Frankismoko krimenak

Torturak delitu «arruntak» direla esan du Muñecasen abokatuak

Espainiako Auzitegi Nazionalean estradizio eskaria aztertu dute; Muñecas Argentinara eramatearen aurka daude defentsa eta fiskalaFiskalak Argentinari proposatu dio salaketa Azpeitiko epaitegira eramatea

urtzi urkizu
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Maria Servini Argentinako epaileak Jesus Muñecas guardia zibil ohia estraditatzeko egindako eskaera aztertu zuten atzo Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzi saioan bi galdera baino ez zituen erantzun Muñecasek. Argentinarekin loturarik ote duen zen bat, eta, aurreko saioan bezala, ezetz erantzun zuen. Estradizio eskaerari ere ezezkoa eman zion inputatuak, Alfonso Guevara auzitegiko presidenteari erantzunez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren hirugarren aretoak datozen egunetan erabakiko du Muñecas estraditatu ala ez. Abokatuak esan zuen torturak delitu «arruntak» direla «eta ez gizateriaren kontrakoak».

Pedro Martinez Torrijos fiskala estradizioaren aurka azaldu zen, baina proposatu zuen Argentinak Azpeitiko epaitegian (Gipuzkoa) aurkeztea kereila, tortura salaketen gaineko eskuduntza auzitegi horri dagokiola argudiatuta; Zarautzen 1968an Andoni Arrizabalaga zenak jasandako torturen salaketagatik egin zuen Argentinako epaileak estradizio eskaera. Fiskalaren ustez, eskaera Azpeitian egiteak biktimei aukera emango lieke «estatu barnean prozedura bat izan eta entzunak izateko». Haren iritziz, modu horretan biktimek «justizia egiteko desioak» asetzeko aukera izango lukete. Nolanahi ere, fiskalak adierazi zuen torturen delitua baliogabe geratu direla, «gertatzekotan», 1968. urtean gertatu zirelako. 1977ko Amnistiaren Legeari ez zion erreferentziarik egin, baina lege hori aipatu zuen Muñecasen eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren atxilotzearen aurka azaldu zenean.

Muñecasen abokatuak, berriz, adierazi zuen ez dituela gertaerak ezagutzen eta tortura salaketetan «kontraesanak» daudela. Zalantzan jarri zuen salaketen izaera bera. Adierazi zuen «erabat ziur» dagoela Muñecasek ez zuela parte hartu salatzen zaizkion gertaeretan. Bestetik, Muñecasi jarritako behin-behineko neurriekin kexu azaldu zen; abenduaren 5ean, fiskalak eskatuta, Muñecasen eta Billy el Niñoren aurkako hainbat neurri kautelar onartu zituen Pablo Ruz epaileak: astero epaitegian aurkeztea, Espainiatik ezin irtetea, eta pasaportea erretiratzea. Abokatuak, gainera, salatu zuen kereila jarri dutenen asmoak «iruzurrezkoak» direla, haren ustez Argentinak ez dituelako justizia unibertsaleko delituak legedian jasota, torturak barne.

Guardia Zibilaren kapitain ohia saiatu zen auzitegiaren sarreran grabatu ez zezaten. Auzi saioa baino askoz lehenago sartu zen inputatua Auzitegi Nazionalera, eta egiaztagiri batekin egon zen ezkutatuta. Saioa amaitu eta gero ere, ordu batez egon zen eraikin barruan. Irteeran, aterki batekin ezkutatu zen autora sartu aurretik. Haren abokatuak, halaber, eskatu zuen ez filmatzeko saioa, «aparteko segurtasun» motiboak argudiatuta. Auzitegiko presidenteak, Alfonso Guevarak, ez zuen eskakizuna onetsi.

Saioa amaitu aurretik, bestalde, Muñecasek hitz batzuk eginzituen: «Nik ez nuen inoiz gizon hori ezagutu...». Baina auzitegiko presidenteak eten egin zuen, argudiatuta halakorik entzutea ez zela auzi saioaren helburua.

Auzitegi Nazionalaren aurrean, frankismoko krimenen aurkako kereilaren koordinakundeak deituta, elkarretaratzea egin zuten. Frankismoko hainbat biktimak parte hartu zuten protestan. Afixetan irakur zitezkeen leloen artean zeuden Torturatzaileak estraditatu behar dira eta Frankismo kriminala epaitu behar da. Protestan parte hartu zuen kereilako abokatu Ana Messutik. Nabarmendu zuen fiskalak atea zabaldu duela gertaerak ikertzeko, «entregatzen duzu edo epaitzen duzu» nazioarteko zuzenbide oinarriari jarraituz. «Behintzat bide hori aitortu egin da».

Torturak eta estatu kolpea

Aipatu bezala, Andoni Arrizabalagak 1968an torturatu zuelakoan dago inputatuta Muñecas —22 egunez izan zuten bakartuta—. Haren beste bi anaiek, Josuk eta Mikelek, 1976ean Muñecasek torturatu zituela salatu dute, eta kereila jartzea erabaki dute. Ez dira Arrizabalaga anaiak Muñecasen torturak salatu dituzten bakarrak. Tolosan (Gipuzkoa) kapitain zela, 1976ko apirilean Amparo Arangoa atxilotu zuen. Atxiloketaren hurrengo orduetako torturak zirela eta, aurpegia kolpatuta eta gorputz osoa ubelduz beteta utzi zuten Arangoa. Urte berean torturak jasan zituztela salatu duten beste bi euskal herritar Elisabete Nosellas eta Jokin Sarasola dira.

Muñecas (Daroca, Espainia, 1939) gaztea zela sartu zen Guardia Zibilean, 1959an. Antonio Tejeroren lagun mina, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartu zuen. Bost urteko espetxe zigorra jaso zuen. 1984ko urrirako kalean zen, zigorraren hiru laurdenak bete eta gero. Aurten, estatu kolpearen urteurrena ospatzeko jai batean parte hartu zuen Valdemoroko kuartelean, Tejeroren semearekin eta beste guardia zibil batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.