Estrasburgok Iñigo Gonzalezen kasuan emaniko ebazpenaren ostean, agerraldi bat egin dute Ekineko kide izateagatik auzipetutako lagunek, Iruñean. Espainiako Gobernuak torturak aitortu behar dituela azpimarratu dute, eta Nafarroako Gobernuari eskatu halako kasuak ikertzeko.
«Gaur, gure auzian hirugarren aldiz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako erreinua kondenatu du nik ezarritako tortura salaketa ez ikertzeagatik», adierazi du Gonzalezek berak. Izan ere, aurrez, auzi berean epaitutako Jon Patxi Arratibelen eta Xabier Beortegiren tortura salaketen kasuetan ere berdin jokatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.
Gonzalezek gogoratu du auzi hartako epaile instruktorea Fernando Grande Marlaskaizan zela, egungo Espainiako Barne Ministroa: «Bera zen gure segurtasun fisikoa eta psikologikoa bermatzeko ardura nagusia zuena, eta nahiko agerikoa da ez zuela egin». Hala, nabarmendu du Estrasburgok torturak ez ikertzeagatik Espainiari ezarritako zigorretan Marlaska ageri den seigarren aldia dela.
Hori kontuan izanik, epaile ohiak «marka guztiak» hautsi dituela uste du Gonzalezek. Gaineratu du, horregatik haren aurkako ikerketa bat abiatu ordez, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseilura «promozionatu» dutela. Horregatik guztiagatik, eskaera bat egin du: «Espainiako Gobernuak Euskal Herrian independentismoaren aurka tortura erabili izana aitortu behar du».
Agerraldian, beste eskaera bat ere egin dute. Eusko Jaurlaritzak egin bezala, Nafarroako Gobernuak ere «herrialde honetan Espainiako segurtasun indarren eskuetan tortura jasan ahal izan duten herritarren kopurua ikertu dezala». Hala, torturatuak izan direnek «errekonozimendua eta erreparazioa» jaso behar dituztela azpimarratu du Gonzalezek; «hala nola horrelakorik inoiz gehiago ez errepikatzeko bermeak».
Gaurkoa «albiste pozgarritzat» jo du Gonzalezek, baina «amorrua» ere sentitzen duela azaldu du, «bizi izandako guztiagatik eta torturaren gaia ez delako erakundeek aintzat hartua». Gainera, datozen egunetan urratsak egingo dituztela gaineratu du, epaia «sakon» aztertu ostean.