Tortura amaitzeko eskatu dute elkarretaratzeetan

Ehunka lagun bildu dira Espainiako Gobernuak Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean dituen ordezkaritzen aurrean

Torturaren aurka Gasteizen atzo eginiko bilkura. JUANAN RUIZ/ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Tortura amaitzeko eskatu zuten atzo ehunka lagunek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. EA, ezker abertzalea, Alternatiba, LAB, ESK, EHNE, Hiru, Eilas, Amnistiaren aldeko Mugimendua eta Torturaren Aurkako Taldeak deituta,elkarretaratzeak egin zituzten iluntzean Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkaritzen aurrean.Guardia Zibilak egindako azken polizia operazioan izandako tortura salaketen harira burutu zituzten protestak.

Atxiloketa gehiago ez! Torturarekin amaitu! lelopean egin zituzten bilkurak. Gasteizen, esaterako, dozenaka lagun batu ziren lelo hori zuen pankartaren atzean. Besteren artean, Aitor Bezares ezker abertzaleko ordezkariak parte hartu zuen. Ordu erdi iraun zuen bilkura isilak. Elkarretaratzeetan gogoratu zuten iaz64 euskal herritarrek salatu zituztela torturak, eta Espainiako Gobernuari «irmo» eskatu zioten errepresio politikak alboratzeko.

Azken tortura salaketen aurrean euskal eragileek abiatutako protesta dinamikaren baitan egin zituzten atzo elkarretaratzeak. Kaleko protestaz gain, alderdi, sindikatu eta elkarteek erakundeetarajoko dute torturak bukatzeko neurriak har ditzaten eskatzeko. Dagoeneko torturaren aurkako mozioak aurkezten hasi dira udaletxe guztietan, Batzar Nagusietan, eta baita Eusko Legebiltzarrean ere.

Gainera pasa den astean iragarri zutenez, testigantzen berrieman eta beharrezko diren neurriak eta ardurak exijitzeko harremanak abiatuko dituzte nazioartean, eta Nazioarteko Harremanetarako Taldeari ere emango diote tortura salaketen berri. Halaber, Espainiako Herri Defendatzailearekin bilkura eskatuko dutela eta torturaren auzia Europako Parlamentura eramaten saiatuko direla jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.