Torturaren aurkako jardunaldiak martxan dira Bartzelonan, Euskal Herritik iritsitako ordezkaritza zabala ere tartean dela. Jardunaldiek xede dute «tortura errepresio moduan darabilten praktika polizialak» salatzea. Horregatik, iragan hurbilari erreparatu diote, baina baita orainari ere: «Tortura ez da iraganeko afera bat. Egungo salaketek, polizia indarren rolak eta biktimekiko justiziarik ezak frogatzen dute inpunitateak hor dirauela».
Jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, torturen inguruko eztabaida ireki nahi dute jardunaldien bitartez, aferaren inguruko kontzientzia sortu, eta «egia, justizia eta erreparazioa erreklamatu». Hala, tortura kasuei buruzko ikus-entzunezkoak, biktimen testigantzak eta ikerketak dituzte oinarri nagusia.
Gaur arratsaldean, Kataluniako hiriburuko Euskal Etxean bilduko dira. Lehenik, Bi arnasdokumentala aurkeztuko dute: Iratxe Sorzabalen kasua du oinarri. Hain zuzen, jasan zituen torturen berri eman du azken asteetan Sorzabalek berak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Dokumentalaren proiekzioa amaituta, Nafarroako Torturatuen Sareko Marilo Gorostiagak eta Metxe Gonzalezek hartuko dute hitza. Izan ere, Kriminologiaren Euskal Institutuak torturen inguruan egindako ikerketak dira jardunaldietan lantzen ari diren elementuetako bat. Lan sorta horretan, Euskal Herrian 1960tik hasi eta egungoaren aurreko hamarkadara arte izan diren 5.000 tortura kasu baino gehiago jaso dituzte.
Bihar, berriz, jardunaldiak amaitzeko, mahai ingurua egingo dute Can Robacols plazan. Gorostiagak eta Gonzalezek soilik ez, Jordi Vilasecak, Ester Rocabayerak, Teresa Masek, David Fernandezek eta Irene Urangok ere hartuko dute hitza. Vilaseca Joves de Tora deituriko auziaren barruan atxilotu zuten, eta salatu zuen mossoek eta Espainiako poliziek torturatu egin zutela. Masek eta Rocabayerak, berriz, Kataluniako ezker independentistaren kontrako Garzon operazioa izango dute hizpide. 1992an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, dozenaka lagun atxilotu zituzten, eta horietako zenbaitek torturak salatu zituzten.
Fernandez, berriz, kazetaria eta ekintzailea da, aski ezaguna Euskal Herrian ere. Eta Irene Urango, bestalde, Iridia elkarteko kidea. Zehazki, Iridiak babes helegite bat aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, polizia infiltrazioen kontra. Era berean, Urango bera Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean izan zen iaz, Espainiako Estatuko Polizien gardentasun eta kontu-emate mekanismoak hobetzeko eta modernizatzeko ekintza plana aurkezten. Dokumentua Iridiak eta Novact institutuak ondu dute, zenbait aditurekin elkarlanean.
Atzo, berriz, Arg(h)itzen dokumentala eman zuten L’Anonima zentroan; lan horrek Sakanako (Nafarroa) zenbait torturaturen testigantzak jasotzen ditu. Hura proiektatu ostean, solasaldi bat izan zuten Euskaldunen Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohi Martxelo Otamendik eta Etxarri Aranazko (Nafarroa) alkate ohi Fernando Floresek. Biak ere torturatuak izan ziren.