PSOEren gobernuak ere ez du espetxe politika aldatu, eta, beraz, Jon Enparantzaren urruntzea jokabide horren barruan sartu behar da. Baina kasua bada, gutxienik, adierazgarria: Enparantza irailaren 30ean sartu zen Zaballako (Gasteiz) kartzelan —11/13 auziko epaiko zigorra betetzeko—; datorren martxoaren 1erako du irteera eguna ezarria, baina Espainiako Espetxeetako Erakundeak joan den ostiralean Zaballatik atera zuen, beste zentro batera eramateko, haren familiari deus esan gabe, presoari etxera telefono deirik egiten uzteke, eta jendaurrean esan gabe nora zeramaten. Atzo arratsaldean bukatu zen Enparantzaren lekualdatzea, Estremerako (Madril) espetxera iritsita. Handik deitu zion familiari. Zaballatik atera zutenetik, Burgosen, Valladoliden, Topasen (Salamanca), Palentzian eta Valdemoron (Madril) izan dute. «Bahiketa» salatu du familiak.
Haren kasua eta urruntze politika gaitzesteko, elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean, Donostian, Antigua auzoan, Sare plataformak deituta. Urruntzearen bidez, Madrilek «salbuespen politikari» eustea deitoratu zuen Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak. «Tortura hutsa» izan dela salatu du sendiak.
Enparantzaren etxekoek ostiralean modu ez-ofizialean jakin zuten Zaballatik atera zutela. Sendiak eta Alfonso Zenon abokatuak Zaballara hots egin zuten, baina ez zieten informaziorik eman. Gero ere ez zien eman Madrilek. «Bahituta izan dute Jon, eta inkomunikatuta», adierazi du haren bikotekide Maider Alustizak. «Nahiz eta Jonek lehen ere antzeko egoerak bizi izan dituen, oso gogorra egin zaigu. Hau tortura hutsa da harentzat eta senideontzat».
Espetxeetako Erakundeetako iturri batek igandean BERRIAri esan zion Enparantzaren lekualdatzea «arrunta» zela, ez «zuzena» —egun batekoa—, eta, ondorioz, bost egunekoa izan zitekeela. Halakoetan, «segurtasun arrazoiengatik», ez dute jakinarazten presoa unean-unean non daukaten, ezta nora daramaten ere. Bidaian Guardia Zibilaren eskuetan izaten da. Aldiz, Zaballan jarraitzen du 11/13 auziko beste espetxeratuak: Arantza Zuluetak. Abokatuak dira biak.
Bisitak, urrutirago
Madrilen jokabidea salatu du Alustizak. «Sistematikoki ezartzen du politika hau, eta mendekua etengabekoa da. Gatazkako egoera zentzu batean aldatu da, baina euskal presoen eta haien senideonak aldatu gabe segitzen du». Adibide gisa jarri du Enparantzaren ama (80 urtekoa) lehengo larunbatean zela hari lehen bisita egitekoa, Zaballan. «Bisita galdu zuen». Presoaren bi umek, berriz, azaroaren 2rako zuten lehen hitzordua Gasteizko espetxean—beste hiru umek hil honetan egin diote bisita han—. «Orain Jon bisitatu ahal izateko kilometro gehiago egin beharko ditugu, horrek dakartzan arriskuarekin, denborarekin, gastuarekin...».
Sareko eledun Oiartzabalek dio «mendekua» eta familiaren aurkako «zigor bat» dela gertatutakoa. «Haien sufrimendua handitu du. Bakean eta elkarbizitzan bizi nahi duen jendarte bati ez dio mesederik egiten». Ezinbestekotzat jo du presoen auziari «aterabidea» ematea.
Irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko 47 lagunen aurkako epaiketa, Madrilen, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta Enparantza soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; Enparantzari, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behinean.
«Tortura hutsa da hau»
Jon Enparantzaren kasua eta urruntzea gaitzesteko bilkura bat egin dute Donostian. Atzo heldu zen Estremerara, ostiralean Zaballatik atera ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu