Zuzenbidean doktorea

Pauline Guelle: «Torturak sistema baten barnean egindako krimenak dira»

Euskal Herrian torturei bide eman dien sistema judiziala aztertu du Guellek bere doktore tesian. Uste du estatuaren parte hartzea ezinbestekoa dela aitortza eta erreparazioa izan daitezen.

(ID_13533848) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-01-25, Irisarri. Pauline Guelle
PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Irisarri
2024ko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Udazkenean aurkeztu zuen doktore tesia Pauline Guellek (Paue, Okzitania, 1992), Baionako unibertsitatean: Torturaren inpunitatea Espainiako kontsolidazio demokratikoan: Euskal Herriko kasua. «Landu nahi izan dut nola zuzenbide estatuak ez duen lortu, estatu demokratiko batean, jendea torturatik babestea. Eta nolatan eskubideek ez duten aplikazio osorik edo zuzenik izan», esplikatu du. uste du Ipar Euskal Herrian lana dagoela egiteko.

Zer da tortura?

Funtzionario batek edo agente publiko baten eraginpean egindako praktika bat da. Intentsitateak ere badu garrantzia. Tortura fisikoa eta psikologikoa izan daiteke, eta helburuak ere badira: informazioa lortzea, pertsona diskriminatzea... Nahitara eragiten den praktika bat da tortura; bada mekanismo bat, intentzionalitate bat.

Demokrazia batean ez luke lekurik izan beharko.

Historikoki eta kulturalki, sistema judizialak torturaren erabileran oinarritu dira jendeen hitzak ateratzeko; ahalbidetua zen, normalizatua. Ez zen kontuan hartzen pertsonaren ongizatea, ez eta haren oinarrizko eskubideak ere. Orain, badugu beste garantia sistema bat. Euskal Herrian estatu demokratiko batzuen peko gara; hasteko, arauen arabera. Bada gure oinarrizko eskubideak bermatzen dituen sistema bat ere: NBEren egiturak, Giza Eskubideen Europako Auzitegia... Nire tesia egiteko, horretan oinarritu naiz. Baina Euskal Herriko kasua hartzen badugu, ikus dezakegu oinarrizko eskubideak ez direla bermatuak, eta tortura kasuak izaten ahal direla estatu demokratikoetan ere.

Hiru garai bereizi dituzu: diktadura frankista, trantsizio demokratikoa eta kontsolidazio demokratikoa.

Diktadurarena Franco hiltzen denean bukatzen da, 1975ean; gero, trantsizio demokratikoa bada, 1982ko alternantzia politikora arte; eta, hortik goiti, kontsolidazio demokratikoa aipatzen da. Konstituzio berria du Espainiak; estatu demokratiko izateko arau guziak betetzen ditu. Urteetan, modelo gisa hartu da Espainiako trantsizioa; mito bat eraiki zen, eta orain ari da deseraikitzen. Bada nola egina izan den –Euskal Herrian biziki bortitza izan zen–, eta nola ez duen bermatu oinarrizko eskubideen babestea. 1977an bozkatu zelarik amnistia legea Frankismo garaiko krimenentzat, denak zuritu ziren, ñabardurak ñabardura; ez dituzte sekula epaitu. Isiltasun horrek bermatu du torturaren segipena: praktikak ez dira zalantzan ezarri, jendeak beren postuan gelditu dira; horrek sistemaren hutsa erakusten du.

Zergatik hautatu duzu tortura ikertzea?

Estatu bortizkeria bat baita, denetan debekatua dena; ez da zalantzan ezartzen ahal. Eta froga daiteke, salaketen eta Istanbulgo protokoloaren bidez. Inpunitatea eraikitzen da praktika batzuek segitzen dutelako, salaketa gutxi delako eta badelako lege koadro bat, inkomunikazioarena, manera ematen duena komisarietan lekukorik gabe torturatzeko. Azkenik, auzibideak ez dira bururaino eramaten. Europako Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu du Espainia. Ez da izan epaileen bermerik jendea babesteko: ez dituzte ikertu kasuak, eta torturatuei galdetzen zieten frogatzeko torturatuak izan direla. Normalean, alderantziz da: torturatzaileak frogatu behar du ez duela torturatu. Frogatu beharraren karga alderantzikatzea deitzen zaio horri. Bi funtzionamendu horiek batera permititu dute tortura.

Frantziako sistema judizialak zer jarrera izan du torturari dagokionez?

Estradizioak abiatu zituen 80ko hamarkadan, eta pertsona batzuk Espainiara igorri, jakinez torturatuak izan zirela, edo horretarako arriskua zutela. Ondoren, kasu guzietan izan da kooperazioa: beste estatu demokratiko batean hartutako deklarazioak baliatu dira epaiketetan. Eta azkenik, bada Iratxe Sorzabalen kasua, aski paradoxikoa. Lehen aldia da Frantziak zalantzan jartzen duela bere jarrera Espainian egindako krimenei dagokienez. Sorzabalek lau euroagindu zituen, Istanbulgo protokoloa aplikatzeko eskatu zuen, eta ondorioztatu da torturen biktima izan zela. Frantziak euroagindu bati uko egin zion, baina erran zuen beste hiruretan Espainian auzipetu zitekeela. Nazioarteko sisteman, pertsona bat ezin da igorri torturatik babesten ez duen estatu batera. Frantziak lehen aldiz onartu du, juridikoki eta formalki, Espainian torturatzen zela, baina Sorzabal ez zuten babestu.

Frantziak torturatu izan du?

Hori ez dut landu tesian, baina izan ditut harremanak Frantziak atxilotu zituen Ipar Euskal Herriko pertsona batzuekin. Kontatu didate zer bizi izan duten, baina sekula ez dute onartzen bizi izan duten hori tortura dela. Eta uste dut hor badugula gai bat: zeri erraten diogun tortura, nola definitzen dugun. Entzun ditudanen artean, badira tortura fisikoak, psikologikoak, mota guzietakoak. Baina beti erraten zuten besteak baino gutxiago zela. Epaien arabera, ikus dezakegu zigortu diren tortura kasu guziak tortura fisikoak eta ikusgarriak izan direla. Horrekin gelditzen gara: irudi basa eta bortitz batzuekin. Ez baduzu halakorik erakusteko, ez duzu horrela definituko jaso duzun tratua. Zuzenbidearen ikuspegitik, ez da hori torturaren definizioa. Ipar Euskal Herrian ez da lanik eraman gatazka armatuaren garaian izan diren tratuak aztertzeko.

Egin liteke?

EAEn eta Nafarroan, hasi dira salaketak biltzen. Datu biziki garrantzitsuak bildu dituzte 1960tik 2013 arte; azaleratzen dute praktika sistematiko bat izan zela. Horien artean badira Ipar Euskal Herriko hogei kasu, gehienak Guardia Zibilak torturatu zituenak; baina ez dakigu zer heinetaraino gehiago diren. Hor dira nire ikerketaren mugak: ez dut elkarrizketa zuzenik egin nahi izan tesiarentzat. Ez naiz soziologoa, eta ez nuen lantalderik nirekin hori baldintza onetan egiteko. Tortura testigantza bat biltzea ez da arrunta, bermeak behar dira. Nik ezin nuen bermatu pertsona horien ongizatea. Tortura testigantza bat ematea trauma berriz bizitzea da, eta ez nuen ardura hori hartu nahi. Aukera bat ere irekitzen du Ipar Euskal Herrian lan hori egiteko: baditugu datu batzuk, baina zientifikoki aztertu behar dira, testigantza gehiago bildu. Instituzioen bermerik gabe, biziki zaila da.

Nola lor daiteke biktimei aitortza eta erreparazioa ematea?

Espainiako Estatuan fiskal bat izendatu dute frankismo garaiko krimenak aztertzeko. Ez dira epaituak izanen, baina kasuak aztertuko dira. Euskal gatazkari dagokionez, ez da horrelako azterketa judizial eta ofizialik. Botere legegileak egin nahi duelarik, autonomietan, erraten zaie botere judizialaren gainetik pasatzen ari direla. Horregatik dira konstituzioaren kontrakoak EAEn eta Nafarroan izan diren hainbat proposamen. Badira beste aukera batzuk: egia batzordeak, adibidez, biktimen eta erasotzaileen ikuspegi orokorra izateko. Bada erreparazio morala ere, justizia berreraikitzailearen bidez edo beste mekanismo batzuen bidez egin daitekeena.

Espainiako Estatuak parte hartu behar duela diozu.

Segitu daiteke Euskal Herrian mekanismoak sortzen biktimen hitza askatzeko, erreparazio moral eta psikologikoa egiteko; beharrezkoak dira komunitatearen zauriak sendatzeko. Baina, noizbait, Espainiako Estatuak onartu behar du zer egin duen, sistema baten barnean egindako krimenak baitira. Horregatik, mementoko eginak diren ebaluazio batzordeak mugatuak dira. Politikoki eta juridikoki aitortza hori funtsezkoa da. Biktimen errekonozimenduan beharrezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.