Torturak kontatu, eta akusatuetatik hiru ezagutu ditu Barrenetxeak

Orain arte adierazitakoa berretsi du Barrenetxeak bere deklarazioan, eta torturak eta sexu erasoak salatu ditu. Istanbulgo Protokoloaren emaitzen arabera, haren kontakizuna «guztiz sinesgarria» da

Sandra Barrenetxea, erdian, Jone Goirizelaia eta Iñaki Goioaga abokatuek lagunduta, txalo artean epaitegira sartzen, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Unerik gogorrenetako bat izan da, une gogorrez beteriko goiz batean. Jone Goirizelaia abokatuak galdetu dio Sandra Barrenetxeari ea ondoan dituen akusatuak ezagutzen ote dituen. Protesta egin du akusatuen abokatuak. Epaileak ez du protesta onartu. Barrenetxea biratu egin da, aurpegira begiratu die akusatuei, begiradari eutsi dio segundo amaiezin batzuez. «Hau da mahai gainean jarri ninduena», esan du, ahotsa kraskatzear duela, Jorge Rodriguez seinalatuz. Rodriguezek ezezkoa egin du buruarekin. «Hau autokoa da», esan du Jose Carlos Arranzi begira, «eta izkinakoa da deklarazioa hartu zidana». Azken horiek ez dute zirkinik ere egin.

Barrenetxeak aurkeztutako tortura salaketari buruzko epaiketaren bigarren saioan, salatzailearen testigantza izan da garrantzitsuena. Hiru orduz aritu da Barrenetxea bere abokatuaren, defentsako abokatuaren eta fiskalaren galderei erantzuten, negar malkotan behin baino gehiagotan, ustez torturatu zutenengandik metro eskas batera, baina haiei aurpegia eman barik. Txalo eta adore oihu artean sartu da epaitegira, senitartekoak eta gertukoak izan ditu ondoan deklarazioak iraun bitartean, eta amaitutakoan, haiek lagunduta atera da aretotik, musu eta besarkada artean.

Orain arte kontatutakoa berretsi du Barrenetxeak. 2010eko irailaren 14an atxilotu zuten, etxean bakarrik zegoela, goizaldean. Etxea miatu zioten, Donostiara eraman zuten beste etxe baten miaketan egon zedin, eta auzi medikuengana ere eraman zuten. Tarte horretan, tratua egokia izan zen, haren hitzetan.

Gero, Arrigorriagara (Bizkaia) eraman zuten, eta auto batera aldatu zuten, Madrilera eramateko. Bidaian hasi zen amesgaiztoa. «Burua estali zidaten, eta kolpeka hasi ziren. Soka batez loturiko praka nasaiak neramatzan; jaitsi egin zizkidaten, hainbeste indarrez non apurtu ere egin baitzizkidaten. Kuleroak jaitsi zizkidaten, eta ukituak egiten hasi ziren. Ni txiki-txiki sentitzen nintzen,eta desagertu baino ez nuen egin nahi».

Haren testigantzaren arabera, Madrilen ere jarraitu zuten kolpeek, laidoek eta tratu umiliagarriek. Esan duenez, poltsa buruan jarri zioten, bortxatu egingo zutela egin zioten mehatxu, kolpeak eman zizkioten... «Objektu metaliko bat jarri zidaten eskuan, eta esan zidaten hura alutik eta ipurtzulotik sartuko zidatela. Baina gogoan dut hura esan zuenak ez zuela oihuka esan; aitzitik, xuxurlaka esan zidan, belarrira. Haien usainak ere gogoan ditut, hain hurbil izan nituen».

Oro har, Barrenetxeak esandakoa bat etorri da orain arte deklaratutakoarekin, baina xehetasun berriak ere agertu dira epailearen aurreko deklarazioan: «Behinola, ziur nengoen atera egingo nindutela, iruditzen zitzaidalako denbora luzeegi neramala barruan. Hala ez zela izango ikusi nuenean, hondoa jo nuen, eta saiatu nintzen burua horma baten kontra jotzen, hura behingoz amaitzeko. Guardiek heldu egin ninduten: 'Burutik zaude, ala? Hori baino ez dugu falta, buruan zauria duzula auzitegira eraman behar izatea', esan zidaten».

Fiskala eta defentsaren abokatua euren galdeketetan saiatu dira Barrenetxearen testigantzan kontraesanak bilatzen. Barrenetxeak azaldu die atxiloaldiak lau egun iraun zuela, gauza asko gertatu zirela eta ezinezko suertatzen zitzaiola «gertatutako guztiaren kontakizun osatu, koherente eta denboran antolatua» egitea.

Istanbulgo Protokoloa

Barrenetxearen ostean, hainbat perituk, auzi medikuk eta adituk deklaratu dute. Tartean, Olatz Barrenetxea psikologoak —abizen bera duen arren, ez du inolako loturarik Sandra Barrenetxearekin—. Hura izan zen Sandra Barrenetxeari Istanbulgo Protokoloa deritzona ezarri ziona, Paco Etxeberriaren gidaritzapean eta Eusko Jaurlaritzak eskatuta Kriminologiako Euskal Institutua egiten ari den torturari buruzko ikerketarako.

Istanbulgo Protokoloa zer den azaldu du Olatz Barrenetxeak: azterketa multzo bat, Europako estatu guztiek onartu eta aintzat hartzen dutena, giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeek homologatua, eta tortura kasuen egiazkotasuna eta testigantzen sinesgarritasuna neurtzen duena. Esan duenez, froga baliagarria izateko kanpoko bi begiraleren oniritzia jaso behar du, eta hala izan zen Sandra Barrenetxearen testigantzaren kasuan ere. Elkarrizketa guztiak bideoz grabatzen dira.

«Protokoloak badu alde espezifikoa testigantzaren sinesgarritasuna bermatzeko», azaldu du. Protokoloaren emaitzetan oinarrituta, psikologoak ondorioztatu du Sandra Barrenetxearen kontakizunak «gehieneko sendotasuna» duela eta «guztiz sinesgarria» dela. Esan duenez, gauza batzuk ezin dira antzeztu: «Poltsa nola jarri zioten kontatu zidanean, elkarrizketa moztu behar izan nuen, itolarria egiten zitzaiolako».

Fiskala eta defentsaren abokatu Carlos Aguilar saiatu dira psikologoaren testigantzari zilegitasuna kentzen. EAE-ANVren zerrenda batean hautagai izan zela gogorarazi diote —«Guardia Zibila gorrotatzen ote duen» galdetu dio fiskalak—, eta zalantzak agertu dituzte azterketaren balioaz.

Aguilarrek iradoki du Sandra Barrenetxeak pairatzen dituen kalte psikikoak lehenagokoak zirela, edo Espainiako Auzitegi Nazionalean haren kontra irekitako auzibideak eragindakoak izan zitezkeela. Beste tesi bat ere defendatu du: Barrenetxea soziologoa da, eta, «goi mailako ikasketak» dituenez, «buruargia» da eta horrek «manipulatzeko gaitasun handiagoa» eman diezaioke.

Barrenetxea artatzen ari den Ana Esther Llano psikologoak ere deklaratu du. Azaldu ditu Barrenetxeak zituen sintomak hura artatzen hasi zenean: trauma osteko estresa, antsietatea, urduritasuna eta abar. «Normala» iritzi dio Barrenetxeak egin dituen deklarazio batzuk beste batzuk baino osatuagoak izateari: «Sufrimendua handia denean, horrek ekar dezake gertaera batzuk blokeatu eta ahaztea, eta geroago gogoratzea», argitu du.

Hastapenetan, tentsioa

Epaiketa hasi aurretik tentsio giroa sortu da, itxura guztien arabera akusatuen lankideak ziren zenbait pertsonaren eta Barrenetxeari sostengua ematera joandakoen artean, multzo biak aretora sartu nahian ibili direnean. EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak salatu du guardia zibilak bultzaka ari zirela, eta ertzainei aurpegiratu die ez zirela euren lana egiten ari. Talde biak aretoaren alde banatan eserarazi dituzte.

Epaiketak gaur jarraituko du, eta bihar izango du azken saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.