Niall Murphy eta John Finucane Irlandako abokatuek gogor salatu dute «torturaren erabilera sistematikoa» euskal herritarren aurka. Irailaren 14an Espainiako Guardia Zibilak atxilotu zituen Eneko Compains, Egoitz Garmendia eta Sandra Barrenetxearen tortura lekukotasunak bertatik bertara entzuteko aukera izan dute Soto del Realeko kartzelan. Murphyk BERRIAri adierazi dionez, «inoiz» ez zuen halako lekukotasunik aditu. «Ikaratuta» gelditu da mehatxu, kolpe, poltsa eta bortxakerien berri izatean. «Sinesgarritasun osoa» eman die tortura lekukotasunei, hirurak «lur jota, neka-neka eginda eta emozionalki hunkituta» aurkitu dituelako.
Murphy eta Funicane Irlandan preso dagoen Fermin Vila euskal presoaren abokatuak dira. Aurreko asteetan Euskal Herrira etorri ziren haren jarduera politikoaren berri izateko lehen eskutik, eta hura Espainiaratzeko eskaeraren defentsa prestatzeko. Hemen zirela gertatu zen bederatzi herritarren aurkako polizia operazioa Ekineko kideak zirela leporatuta. Joan den astelehenean haietariko hirurekin hitz egiteko aukera izan zuten.
Haien defentsa lana errazteko egindako ahalegina eskertu dute bi abokatuek, Murphyren erranetan, hiru atxilotuek kuraia eta duintasuna erakutsi dutelako bi atzerritarrei haien lekukotasuna kontatuz. Murphyk azaldu duenez, Irlandako Justizian eraso kriminal nagusiena litzateke. «Triste gaude, ikusi dugulako Irlandan bermatutzat jotzen ditugun oinarrizko eskubide demokratiko batzuk Espainian ez direla». Ulertezina egin zaio demokrazia moderno batean horrelako ekimenak onartzea zigor eta justiziaren gainbegiratzerik gabe. «Oso kezkatuta» itzuli dira, baina konbentzituta jasotako lekukotasunekin eta beste froga batzuekin gai izanen direla frogatzeko Vilaren aurkako deklarazioak torturapean lortu zirela legearen inongo ordezkaririk gabe.
Egungo egoerari begira
Murphyk ez dauka dudarik horrelako jarrerek ez dutela bake prozesu bat abiatzen laguntzen, baina abokatu gisa ezin du onartu tortura, «ez gaur egungo egoeran, ezta beste egoera batean ere». Pentsaezina iruditzen zaio XXI. mendean tortura erabiltzea deklarazio judizialak lortzeko. Horren harira, gogorarazi du Erresuma Batuko Poliziak erabili izan zuela Ipar Irlandako gatazkan, baina 70eko hamarkadatik aurrera tortura erabiltzeari utzi ziola, batetik, giza eskubideen aurkako zelako, eta bestetik, kontrako eragina zuelako eta haserrea pizten zuelako herritarren artean.
Tortura testigantzak entzunda, ikaratuta gelditu dira Irlandako bi abokatu
Azken sarekadako atxilotuen aurkako torturak salatu dituzte Murphy eta Finucane abokatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu