IRUÑEA. Nafarroako Torturatuen Sareak torturaz ikerketa «profesional, independente eta zientifikoa» egin dezatela eskatu die Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari. Torturaren aurkako egunean Nafarroako Parlamentuko atean bildu ziren atzo, eta ondotik gutun bat eman zieten Maria Txibite Nafarroako lehendakariari eta Unai Hualde parlamentukoari: bilera bat eskatu zieten, eta tortura ikertzeko neurri zehatzak har ditzatela galdegin. Exijitu zieten hamargarren legealdia izan dadila torturak ikertu gabeko azkena. Unai Hualdek sare sozialen bidez erantzun zien bilera egiteko prestasuna dutela.
Nafarroako Torturatuen Sarearen hitzetan, ezinbestekoa da Nafarroan tortura «errealitate gordina» izan dela onartzea: «Estatuko segurtasun indarrek torturatu duen sistema bat izan dute indarrean, epailetzak onartuta eta instituzioek beste alde batera begiratzen zutela». Salatu dute, gainera, Nafarroan mila torturatu izan direla, eta erakunde nagusiek ez dutela pausorik eman gertatutakoa ikertzeko. Bertze alde batera begiratzeak oinazea «handitu bertzerik ez du egin», salatu dutenez.
«Egia, aitorpena eta erreparazioa» eskatu dituzte, eta ikertzeko orduan Nafarroako Auzitegiak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak trabak jarriko dituztela jakin arren, konpromisoa eta erabaki politikoaren beharra azpimarratu dute: «Nafarroako erakundeek zor bat dute milatik gora torturatuekin, senideekin eta lagunekin».
Torturak ikertzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari
Ikerketa «profesional, independente eta zientifikoa» egitea galdegin du Nafarroako Torturatuen Sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu