Guardia Zibilak 2011ko urtarrilean eraman zuen Jon Patxi Arratibel Xafan, Ekin erakundeko kide izatea egotzita. Bost egunez izan zuten inkomunikatuta eta denbora horretan bortizki torturatu zutela salatu zuen epailearen aurrean: poltsa, kolpeak, elektrodoak, lagun eta senideen aurkako mehatxuak... Tratu txarrei gehiago eutsi ezinik, Poliziak prestatutako deklarazioa sinatu zuen azkenerako, baina bere izenaren ordez, Aztnugal idatzi zuen agirian (Laguntza, alderantziz). Espainiak ez zuen tortura salaketa hura ikertu, eta aurten, Estrasburgok arrazoia eman die Arratibeli eta harekin batera atxilotutako besteei.
Gloria Bosque Ezker bi aldiz atxilotu eta beste horrenbestetan torturatu zuen Polizia frankistaren Brigada Politiko Sozialak. Lehen aldia, 1973ko ekainaren 19an, Iruñean. Bigarrena, handik bi urtera, Valladoliden (Espainia). Bigarrenean, hamar egunez eduki zuten inkomunikatuta. Frankismoko krimenen aurka Iruñeko Udalak aurkeztutako kereilan eman zuen tratu txar horien berri. Besteak beste, adierazi zuen eskuak lotuta izan zituela ia une oro, biluzik egonarazi zutela, trapu bat ahoan sartu eta burua estali ziotela toalla batekin, eta kolpeak eta irainak jaso zituela inkomunikazio aldiak iraun zuen bitartean. Baso batera eraman zuten, eta fusilatuko zutela sinetsarazi zioten. Azkenerako, ez zuten hil.
Bi testigantza horiek eta halako beste askok osatzen dute tortura polizialaren mosaikoa Euskal Herrian. Arratibelek eta Bosquek aspaldi eman zuten lehen pausoa: kontatzea. Orain, bizipen eta testigantza indibidual horiek guztiak josi nahi dituzte, beste askorekin batera ehundu, kontakizun ñabar eta osoago bat osatzeko. Torturaren errealitatea azaleratu eta justizia egiteko, alegia. «Nafar torturatuak gara», adierazi dute gaur goizean Iruñeko Zabaldi elkartean egin duten agerraldian. «Gure historia hurbileko une batean zein bestean, tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara». Beren ahotsa isilarazi duen «60 urteko inpunitatea» errotik erauzi nahi dute, eta horregatik, Nafarroako Torturatuen Sarea sortu zuten. Orain, elkarte izaera eman diote. Bosquek eta Arratibelek hitz egin dute sarea osatzen duten guztien izenean.
«Nafarroa osoko pertsonak gara, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Izan ere, gure datuen arabera, Nafarroako 80 herritan baino gehiagotan bizi izan dute torturaren gaitza, eta 80 udalerri horietan, gutxienez, tortura kasu edo salaketa bat dago ikertu, aitortu eta ordaina jaso gabe», azaldu du Arratibelek. Elkarteak darabiltzan datuen arabera, milatik gora izan daitezke 1961etik 2012ra bitarteko aldian Nafarroan torturatutako pertsonak.
Euren sufrimendua «isildua, estigmatizatua eta ahanzturara kondenatua» izan dela diote. «Kuarteletan eta komisarietan gertatutakoaren ebidentzia argia izanik ere, erakundeetako zenbait arduradunek, hainbat alderdi politikok eta hedabide zehatz batzuek beste alde batera begiratu dute». Bosqueren irudiko, isiltasun hori «susmo» bihurtu da askotan: «Gu kriminalizatzeko eta zigor bikoitza ezartzeko arrazoia ere izan da». Are: Nafarroan torturaren praktika «sistematikoa eta jarraitua» izan dela salatu dute, «eta ez soilik frankismo garaian».
Torturatuen errolda, martxan
Hori guztia salatzeko eta gizarteratzeko xedez sortu dute Nafarroako Torturatuen Sarea. Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte: «Nafarroan torturatuen bozgorailu izatea, Estatuko segurtasun indarrek Nafarroan eragindako torturen eta tratu txarren kopuruari buruzko errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena egitea, eta pertsona horien guztien aitortzaren eta ordainaren alde lan egitea».
Plangintza horri segika, Nafarroako Torturatuen Sarea hasia da torturak eta tratu txarrak pairatu dutenen errolda osatzeko lanetan: formulario bat prestatu dute, biktimek izena eman eta beren kasua azal dezaten. «Errespetuz eta ardurarik sakonenaz, badakigulako zer mingarria den hau egitea, baina guztiontzat berebiziko garrantzia duela uste dugu». Hil honetan eta hurrengoan, egitasmoaren berri emanen dute Nafarroako zenbait herritan, eta agerraldi horietan zerrenda osatzen hastea espero dute sustatzaileek. «Auzolan erraldoia egin nahi dugu, gure sarea zabaldu eta Nafarroan torturatuen errolda ahalik eta zehatzena osatu ahal izateko».
Gaur hasita, testigantzak bilduko dituzte honako tokietan: Iruñeko Zabaldi elkartean (abenduaren 15ean, 22an eta 29an eta urtarrilaren 12an, 19an eta 26an, 18:00etatik aurrera); Altsasuko Kukuerreka elkartean (abenduaren 16an eta 30ean, eta urtarrilaren 13an eta 27an, 19:30etik aurrera); Etxarri-Aranazko kultur etxean (abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 19:30etik aurrera); Leitzako Torrea tabernan (abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik aurrera); eta Barañaingo Akelamendi elkartean (abenduaren 16an, 23an eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik aurrera).