Goitik behera belztutako gorputzak. Ageriko erredurak. Kolpeen aztarna izugarriak, ubeldurak, zauriak. Denboran zenbat eta atzerago egin, orduan eta agerikoagoak ziren torturen seinaleak gorputz osoan. .Dena zen balekoa. Erakusteko beldurrik ez zen, eta beldurra zabaltzeko eraginkorra ere izan zitekeen. Denborak aldatu ahala, tortura motak ere moldatuz joan dira. Finduz, zurituz. Tortura salaketek epaitegietan, gizartean zein nazioartean eragin ditzakeen ondorioak saihestu behar dira orain. Gero eta gehiago. Markarik ez uzteko pentsatua izan da azken urteetako tortura. «Tortura zuria; garbia».
Baina findua izanagatik, azken urteetakoa lehen bezain krudel eta sistematikoa dela diote adituek. Badela ez dute zalantzarik, eta froga daitekeela. Istanbulgo protokoloa da horretarako dagoen baliabiderik eraginkorrena.
Nazio Batuen Erakundearen protokoloa da Istanbulgoa. Azterketa zehatz batzuen bidez, emaitza «zientifikoak» ematen dituena. Aztertzen den pertsona torturatua izan den «zientifikoki frogatzen» duena. Euskal Herrian eta Espainian ia ezezaguna den arren, indar handia du Europan.
Protokoloa Euskal Herrira ekarri nahian dabil Torturaren Aurkako Taldea. Saioak egiten. Alor horretan ere «borondate ezak» frogak asko zailtzen dituen arren helduleku baliagarria izaten jarraitzen duela dio.
Metodologiak medikuntza alorrean proposatzen dituen froga gehienak egitea ia ezinezko da egun. Torturak salatu dituen pertsonaren atal guztiak zehaztasun handiz aztertzean datza froga; salatu dituen torturak eta gorputzak erakusten dituen arrastoak bat datozen alderatzean. Behartutako posturetan izan dutela edo etengabe ariketa fisikoak eginarazi dizkiotela salatu duenak egia dioen frogatzea posible da, esate baterako. Ospitaleetan badaude hori egiaztatu dezaketen aparailuak.
Baina 48 ordu igaro aurretik egin behar dira froga horiek, ez baitu emaitzarik emango bestela. Eta, atxilotuek, borondate ezarekin topo egiten dute beste behin. Torturak salatzen dituzten atxilotuak artatzen dituzten auzi-medikuek ez dute antzeko frogak egiteko inolako asmorik izaten. Sekula ez dute halakorik egin. Inkomunikazioak zailtasunak areagotzen ditu, eta salaketa egin duena azterketa sakonik egin gabe espetxera igortzeak ere bai.
Haatik, azterketa psikologikoak ere frogatu dezake torturarik izan den. Baita urteak igaro badira ere. Aztarnak barruan geratzen dira betiko, pertsona aldatu egiten du zenbait alorretan, eta azterketa zehatz batzuekin zientifikoki frogatu daiteke urteak lehenago torturak jasan zituen.
Elkarbizitzarako, aitortza
Baliabide horiei heltzeko aldarrikatzen du TATek. Eta, ildo horretatik tiraka, Euskal Herrian garai guztietan torturatu dela onartzeko. Konponbiderako eta elkarbizitzarako bidean aurrera egingo bada, biktima horiekiko aitortza ere ezinbestekoa izango dela dio Lorea Bilbaok. Eta Espainiak, «ofizialki» egin behar duela aitortza; erakunde publikoetatik. «Zauri horiek itxi gabe geratzen badira, arriskua hortxe geratuko da. Ez dut uste elkarbizitza bat egon daitekeenik torturaren gaiak ezkutuan jarraitzen duen bitartean, aitorpen publiko bat ez dagoen bitartean».
Tortura zuria, frogak, aitorpena
Garaiekin batera tortura ereduak aldatu diren arren, Espainiak garai guztietan ezarri duela aitortzea ezinbestekoa izango da elkarbizitzarako, TATen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu