Jon Iñarritu Espainiako Kongresuan EH Bilduk duen diputatuak galdera egin dio Espainiako Gobernuari Hector Moreno Garcia komisarioari emandako Polizia Merituaren Zilarrezko Dominari buruz. Koalizioak azaldu duenez, izan ere, torturak eragiteagatik zigortu zuten Moreno, eta Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak indultatu egin zuen gero. Espainiako Barne Ministerioak justifikatu egin du kondekorazioa, ordea. Legea eskuan argudiatu du polizia hori saritu izana, «Merezimendu Zibilaren Aginduko Legediaren 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren».
EH Bilduk salatu duenez, Moreno Garciak jasotzen duen sari ekonomikoa «polizia agente batek bizitzan jaso dezakeen bereizketarik handiena da» egun. Guztira, bizitza osoan jasoko duen pentsioa %15 handitu diote jaso berri duen kondekorazioari esker.
Jon Iñarritu diputatuak salatu du «erabat kontraesanezkoa» eta «zentzugabea» dela «Billy el Niño eta beste polizia torturatzaile frankista batzuei dominak kenduko dizkietela iragartzea, eta, aldi berean, antzeko gertaerengatik zigortutako polizia torturatzaileei gorazarre egitea». Diputatuak salatu du «torturaren biktimak umiliatzea» dakarrela torturengatik zigortutako agenteak kondekoratzeak: «Bigarren mailako biktimak daudela begi bistan geratu da berriz ere».
Iñarrituk gogoratu du Morenorena ez dela «gertaera bakan» bat: «Agerian uzten du estatuak hainbat hamarkadatan izan duen jokabidea, torturengatik zigorrak gauzatu direnean: indultua, kondekorazioa eta kargu hobetzea».