«Tortura aitortzeko garaia da»

Nafarroan mila lagun torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean. Ikerketa ofizial bat egiteko galdegin diote erakundeei

Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Berriz ere tortura hitza pankarta batean. Berriz ere kalera atera beharra. Isiltasuna gainditzeko beste ahalegin bat, eta bi eskari nagusi pankartan alderik alde: Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu. Grabaketa zahar batek mahai gainean paratu du oraindik argitu eta garbitu gabeko auzia. Horregatik, atzo, Iruñean, lagun anitz atera zen kalera torturak salatu eta torturak jasan dituzten pertsonentzako aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea exijitzera.

«Bada garaia egindakoa aitortzeko». Ainara Gorostiaga eta Iñigo Gonzalez argi mintzatu ziren manifestazio bukaeran, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. «Tortura jasan dugunok aitortza behar dugu. Instituzioei dagokie gertatutakoa onartzea», esan zuen Gorostiagak. Beste bi eskari gehitu zituzten: torturaren inguruko erantzukizun guziak onartzea eta torturaren biktimek ordaina jaso dezatela. Horrekin batera, tortura gehiagorik ez dela izanen berma dezatela eskatu zieten erakundeei.

Horretarako, Nafarroan «ikerketa ofizial» bat egiteko beharra azpimarratu zuen Gorostiagak, Poliziak zenbat lagun torturatu dituen argitzeko eta «eskubide urraketa larri horrek» herrialdean izan dituen ondorioen «argazki osoa» izateko. «Ahaleginak eta bi egin behar ditugu erakundeek behin betiko aitor dezaten hainbeste sufrimendu eragiten jarraitzen duen errealitate hori», gehitu zuen Gonzalezek.

Tortura ez da salbuespen izan atzoko manifestazioko antolatzaileen arabera. Ahoan bilorik gabe mintzatu ziren bozeramaileak: «Argi eta ozen esan nahi dugu: tortura hamarkada luzeetan [Espainiako] estatuko erakundeek onartu eta legitimatutako praktika izan da. Sistematikoa. Eta zenbait alderdi politikok, epailek, auzitegiko medikuk eta komunikabidek ere parte hartu dute hori babesten». Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera mila nafar baino gehiago torturatu dituzte.

Atzo Mikel Zabalza izan zuten gogoan, duela 35 urte Guardia Zibilaren eskuetan hildako nafarra.Bi aste dira Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu zuela Público-k. Bere garaian epaileek froga hori aintzat ez hartzea «ulertezina» dela salatu zuten atzo Iruñean. Zabalzaren senideek manifestazioan parte hartu zuten, eta eskatu auzi hura argitzeko.

«Kriminologiaren Euskal Institutuak edo Euskal Memoria fundazioaren datu basean egindako azterketen arabera, Mikel ez zen bakarra izan, ezta tortura larriak jasan zituen azkena ere», gogorarazi zuen Gonzalezek. Zabalzak bezala torturak jasan zituzten gainerako lagunentzako mezua ere eman zuen Gorostiagak: «Bizi izan zenuten amets gaiztoa ezagutzen dugu, eta badakigu gaur egun zauria itxi gabe dagoela, baina ez zaudete bakarrik. Ez gaude bakarrik».

Kilometro bat lagun

Babes handia izan zuen atzoko manifestazioak. Antolatzaileen arabera 2.300 lagunek parte hartu zuten protestan; 2.000 Espainiako ordezkaritzaren esanetan. Hiru ilaratan banaturik zeharkatu zituzten Zabalguneko karrikak. Geltokitik ateratzekoak baziren ere, metro batzuk harago hasi zen manifestazioa, Baluarte plazan, Espainiako ordezkaritzak ibilbidea aldatzera behartu baitzituen antolatzaileak. Ez zen oztopo bakarra izan: Iruñeko Udalak ez zien Sarasate pasealekuan bozgorailuak eta oholtza paratzeko baimenik eman, haien esanetan baimenak denbora gutxirekin eskatu zituztelako. Hala ere, oholtza eta bozgorailuak muntatu zituzten.

Manifestariek osasun neurriak bete zituzten, eta ibilbidearen zatirik handiena isilik egin zuten. Bukaeran hasi ziren oihuak. «Torturarik ez!», «Mikel, gogoan zaitugu!» eta «Herriak ez du barkatuko». El Corte Ingles saltokiaren inguruan Espainiako poliziak ziren istiluetarako jantzi eta tresnekin, eta orduan poliziari aritu zitzaizkion oihuka: «Alde hemendik, utzi bakean!». Poliziak torturatu eta hiltzen duela ere leporatu zieten manifestarien ahoetatik botatako leloek.

Protestaren burua Nafarroako Gorteen kaletik Baluarte plazara iristen ari zela, azkenengoak Oliveto Kondearen karrikan ziren. Kilometro bateko luzera izan zuen , beraz. Eragile askoren babesa izan zuen: EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiena, eta ELA eta LAB sindikatuena, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.