornotzan egindako agerraldian hilaren 12an Donostian 13/13 epaiketaren aurka eginen duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute Zornotzako herritarrek. 13:30ean abiatuko da protesta, Bulebarretik.

Aitortza eta erantzukizunak

Torturaren errealitatea azalera ateratzeko hiru eskaera egin dituzte Zornotzako torturatuek, halaber: tortura praktikatu izan dela «ofizialki eta publikoki» aitortzea; berriro gertatu ez dadin «bermeak» jartzea, inkomunikazioa etenda; eta tortura «tresna gisa diseinatu» dutenak identifikatu eta erantzukizunak argitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.