Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegian jurisprudentzia berria sor dadin nahi dute, Iratxe Sorzabal euskal presoaren kasua oinarri hartuta. Bake Bideak eta LDH Giza Eskubideen Ligak prentsaurreko bat egin dute Parisen, Sorzabalen kasua azaltzeko, euskal presoaren abokatuekin, Laura Pego Tortura 1960-2014 lanean parte hartu duen Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariarekin, eta Istanbulgo protokoloa aplikatuta Sorzabali azterketa psikologikoa egin zion Pierre Duterte psikoterapeutarekin.
Iratxe Sorzabalen tortura salaketa egiaztatua egon arren, Parisko Dei Auzitegiak hura Espainiaratzea onartu zuen urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera onartuta. Xantiana Cachenaut abokatuak iragarri zuen Parisko Kasazio Auzitegira joko dutela, hark galdera hau egin diezaion Europako Batasuneko Luxenburgoko epaitegiari: euroagindu eskaera bat tortura bidez lortutako aitorpenetan oinarritzen bada, eskaera jaso duen estatuak errefusatu behar ote du? Eta, hala bada, zer kontrol maila izan behar dute epaileek horrelako kasuetan?
Luxenburgoko auzitegiak 2016tik sortu duen jurisprudentzia aipatu du Cachenautek. «Funtsean, auzitegiak onartzen du Europako herrialde guztietan beti ez direla errespetatzen giza eskubideak, eta, beraz, kontsideratzen du euroagindu prozeduretan eskaera jasotzen duten estatuetako auzitegiei dagokiela kontrolatzea giza eskubideak bermatzen direla. Bi mailatan eskatzen du azterketa: eskaera egin duen estatuan giza eskubideak bermatzen ote diren, modu orokorrean, eta eskaerak ukitzen duen pertsonak ba ote duen arriskurik giza eskubideen urraketarik pairatzeko».
Cachenaut sinetsi agertu da afera Luxenburgora iristen bada euroagindua ez onartzeko arrazoia ikusiko dutela, eta kontrol zorrotzagoa eskatuko diela Frantziako epaileei: «Daukagun arazo nagusia da ezin dugula guhaurek jo Luxenburgoko auzitegira; Frantziako auzitegi batek egin behar dio galdera».
Tortura frogatuak
2015eko irailean atxilotu zuten Sorzabal, eta auzibidea ireki zioten Frantzian. Prozedura horretan, 2001eko atxiloaldi batean Espainian hainbat ekintza egin zituela ageri zen. Hori ikusirik, Istanbulgo protokoloa aplikatu ziezaiotela eskatu zuten. Pierre Duterte psikoterapeutari eman zioten horren ardura: atzoko prentsaurrekoan, azaldu zuen zer garrantzia duen protokoloak, mundu guzian erabilia dela eta NBE Nazio Batuen Erakundeak bere egina duela. Duterte bera mundu guztian aritu izan da tratu txarren biktima izandako pertsonak aztertzen, eta gaur egun prestakuntzak ematen dizkie beste sendagileei, protokoloa nola erabili erakusteko. «[Sorzabalen] Azterketa psikologikoa baizik ez zidaten eskatu. Zinez harritua egon naiz ikusi dudalarik nire ondorioak ez dituztela inolaz ere kontuan hartu; ez dut ulertzen». Nazioartean bere lan batzuek izan duten oihartzunaz ohartarazita, erran zuen bere lana deskalifikatua dutela.
Laura Pegok Tortura 1960-2016 lana aurkeztu zuen, azalduta. ikerketaren helburua, metodologia eta emaitza. Aztertutako epean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.113 tortura kasu izan zirela ebatzi dute; azaldu zuen epe horretan salatu ziren tortura kasu gehienak ez zirela ikertu, eta auzibideak ireki diren kasuetan biziki luzeak izan direla: «Zigorrak ez dira gertakarien heinekoak izan, eta biktimen sufrimendua areagotu du».
Cachenauten iritziz, Tortura 1960-2016 lanak argi erakusten du Espainian torturaren erabilera sistemikoa izan dela, eta, Sorzabalen kasuan, Istanbulgo protokoloaren bidez egindako azterketa xehea dago. «Terrorismoaren kontrako fiskaltzak ez du azterketa zalantzan eman, eta ez dute azterketa gehigarririk eskatu», azaldu du. «Sorzabalek jasandako torturak erabat frogatuak dira: Espainiaren euroagindu eskaera tortura horien pean egindako adierazpenetan oinarritzen da. Hori guzia frogatu dugu, baina Parisko Instrukzio Ganberak euroagindua onartzea erabaki du».
Frantziako prozeduran, Sorzabalen oinarrizko eskubideak «zangopilatuak» izan direla iritzi dio Gregory Thuan abokatuak. «Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak torturaren erabilera debekatzen du. Alta, espresuki eskatu bazaie ere, Frantziako auzitegiek ez dute ebatzi 2001eko atxiloaldian Sorzabalek jasandako tratu txarrez. Galdera zuzenki egina izan zaio, eta prozeduran elementu andana bazen, gure ustez inolako dudarik gabe erakusten duena Sorzabal andereak tortura gisa kalifika ditzakegun ekintzak pairatu zituela».
Michel Tubiana LDHko ohorezko presidentearen iritziz, ezinbestekoa da iraganean gertatutako guztia argitara agertzea: bai ETAren ekintzak, baina baita Espainiako estatuarenak ere. «Zauriak ixteko, biktimen aitortza beharrezkoa da; giza eskubideen errespetua ezin da aldakorra izan».
Torturapeko aitortzak kontrola ditzatela eskatu diete epaileei Parisen
Parisko Kasazio Auzitegiari eskatuko diote galde diezaiola Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiari Iratxe Sorzabalen kasuaz. Giza Eskubideen Ligak biktima guztien aitortza eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu