Elkar besarkatuta bukatu dute agerraldia Puri Galartzak eta Joxe Aldasorok, hunkituta. Kosta egiten zaie jendaurrean beren atxiloaldiaz eta Guardia Zibilaren eskuetan bizitakoaz hitz egitea. 1979ko apirilean atxilotu zuten Galartza. Aldasoro, hiru hamarkada geroago, 2010ean. Garai eta inguruabar soziopolitiko zeharo desberdinetan atxiki zituzten, eta, hala ere, hari batek lotzen ditu biak ala biak, Euskal Herriko beste milaka lagunen bizitza zeharkatu duen hari berak: torturak. Horietako askoren testigantzak jaso dituzte Arg(h)itzen dokumentalean.
Zehazki, Sakanako torturatuen testigantzek ardazten dute filma, eta ibarreko hirurehun bat herritarrek eta hamahiru udalek finantzatu dute, «auzolan erraldoi baten» gisara. Hilaren 26an estreinatuko dute, Altsasuko Iortia kulturgunean (Nafarroa), eta hortxe egin dute aurkezpena ere, gaur goizean. Dokumentala ondu duen lantaldearen izenean mintzatu dira Unai Razkin eta Manu Gomez. Uste dute tortura kasuei buruz hitz egitea eta egia azaleratzea «ekimen konprometitu eta ausarta» dela, «desafio» egiten zaiolako praktika horietaz baliatzen den estatuari: «Kontatzea lehen urratsa da tortura behingoz eta betirako bukatzeko, tortura garaitzeko», esan du Gomezek.
«Guk torturaren kontakizunetako bat egin dugu. Jakitun gara sufrimendu gehiago ere badirela, eta gatazka honetan sufritu duten guztiekiko enpatia ariketa bat izan nahi du gure ekarpenak».
MANU GOMEZ'Arg(h)itzen' dokumentalaren egileetako bat
Torturatuak izandako 30 sakandarren lekukotzak bildu dituzte dokumentalean, Razkinen esanetan, «tortura zer den azaltzeko, eta, bereziki, torturaren zulotik nola ateratzen ahal den jakiteko». Biktimen ahotsaz gain, ordea, hainbat adituren ekarpena ere jaso dute Arg(h)itzen dokumentalaren egileek: «Zuzenbidearen, kazetaritzaren, historia garaikidearen, psikologiaren eta kriminologiaren esparruetan Euskal Herrian ditugun maila goreneko adituengana jo dugu». Horietako batzuk dira Serge Portelli magistratua, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi kazetari eta BERRIAko zuzendari ohia, Ainara Iraizotz eta Amaia Andrieu psikologoak, Laura Pego kriminologoa eta Iñaki Egaña historialaria.
Gomezek aurkezpenean azaldu duenez, «kontakizunen garaia» bizi du Euskal Herriak, eta dokumentalaren egileek ezinbestekotzat jo dute ikuspegi poliedriko hori islatzea: «Guk torturaren kontakizuna egin dugu, gure herrian sufrimendu asko eragin duen errealitate baten kontakizunetako bat. Jakitun gara sufrimendu gehiago ere badirela, gatazka politikoan iturria dutenak. Gatazka honetan sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiekiko enpatia ariketa bat ere izan nahi du gure ekarpen xume honek». Hain justu, tortura itzaletik argitara ateratzea «erantzukizun handiko ariketa» dela uste du Razkinek, «oinarria jartzen baitu tortura posible egiten duen sistema osoa eraitsi ahal izateko».
«Biktima gisa agertzen gara, baina gure herriaren bizitza kolektiboan parte hartzen dugun subjektu aktiboak ere bagara. Torturak ez du eten gure herriarekin dugun konpromisoa». JOXE ALDASOROTorturatua
«Gure ardura kontatzea da»
Biktimen izenean hitz egin du Joxe Aldasoro etxarriarrak. Aitortu du dokumentalean testigantza ematea ez zela «erabaki erraza» izan: «Zauria berriz irekitzea zen, eta jendaurrean erakustea». Hala ere, parte hartzea erabaki zuen, hark bizitakoaren lekukotza utzi nahi zuelako. «Torturatuak izan garenok agertzen gara biktima gisa, bai, baina baita gure herriaren bizitza kolektiboan parte hartzen dugun subjektu aktibo gisa ere. Torturak ez du eten gure herriarekin dugun konpromisoa, eta ulertzen dugu orain gure ardura dela guk bizitakoa kontatzea. Hori da gure ekarpena».
«16/2019 Foru Legea ez da guk nahi genukeena, baina uste dugu ate batzuk ireki ditzakeela aitortzaren, erreparazioaren eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermearen bidean». AINARA GOROSTIAGANafarroako Torturatuen Sareko kidea
Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean, Arg(h)itzen dokumentalaren egileei eskerrak eman dizkie Ainara Gorostiagak. Dei egin die, halaber, «arrazoi politikoengatik eskubideen urraketa pairatu duten guztiei», lekukotza eman dezaten 16/2019 Foru Legeak zabaldutako prozeduraren barruan: «Lege hau ez da guk nahi genukeena, baina uste dugu ate batzuk ireki ditzakeela aitortzaren, erreparazioaren eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermearen bidean».