Torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarrituta epaitu dute Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean

Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haren aurka, 1995ean egindako atentatu bat egotzita. Sorzabalek esan du 2001ean atxilotu orduko inkomunikatu eta «bortizki» torturatzen hasi zirela.

Iratxe Sorzabal, defentsaren eta fiskalaren galderei erantzuten, gaur egindako saioan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Iratxe Sorzabal, defentsaren eta fiskalaren galderei erantzuten, gaur egindako saioan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 27a
15:10
Entzun

«Hemen amaitu dira epaileak, eskubideak eta maritxukeria horiek denak, putakumea». Hori esanez atxilotu zuen Guardia Zibilak Iratxe Sorzabal 2001ean, Hernanin (Gipuzkoa), beste atxilotu batek deklarazio batean haren izena esan ostean. Bost egunez eduki zuten inkomunikatuta, eta gero bost hilabete egin zituen espetxean, aske utzi zuten arte. Orduan egindako deklarazioetan eta Sorzabalek kartzelatik idatzitako gutun batean oinarrituta, 1995. urtean Irunen izandako atentatu bat egotzi diote, eta gaur epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du haren aurka; defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, «torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat» delako aurkeztutako froga bakarra.

Sorzabalek, negarrez hasteko zorian, abokatuari kontatu dio autoan sartu orduko hasi zitzaiola Guardia Zibila torturatzen: burua estali ziotela eta elektrodoak jarri zizkiotela azaldu du: «Autoan, kaputxa jarri eta elektrodokoak jarri zizkidaten bitartean, gorputza ukitu zidaten denek». Guztiak gizonak zirela esan du, eta tortura sexisten berri ematen segitu du, estu: «Haientzat ez nintzen pertsona edo militante bat; emagaldu puta bat nintzela esaten zidaten», esan du. Behin Madrilera iritsitakoan autoko erasoak areagotu zirela gaineratu du, guztiz biluztu zutela eta poltsaren teknika aplikatu ziotela. Torturak «bortitzak» izan zirela esplikatu du, «etengabeak», eta «txikituta» bukatu zuela. «Uste nuen han bertan hilko nintzela. Ez nekien pertsona batek horrenbeste sufritu zezakeenik». Ondorioak urteetan izan dituela azpimarratu du.

«Autoan, kaputxa jarri eta elektrodokoak jarri zizkidaten bitartean, gorputza ukitu zidaten denek»

IRATXE SORZABALAuzipetua

Aiert Larrarte defentsaren abokatuaren ustez, hau zen Guardia Zibilaren helburua: «Autoinkulpazioak nahi zituzten. Guardia Zibilak ekintzaren berri bazuen, baina errudunik ez. Deklarazio haien bitartez, komando bati egotz ziezaioketen».

Hogei ekintza baino gehiago aitortu zituen, eta, bere buruaz gain, inguruko hainbat lagun ere inkulpatu zituen. «Behartuta egin nuen». Larrartek galdetu dio ea bazekien ezer ez esateko eskubidea zuela, eta Sorzabalek erantzun dio orduan ez zuela eskubiderik. «Nahikoa nuen bizirik irautearekin». Sorzabalen ofiziozko abokatuak sinatuta dago deklarazioa, baina, esan duenez, ez zekien abokatua zenik alboan zuen pertsona hura.

Gaurko saioan Benito Morentin auzi medikuak ere parte hartu du, defentsak eskatuta, peritu gisa. Elektrodoak aplikatu zizkiotela «zehaztasun handiz» baieztatu daitekeela kontatu du, inkomunikatuta eta preso egon zen bitartean egin zizkioten hainbat azterketatan oinarrituta. Morentin Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko kidea da.

«Froga bakarrak torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat dira»

AIERT LARRARTEAbokatua

Eskuizkribua

Sorzabalek ETAko arduradunei kartzelatik idatzitako gutun bat erabili du fiskalak haren aurkako froga bakar gisa. Fiskalaren arabera, bertan aitortu egiten ditu hainbat ekintza, baina Sorzabalek erantzun dio Poliziak zer esatera behartu zuen kontatu zuela bertan. Akusazioak galdetu dio ea zergatik jaso zituen eskutitzean deklarazioan esan ez zituen zenbait kontu, eta argudiatu du kontakizun bat ikastera behartu zutela, baina gero ez ziotela xehetasun guztien inguruan galdetu. «Zerbait ahazten zitzaidala sentitzen nuenean, zeharo beldurtuta begiratzen nien agenteei, beldurrez, zer egingo ote zidaten».

Eskuizkribuak bi zati ditu: defentsaren ikuspegitik, esanarazi zizkiotenak zerrendatzen ditu aurrena, eta horretara behartzeko erabilitako tortura metodoak gero. Euskaraz idatzi zuen. Bada, Iñaki Camino Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko ikerlariak aztertu du Poliziak egindako itzulpena, defentsak eskatuta, eta gaurko saioan esan du itzulpenaren maila «ona» dela, baina ez dagoela guztia itzulita.

Gutuna baliatu zuten bi poliziak ere hitz egin dute, akusazioaren lekuko gisa, eta biek aitortu dute ez dakitela euskaraz. Adierazi dute polizia etxeko itzultzaileek egin zutela itzulpena, eta beraiek ez dutela manipulatu. Defentsaren ustez, nahita ez zutela osorik eta zuzen itzuli, Poliziaren jokabideak zuritzeko.

Salaketa gehiago

Sorzabalen tortura salaketak oihartzun zabala izan zuen. Larrartek berak adierazi du Auzitegi Nazionalean epaiketa askotan aritu behar izan duela defentsa lanetan, eta gutxitan bezala izan zutela Sorzabalen kasuan froga argi bat: elektrodoen markak. Inkomunikazioaldian jasandakoaren lekukotasuna eman zuen Bi arnas dokumentalean, eta Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean. Istanbulgo protokoloa ere aplikatu zioten.

Martxoan beste epaiketa bat izango du Sorzabalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.